EH Bilduk inoizko boto gehien jaso du, nahiz eta ez duen lortu irabaztea

Koalizio abertzaleak emaitza historikoak izan ditu: sei ordezkari eta ia 100.000 boto irabazi ditu. EH Bilduk 27 eserleku izango ditu, eta lehen indarra izan da Araban eta Gipuzkoan.

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia emaitzak baloratzen, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia emaitzak baloratzen, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko apirilaren 22a
00:21
Entzun

Aldaketa da orain. Lelo hori erabili du EH Bilduk kanpaina osoan, eta, aldaketak egon badira ere, ez dira nahikoa izan lehen postua eskuratzeko. Halere, sendotuta atera da EH Bildu hauteskundeetatik, oso indartuta. Emaitza historikoak izan ditu: inoizko boto kopururik handiena jaso du koalizio abertzaleak: 341.735 herritarrek eman diote botoa. Eta horrek isla izan du eserleku kopuruan: koalizio abertzaleak 27 ordezkari izango ditu Eusko Legebiltzarrean. Garaile izan da Gipuzkoan eta Araban, eta bigarren gelditu da Bizkaian. Ordezkari kopuruan berdindu egin du lehen indarrarekin, EAJrekin. 

EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortu ditu, beraz. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako bozekin alderatuta, gora egin du nabarmen. Eserlekuetan: 27 izan dira EH Bildurentzat, orain lau urte baino sei gehiago. Botoetan, duela lau urte baino 92.000 gehiago jaso ditu, eta ehunekoetan ere gora egin du: bost puntu. Botoen %32,5 izan dira EH Bildurentzat. Neurria hartzeko: iazko foru hauteskundeetan izan zituen orain arteko emaitzarik onenak, 344.000 boto eskuratu baitzituen Hego Euskal Herri osoan; atzo, 341.735, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soilik bozkatuta.

Urteetan atzera eginda ere, badago arrazoirik EH Bildurenak emaitza historikoak izan direla esateko. Koalizio abertzaleak inoiz ez ditu atzo bezainbeste boto eskuratu. Ilegalizazio garaiaren ostean 2011n Bildu lehen aldiz aurkeztu zenean ere ez: orduan, Bilduren eta Aralarren botoak gehituta, 310.515 lagunen babesa izan zuten. Gaur egun EH Bilduk hartzen duen esparru politikoari begiratuta ere, 1986ko Herri Batasunaren eta Eusko Alkartasunaren botoak batuta 381.000 izan ziren guztira.

Lehia estua iragartzen zuten inkestek, eta halakoa izan da. Lehen kontaketek berdinketa teknikoa iragarri dute EAJren eta EH Bilduren artean. Azkenean, Gipuzkoan egon da zalantza gehien, eserleku bat dantzan ibili baita PSE-EEren eta EH Bilduren artean. Lehenengoarentzat izan da azkenean. Emaitzak lurraldez lurralde aztertuta, bi lurraldetan garaile izan da EH Bildu: Araban eta Gipuzkoan. Eta gora egin du hiru lurraldeetan: Gipuzkoan 11 ordezkari lortu ditu (+2); Bizkaian, zortzi (+2); eta Araban, beste zortzi (+2). Halere, emaitzak ez dira behin betikoak, atzerriko botoak ez baitituzte kontatuko ostiralera arte. 

Ospakizuna nagusi

Emaitzak jakin berritan, irribarreak eta festa giroa izan dira nagusi EH Bilduk Bilbon egin duen agerraldian. Pello Otxandiano lehendakarigaia pozik agertu da, eta izan dituzten emaitza «itzelak» goraipatu ditu: «Emaitza hauek ezkerreko subiranismoak bere historian atera dituen emaitzarik onenak dira». Emaitzak ospatu bai, baina biharrari begira ere jarri da Otxandiano. Haren hitzetan, emaitza horiek agerian utzi dute badagoela «herri mandatu bat», eta, horren arabera, beharrezkoa da jauzi bat egitea burujabetzan, eta politika publiko «berdinzaleagoak» egin behar dira.  Ziurtatu du EH Bildu horren bermea izango dela. «Gaur aldaketa martxan dago, eta geldiezina da».

LEGEBILTZARKIDEAK

  • Araba. Pello Otxandiano, Eba Blanco, Mikel Otero, Itxaso Etxebarria, Gorka Ortiz de Guinea, Lamia Arcas, Ibon San Saturnino eta Amancay Amets Villalva.
  • Bizkaia. Ima Garrastatxu, Oihana Etxebarrieta, Julen Arzuaga, Igor Zulaika, Diana Urrea, Ikoitz Arrese, Naiara Fernandez eta Edurne Benito del Valle.
  • Gipuzkoa. Nerea Kortajarena, Arkaitz Rodriguez, Itziar Murua, Ander Goikoetxea, Lore Martinez, Josu Aztiria, Rebeka Ubera, Ayem Oskoz, Garikoitz Mujika, Eraitz Saez de Egilaz eta Xabier Luque.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.