EH Bilduren babesari esker aurrekontuak onartuta, Gasteizko Udal Gobernuak «urteko lehen helburua» bete du

Gasteizko udalbatzak 475 milioi euroko aurrekontua onartu du 2025. urterako. PSE-EEren eta EAJren udal gobernuak EH Bilduren babesa izan du proposamena aurrera ateratzeko. Akordioa txarra da, oposizioaren ustez, baina ona gainerakoen hitzetan.

Gasteizko udalbatza, Maider Etxebarria alkatea erdian dela, gaur goizean egindako ezohiko osoko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko udalbatza, Maider Etxebarria alkatea erdian dela, gaur goizean egindako ezohiko osoko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko urtarrilaren 24a
18:16
Entzun

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak urteko lehen zeregina osatu du: 2025. urterako aurrekontuak izatea. «Urteko lehen helburua, beteta. Hau da politika eraginkorraren froga: zarata gorabehera, akordioak», hitz horiek esanez bukatu du gaurko ezohiko batzarra. Zoriondu egin ditu PSE-EEko alderdikideak, EAJ gobernuko bazkidea eta EH Bildu. Subiranisten aldeko botoei esker egin du aurrera proposamenak.

475 milioi euroko aurrekontua izango du Gasteizko Udalak. Inoiz baino handiagoa. Besteak beste, 43 milioi euro erabiliko dira kaleak garbitzeko, hogei milioi euro Etxeko Laguntza Zerbitzua indartzeko, eta hamar milioi euro Gizarte Larrialdiko Laguntzak emateko. Zazpi milioi euro erabiliko dira enplegua sustatzeko, eta beste bost milioi enpresei, merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko.

Juan Ignacio Armentia sozialisten bozeramaileak aurrekontuak goraipatu ditu. «Zorroztasunez» diseinatu direla esan du, eta gizarte, ekonomia eta ingurumen alorretan ekiteko balioko dutela. Sarreren eta irteeren arteko balantzea orekatua dela gaineratu du.

Rocio Vitero EH Bilduren bozeramailearen ustez, ez dira aurrekonturik onenak, baina baliagarriak izango dira gasteiztarren bizitza hobetzeko eta hiriak dituen erronkei aurre egiteko. «Lortu dugun akordioa ona da», aitortu du. «Herritarren beharrei erantzuten die. Hau da politika, eta ez diskurtso hutsalak».

Alderdi Popularraren iritziz, baina, akordioa «kosmetikoa» da, eta ez du balioko Gasteizen beharrei aurre egiteko. Ausardia falta leporatu dio Iñaki Garcia bozeramaileak Etxebarriari, EH Bilduren alde egin duelako, PPren «proposamen berritzailearen» kaltetan. «Bildu da zuen bazkide gustukoena. Hauteskunde kanpainan eurengandik aldendu nahi izan zenuten, baina denborak erakutsi du berdinak zaretela».

Elkarrekin taldearen aburuz ere «adabakiak» besterik ez dira onartutako aurrekontuak. «Gaur, Gasteizek galdu du». Garbiñe Ruiz Elkarrekin-en eledunaren arabera, gainera, EH Bilduk merke saldu du bere babesa. Iritzi du ez dagoela alderik udal gobernuak abenduan aurkeztutako proposamenaren eta EH Bildurekin adostutako aurrekontuen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.