EH Bilduren abstentzioa tarteko, baliteke Eudelek aurrekontuak onartu gabe ekitea urteari

Urteko lehen batzar orokorra egingo dute Bilbon, eta EH Bilduk iragarri du abstenitu egingo dela aurrekontuen inguruko bozketan.

Esther Apraiz, irailean Eudeleko presidente izendatu zutenean, irailean. JAVI COLMENERO / EFE
Esther Apraiz, Eudeleko presidente izendatu zutenean, irailean. JAVI COLMENERO / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 22a
14:00
Entzun

Eudel Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkarteak bihar egingo du urteko lehen batzar orokorra, Bilboko Euskalduna jauregian. Batzarraren xedeetako bat izango da elkartearen aurtengo aurrekontuak onartzea, baina baliteke halakorik ez gertatzea, EH Bilduk iragarri baitu abstenitu egingo dela bozketan.

Eudelek azaldu duenez, elkartearen ardatzei eta jarduera ildoei erreparatuko diete bilkuran, eta horien inguruan arituko da Eudeleko presidente eta Derioko (Bizkaia) alkate Esther Apraiz. Halere, horren aurretik, elkarteak 2024rako aurrekontuak izango ditu hizpide, eta ez dago argi horiek onartzea lortuko ote duten. 

Izan ere, estatutuetako 15. artikuluaren arabera, horiek onartzeko batzarkideen botoen hiru bosten behar dira, eta EH Bilduk jakinarazi du ez duela aldeko botorik emango, «EAJk eta PSEk elkarlanari muzin egiten diotelako, eta elkarrizketari bidea ere ematen ez diotelako». Are gehiago, adierazi du elkartearen gobernantza eredua aldatu behar dela, maiatzeko udal hauteskundeek «ziklo politikoa aldatzea» eragin zutelako, baita Eudelen ere. 

Izan ere, EH Bilduk txarretsi du Eudelek ez dituela kontuan hartzen EAJk edo Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek egiten ez dituzten eskaerak, eta hori aldatzeko exijitu du, «botere oreka» aldatu egin delako. Hala, Eudeleko presidenteorde eta Azpeitiko (Gipuzkoa) alkate Nagore Alkortak adierazi du «egiteko moduak» eraberritu behar direla: «Nagusikeria alde batera utzi, eta elkarlanari bidea eman behar zaio».

Hala, zenbait eskaera egin ditu koalizio subiranistak. «Elkarlanari bide ematea», eta horretarako datorren urteko aurrekontuak eta ekintza plana «batera lantzeko konpromisoa» hartzea, eta «lan egiteko dinamikak» aldatzea, «sentsibilitate politiko guztiak aintzat hartuta». Era berean, elkarteak kanpo kontratazio gehiago ez egitea, lanpostu zerrenda bat osatzea eta kontratazioak administrazio publikoen irizpideen bitartez egitea eskatu dute. Eudelen txostenak euskaraz bidaltzeko konpromisoa ere exijitu dute.  

Alkortaren esanetan, auzi horiek mahaigaineratu zituzten urtarrilean egindako bilkuretan, baina ez zuten erantzunik jaso: «Proposatu ditugun eskaeren gaineko elkarrizketa eskatu diogu EH Bildutik EAJri, baina muzin egin diote hitz egiteari eta elkarlanari». Horiek hala, EH Bildurekin azken orduko akordiorik lortu ezean, EAJk eta PSE-EEk plataforma independente gehienetako kideen aldeko botoak beharko lituzkete aurrekontuak aurrera ateratzeko. 

Legealdi berria

Behin udal hauteskundeak igaro eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal gobernuak osatuta, irailean iritsi zen Eudelen zuzendaritza osatzeko akordioa. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta udal plataforma independenteetako ordezkariek adostu zuten zerrenda bakarra aurkeztea horretarako: Apraiz (EAJ) izendatu zuten presidente, eta Alkorta (EH Bildu) eta Jose Antonio Santano Irungo alkate ohia (PSE-EE) presidenteorde. Batzorde exekutiboan, berriz, seina kide dituzte EAJk eta EH Bilduk, bi PSE-EEk eta bat Zalla Bai plataformak. 

Aurrez, baina, jarrera ezberdinak izan ziren ea nork hartu Eudeleko presidentetza. Izan ere, EH Bildu izan zen maiatzeko bozetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zinegotzi gehien (1.050) eskuratu zuen indarra; eta ekainean, alkatetza gehien (107) bereganatu zuena. Hiri handietan, baina, bestelakoa izan zen egoera, eta EAJ izan zen emaitzarik onenak lortu zituena, eta Eudelen barne funtzionamenduan udalek biztanle kopuruaren araberako pisua dute erabakiak hartzeko orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.