EH Bilduko zuzendaritzak nazio auzian aurrera egiteko prozesu «gradual» bat defendatu du txosten politikoan

Mahai Politikoaren aburuz, eredu autonomikoak «porrot» egin du, eta nazio aitortza jo du burujabetzarako bideari ekiteko lehen mugarritzat. EH Bilduren «nortasun propioa» indartzen jarraitu nahi du koalizioak.

Otegi, gaur goizeko agerraldian. JON URBE / FOKU
Otegi, gaur goizeko agerraldian. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko urriaren 18a
13:40
Entzun

EH Bilduk irailaren 21ean eman zion hasiera koalizioaren III. Kongresuari, Konferentzia Politikoarekin, eta gaur prozesu horretan beste urrats bat egin du: Mahai Politikoak militantziaren esku utzi du txosten politikoa, eztabaidari ekiteko. Hark nazio auziari erantzuteko prozesu «gradual» bat defendatu du, bideari ekiteko oinarri gisa jota nazio aitortza. «Euskal Herria nazio bat da, eta errespetatu behar da nazio gisa. Eta hortik bidea egin», adierazi du Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, aurkezpen ekitaldian.

Txostenean egindako diagnostikoaren arabera, ez da lortu Hego Euskal Herrian «lorpen politiko eta instituzional estrukturalik» burujabetzaren arloan, eta hori irauli ezean «nazio proiektua eta herri identitatea zaurgarri» dira aurrez aurre dauden erronkei erantzuterakoan. Hori iraultzeko, EH Bilduk adierazi du «hirugarren nazio eraldaketa» martxan jarri behar dela, ziklo berri baterako «susperraldia» izan dadin.

Hain zuzen, EH Bilduk proposamenaren oinarrian ezarritako bi «konstatazioetako» bat da 1978tik Espainiako Estatuan martxan den «eredu autonomikoaren porrota». «Ez du irismen estrategikorik. Gure ustez, Euskal Herriak urrats esanguratsu bat egin behar du bere ibilbide nazionalean eta askatasunerako ibilbidean», azaldu du Otegik. Izan ere, testuan argudiatu dute azken hamarkadetan «zentralismorako urrats handiak» egin direla, eta eskumen asko «edukiz hustu», horri «neurriko erantzunik» eman gabe.

Alde horretatik, koalizioak helburu gisa ezarri du «botere politiko gehiago» izatea eta «nazio bezala errespetatua izatea». Azken xede gisa Euskal Errepublika konfederala ezartzen bada ere, hartara iristeko prozesu «gradual» bat proposatu dute txostenean, oinarri hartuta Euskal Herriaren banaketa administratiboarekiko «errespetua», prozesuaren «izaera demokratikoa» eta estatuarekin «herri bezala» negoziatzea. «Garaipen eta lorpen partzialak beharko ditugu», dio testuak.

Horiek zehaztuta, Otegik azaldu du EH Bilduk nazio auzia bideratzeko «herri akordio ahalik eta zabalenak» behar direla. Izan ere, eztabaida horretan «talka» saihesteko asmoa azaldu dute koaliziokoek. Era berean, baina, koordinatzaile nagusiak zehaztu du aliantza hartan egon behar duten indarrek Euskal Herria nazio gisa onartu behar dutela, eta dagozkion eskubide nazionalak errespetatu; koalizioak funtsezkotzat jotzen ditu «nazio aitortza, lurralde bertebrazioa, erabakitzeko eskubidea, eta eskumen botere maila handitzea eta bermatzea».

Otegiren esanetan, hala egin beharra zehazten dute egungo indar harremanek, eta hori errespetatu beharra dago: «Printzipio demokratiko arrunt bat da ulertzea mugak eta marrak ez ditugula alderdiok jartzen, herriak jartzen dituela».

EH Bilduren interpretazioaren arabera, gainera, burujabetzara bidean urratsak egitea ezinbestekoa da politika antineoliberalak ezartzeko ere. «Ez dago Euskal Herrian bide antineoliberala egiterik burujabetzarik ez badago», zehaztu du Otegik, txanpon beraren bi aldeei erreferentzia eginez.

Izan ere, horrekin lotura du EH Bilduren interpretazioaren oinarrian den bigarren ardatzak: «Politika neoliberalen porrota». Otegik esan du politika egiteko eredu horrek «mundu injustuago, ezegonkorrago eta pobreago bat» eragin dutela, «arazo estrukturalei» erantzun gabe; hala nola etxebizitza, zaintza, fiskalitatea eta klima larrialdia aipatu ditu. Eta, horri aurre egiteko, «merkatua interbenitzea» eta administrazio publikoak «politika estrategikoak bideratzea» defendatu du. «Kontsentsu neoliberala hautsi den garaiotan, nahikoa ebidentzia eta esperientzia historiko dago politika neoliberalak gainditzea premiazkoa zaigula esateko», dio testuak.

«Lanabes estrategikoa»

Otegik adierazi du EH Bilduren historia «arrakasta politiko» batena dela. Txostenak zehazten du koalizioaren hazkundea agerikoa izan dela, eta azken hauteskunde zikloa jartzen du adibide gisa. Hala, koalizioan uste dute horrek bide ematen diela prozesua «zalapartarik» gabe egiteko, nahiz eta ez duten «autokonplazentzian» erori nahi.

Bidearen errepasoa eginez, Otegik azaldu du koalizioa gai izan dela «indarrak metatzeko», «autoritarismoari aurre egiteko» eta barne kontraesanak «termino inteligenteetan» kudeatzeko: «Bilakatu da esparru burujabetzaren aldeko eta ezkerreko sektore anitzen berrantolaketarako». Izan ere, EH Bildun uste dute egoera politikoaren analisi egoki bat egiten asmatu dutela, fronte zabalen aldeko apustuarekin, eta «koherentzia eta fidagarritasuna» transmitituz.

EH Bildu ezkerreko mugimendu subiranistaren «lanabes estrategikotzat» jo dute, eta aurrera begira, haren aldeko apustua kontsolidatzea defendatu, besteak beste, azken urteetan eragile hori indartzeko bidea indartuz. Hala, adierazi dute EH Bildu alderdien arteko koalizio bat baino gehiago dela, «nortasun propioa» duena. Alde horretatik, besteak beste, hauteskunde zerrendak osatzeko prozedura egokitzea dute xede. Alderdien Mahaiak proposatu du udal bozetako zerrendak osatzeko prozedura gainerako hauteskunde prozesuetan ere erabiltzea, oraindik ere martxan diren alderdien kuotak indargabetuta.

EPEAK

EH Bilduk irailaren 21ean ekin zion konferentzia prozesuari, Konferentzia Politikoarekin. Hark bi fase izango ditu.

  • Lehen fasea. Gaur hasi da, Mahai Politikoak txosten politikoa militantziaren esku utzita. Hain zuzen, fase horretan, txostena eta, halakorik aurkeztuko balitz, zuzenketak eta txosten alternatiboak eztabaidatzea izango dute xede. Zehazki, azaroaren 25era bitarte egingo da txostenaren inguruko eztabaida, eta abenduaren 19tik 21erako tartean zuzenketen inguruko bozketa.
  • Bigarren fasea. Urtarrilaren 19an hasi eta otsailaren 8an amaituko da, Iruñean egingo den batzarrean. Epe horren hasieran, Mahai Politikoak hurrengo mahaia osatzeko hautagaien zerrenda aurkeztuko du. Kideak hautatzeko bozketa otsailaren 6an eta 7an egingo da. Litekeena da Otegik berak jarraitzea koordinatzaile nagusi izaten, horretarako asmoa azaldu baitzuen. Gainerako kideei dagokienez, berriz, «berrikuntzak» iragarri zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.