Oihan Mendok ordezkatuko du Xebe Txoperena EH Bilduren Nafarroako parlamentari gisa. Txoperenak legebiltzarkide karguari uko egin dio, «arrazoi pertsonalak» direla medio. Ortziralean aurkeztu zuen dimisioa Nafarroako Ganberako erregistroan. Mendok, berriz, gaur hartu du kargua Nafarroako Parlamentuan.
Parlamentari berriak Erakunde Aretoan egin du karguaren zina, parlamentuko presidente Unai Hualderen, lehen idazkari Yolanda Ibañezen eta bigarren idazkari Mikel Zabaletaren aitzinean. Hualdek Mendo zoriondu du, eta «zortea» opa dio bere jardunean.
Mendo Gareskoa da, Historiako lizentziaduna da, eta Antzinate Klasikoko Mediterraneoko Arkeologiako masterra du. Garesko alkate izan da 2015eko eta 2023ko agintaldietan. Alkate gisa ibilitako urteak «prestaketa ona» direla uste duela adierazi du.
Garestarrak azaldu du «pozik, ilusio handiarekin, baina ardura handiarekin» hartu duela kargua. Lanean hasteko «gogotsu» dagoela gaineratu du. Ondarearen munduan eta trantsizio ekosozialaren inguruan egindako lanean hartutako esperientzia profesionala erabilgarria izan daitekeela nabarmendu du.
Zerrendan hamaikagarren
Ordezkatu duen parlamentaria, Txoperena, gogoan izan du, eta legegintzaldiko lehen urtean hark egindako lana goraipatu du. Txoperenak utzitako postua zerrendako hamargarren zegoen Esther Lakastari zegokion, baina uko egin dio lan kontuengatik eta arrazoi pertsonalengatik. Beraz, EH Bilduko zerrendan hamaikagarren zegoenak hartu du parlamentari akta, Mendok.