EAEko Hezkuntza Legea

EH Bilduk ziurtatu du EAJrekin adostua zutela hizkuntza ereduak eguneratzea

EH Bilduk eta EAJk irailaren 29an adostu zuten eguneraketa, baina PSE-EEk eta EAJk hezkuntza ereduei eustea erabaki zuten azkenean.

Ikoitz Arrese eta Jokin Bildarratz
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz eta EH Bilduko Hezkuntza idazkari Ikoitz Arrese, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete - Maite Asensio Lozano
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azkenetan da EAEko Hezkuntza Legea ontzeko prozesua. EH Bilduk asteartean jakinarazi zuen azken proposamen bat egin zietela hezkuntza akordioa sinatu zuten beste hiru alderdiei, eta BERRIAk dokumentu hori eskuratu du. Bertan ageri da EAJk eta EH Bilduk irailaren 29an —lege proiektuari zuzenketak aurkeztu baino lau egun lehenago— adostu zuten puntua. Finean, hauxe hitzartu zuten, EH Bilduren dokumentuan ageri denez: 1982ko Euskararen Legearen ostean egindako hizkuntza ereduei buruzko dekretua eguneratzea, ikastetxe bakoitzeko hizkuntza proiektuak planifika dezan hizkuntzen ikaskuntza eta erabilera, ikasleek B2 maila lor dezaten euskaraz eta gazteleraz derrigorrezko eskolaldia amaitzerako.

Ordea, urriaren 3an, EAEko Hezkuntza Legeari zuzenketak jartzeko azken egunean, beste zuzenketa bat aurkeztu zuten EAJk eta PSE-EEk. Horretan jaso zuten ikastetxeen hizkuntza proiektuek Gernikako Estatutuko eta Euskararen Legeko eskubideak eta printzipioak errespetatu beharko dituztela, «unean-unean indarrean dauden hizkuntza ereduen sisteman» oinarritu beharko dutela, eta horien edozein garapenek eta eguneratzek eskubide eta printzipio berberak bermatu beharko dituztela.

Ordutik, zuzenketak eztabaidatzen aritu dira Eusko Legebiltzarrean, lantaldean, eta han egin du azken proposamena EH Bilduk. Hitzaurrean dioenez, oinarri bat da: «Hauxe da azaroaren 21eko lantaldearen bileran egingo dugun azken proposamena. Guretzat hau zorua da; beraz, ez gara negoziatzen hasiko. Onartu, edo ez onartu: ez dago besterik». EH Bilduk zer bozkatuko duen ere zehazten du testuak: lehen eta bigarren puntuak onartuz gero, abstenitu egingo dira; hiru puntuak onartuz gero, berriz, baiezkoa emango dute. Alabaina, atzo arteko epea zuten erantzuteko, eta ez dute inoren erantzunik jaso.

Gaur da azken eguna lege proiektuaren testua aldatzeko, eta Ikoitz Arrese EH Bilduko hezkuntza idazkariak iragarpen bat egin du: «EAJk eta PSEk, Hezkuntza Legearen inguruko akordio zabala bilatu beharrean, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak blindatuko dituzte, eta atea irekiko diote mugarik gabeko itunpekoaren finantzaketari». Horiek horrela, «hezkuntza akordioaren gainetik pasatzea» egotzi die.

Hauek dira EH Bilduk egindako proposamenaren hiru puntuak:

 

Lehenengo puntua

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren arautzea

Hezkuntza Lege proiektua Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko ikastetxeez ari denean, 25.3 artikuluan, zein printzipio izango dituzten «oinarri» zehazten du: gardentasuna, irabazi asmorik eza, ikasle zaurgarriei eta ikasleen aniztasunari arreta ematea, ezarritako hizkuntza helburuak betetzea... EH Bilduk, baina, ñabardura egin du: «Printzipio hauek bete beharko dituzte» jartzea nahi du.

Gainera, beste bost artikulu gehitzea nahi du. Lehenean, zehaztu nahi du «printzipio horiek arian-arian betetzeko konpromisoa hartzen duten ikastetxeek» jasoko dutela finantzaketa publikoa, eta Euskal Hezkuntza Zerbitzuko partaide izango direla, «dagokion hezkuntza itunaren bidez». Bosgarren artikuluan, berriz, ikastetxeen ituna bertan behera uztea jaso nahi du, hezkuntza ituneko «betebeharrak modu larrian urratzen badituzte».

Koalizioak proposatu dituen beste hiru artikuluetan, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan parte hartuko duten zentroen gaineko jarraipena erregelamendu bidez arautzea nahi du. Batetik, «finantzaketa publikoaren kudeaketa zuzena ziurtatzeko», «beharrezko diren kontrol eta zerbitzuak» sortzea. Bestetik, «printzipioen betetze epeak, egiaztatzeko adierazleak eta mekanismoak» arautzea. Eta azkenik, hezkuntza itunaren printzipio eta edukien jarraipena egiteko prozedura ezartzea.  

 

Bigarren puntua

EAJren eta PSE-EEren hirugarren zuzenketari esaldi bat gehitu

Hau dio EAJk eta PSE-EEk Hezkuntza Lege proiektuari jarritako zuzenketak: «Euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztun gisa egituratzen da, eta bi hizkuntza ofizialen bidez eta atzerriko hizkuntza baten bidez, gutxienez, antolatzen da, ikaskuntzak bideratuko dituztenak». Horri amaieran esaldi hau eranstea nahi du EH Bilduk: «Lege honetan ezarritako hizkuntza gaikuntzako helburuak lortzeko behar den neurrian».

EAJren eta PSE-EEren 26. zuzenketa aldatu

Hau dio EAJren eta PSE-EEren zuzenketak: «[Ikastetxeetako] Hizkuntza proiektua euskararen inguruan eta bi hizkuntza ofizialetan eta gutxienez atzerriko hizkuntza batean egituratua egongo da». Aldaketa nahi du EH Bilduk: «Hizkuntza proiektu hori, betiere, euskararen inguruan egituratuko da, sistema eleaniztun baten ardatz gisa eta legeak ezartzen duen hizkuntza ofizialen eta atzerriko hizkuntzen arteko harremanari jarraituz».

 

Hirugarren puntua

Hizkuntza ereduei buruzko zuzenketa

EAJk eta PSE-EEk urriaren 3an adostutako bosgarren zuzenketak hizkuntza proiektuak Gernikako Estatutuan eta Euskararen Legean jasotakoaren arabera ezarri behar direla, «unean-unean indarrean dauden hizkuntza ereduen sisteman oinarrituta», eta horiek erregelamendu bidez garatu edo eguneratu beharko direla. Garapen horretan, gainera, «ingurune bakoitzaren abiapuntua eta ezaugarri soziolinguistikoak eta sozioekonomikoak kontuan hartuta» planifikatuko da hizkuntzen ikaskuntza eta erabilera, «ikasleek hezkuntza etapa bakoitzaren amaieran eskatzen diren hizkuntza maila eta gaitasunak eskura ditzaten».

EH Bilduk, ordea, berreskuratu egin nahi du irailean EAJrekin adostu zuen puntua, bertan jaso baitzuten 1982ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legearen ostean ondutako hizkuntza ereduen dekretua «eguneratzeko premia». Hala dio puntuak: «Eguneratze horren arabera, ikastetxeko hizkuntza proiektuan planifikatu beharko da hizkuntzen irakaskuntza, erabilera eta ikasleek harekin jarrera positiboa izateko bidea, kontuan izanik ingurune bakoitzaren abiapuntua eta ezaugarri soziolinguistikoak eta sozioekonomikoak, eta helburutzat harturik ikasleek hezkuntza etapa bakoitzaren amaieran eskatutako hizkuntza maila eta beharrezko gaitasunak eskuratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.