Gaur da azken eguna EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren testua aldatzeko, eta Ikoitz Arrese hezkuntza idazkariak iragarpen bat egin du Twitterren: «EAJk eta PSEk, Hezkuntza Legearen inguruko akordio zabala bilatu beharrean, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak blindatuko dituzte, eta atea irekiko diote mugarik gabeko itunpekoaren finantzaketari». Horiek horrela, «hezkuntza akordioaren gainetik pasatzea» egotzi die.
Datak jarrita daude: datorren astelehenean pasatuko da behin betiko testua lege proiektuari jarritako zuzenketak eztabaidatzeko Eusko Legebiltzarrean sortutako lantaldetik, eta Hezkuntza Batordetik igaro beharko du ondoren. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esana du abenduaren 21eko osoko bilkuran onartu asmo dutela behin betiko.
Eta zer bozkatuko du EH Bilduk? Arresek esan duenez, EH Bilduren mahai politikoak proposatutako du zer bozkatu, eta astelehenean batzar bat egingo dute bilkideekin. Bilkideek astearteko 19:00ak arte izango dute mahai politikoaren proposamena babesteko edo baztertzeko aukera.