EH Bilduren ustez, Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten eskuineko alderdiak gehiengo bat eratzeko lanean ari dira. Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Mertxe Aizpurua kongresuko bozeramaileak esan du energia enpresentzako aldi baterako zergaren lege oinarria indargabetu izana «lehen urratsa» dela.
PPk, Voxek, Juntsek eta EAJk energia enpresei ezarritako zerga berezia luzatzearen aurka bozkatu zuten. Txalo artean ospatu zuten, bereziki PPk eta Voxek, eta Aizpuruari «zer pentsatua» eman zion: «Feijook esan zuen gehiengo alternatiboa prestatzen ari direla, eta lehen urratsa izan zitekeela. Hori ari ziren ospatzen».
«Badakigu nora eramango gintuzkeen alternatiba horrek, eta bidea egitea oso arriskutsua da, eta arduragabekeria bat»
MERTXE AIZPURUAEH Bilduko bozeramailea
EH Bilduren bozeramaileak gaineratu du «hitz egiten baino gehiago urratsak egiten» ari direla, eta «urratsez urrats» egiten dela bidea. «Gauzatu daiteke edo ez, baina badakigu nora eramango gintuzkeen alternatiba horrek, eta bidea egitea oso arriskutsua da, eta arduragabekeria bat», ohartarazi du.
Aizpuruak esan du ez duela uste EAJk iritziz aldatu duenik, eta ez dutela Voxekin akordiorik egingo. Halere, azpimarratu du «batzuetan zailena lehen urratsa egitea» dela, eta iruditzen zaiola «azkeneko osoko bilkuran ikusitakoaren ostean, larritzeko modukoa».
EAJ: «Ekintzak dira garrantzitsuak»
Aitor Esteban EAJren kongresuko bozeramaileak Radio Euskadin Aizpuruari erantzun dio oker dabilela. «Hauteskunde kanpainan behin eta berriz esan zuten, gezurretan, PPrekin eta Voxekin batera bozkatuko genuela. Baina Feijoo ez da gobernuko presidente EAJk bere hitza bete zuelako, beti egiten duen moduan».
«Esan dezatela nahi dutena, baina behin eta berriz argi geratu da hitzak besterik ez dagoela, ez ekintzak. Eta ekintzak dira garrantzitsuak», gaineratu du Estebanek. Haren hitzetan, EAJ «ekonomikoki zentrokoa eta klasikoa» da, baina baita «gizarte arloan oso politika aurrerakoiak» dituen alderdia ere.
«Nahiz eta ez den errazena, saia gaitezen denon artean daukagunari eusten. Guk arduraz jokatuko dugu»
AITOR ESTEBAN EAJren bozeramailea
Estebanek adierazi du aurrekontuak onartzeko lan egingo dutela, «gauzak ez okertzeko». Halere, aitortu du Pedro Sanchezen inbestidura babestu zuten zenbait alderdi ez dituela sintonia berean sumatzen, eta batzuek ez dietela beldurrik hauteskundeei, nahiz eta PPk eta Voxek irabazteko aukera izan.
Ez du gustuko: «Denok jar diezaiokegu zail gobernuari, baina, inbestiduraren alde egin badugu apustu, horrek esan nahi du gutxienez aurrekontu bat onartzeko laguntza eskaini behar dugula, eta legegintzaldia aurrera joateko saiakera egin». EAJk hala egingo duela zin egin du. «Sinetsita gaude PPren eta Voxen arteko gobernu bat ez dela onena. Horregatik, nahiz eta ez den errazena, saia gaitezen denon artean daukagunari eusten. Guk arduraz jokatuko dugu».
Hauteskundeak, urrun
Estebanek kargu hartu die Podemosi eta Juntsi. «Zurea besterik ez baduzu ikusten, besteenari jaramonik egin gabe, horrelakoak gerta daitezke». Jeltzaleen bozeramaileak badaki Sanchez babesten duten bazkideak «oso ezberdinak» direla, eta, hala, «egokitzeko» eskatu du.
Ez du uste hauteskunderik egingo dutenik; izan ere, Sanchezek bakarrik desegin ditzake Espainiako Gorteak, eta, nahiz eta inkestek haren aurkako iragarpenak egiten dituzten, zentsura mozioren bat onartzeko gehiengorik ez dago.