Politikan «gizalegez» jarduteko lehendakariaren proposamena begi onez hartu du EH Bilduk. Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak adierazi duenez, koalizio subiranista ados dago alderdi politikoen artean itun etikoa lortzeko Pradalesek proposatutako eztabaidarekin. Iritzi dio «baliagarria» izan daitekeela, «termino eraikitzaileetan» planteatzen bada beti ere, eta ez bestearen kontra egiteko.
Naiz irratian egin dioten elkarrizketan, Otegik iragarri du ekarpenak egingo dizkiotela proposamenari, eta Pello Otxandianok emango duela horien berri. Hala ere, gogorarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dagoela Espainian dagoen krispazio edo polarizazio girorik. «Agian Nafarroa Garaian badago halako zerbait, eskuin espainolak eta eskuin muturrak planteatzen dutena. Baina hiru probintzietan horrelako fenomenorik ez dago», esan du. Horregatik, uste du «gutxik» ulertzen dutela halako proposamen bat, «ez bada ekimen politikorako beharra mahai gainean jartzen».
Izan ere, gogorarazi du eztabaidaren oinarrian beste aldagai bat dagoela, Europan nahiz munduan hedatzen ari dena eta «estrukturala» dena: «Langile klaseak eta herritarrak aldentzen ari dira politika konbentzionaletik. Eta hori da, besteak beste, gero eta jende gehiagok sentitzen duelako badagoela klase politiko bat politika estetikoa, marketinekoa, egiten duela, eta ez diela erantzuten benetako arazoei». Eta horren adibide gisara jarri ditu, hain zuzen ere, Alemanian atzo egin ziren hauteskundeetan eskuin muturrak izandako emaitzak.
Itun etikoa lortzeko eztabaidaren inguruan ez ezik, osasun itunaz ere hitz egin du Otegik. Osakidetzaren norabidea bideratzeko asmoetan aldaketa bat sumatzen du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Eusko Jaurlaritzan. Uste du Pradalesek «zuzendu» egin dituela Urkulluren gobernuaren erabakiak, besteak beste, hark ukatu egiten zuelako osasun sistemak arazoak zituenik. Hala ere, ohartarazi du aldaketarako nahiak sakona behar duela, eta ezin duela azalean geratu. Bada, ezinbestekotzat jo du orain arteko politikez, pribatizazioaz eta prekarizazioaz ere hitz egitea. «Horri buruz hitz egitera joango gara eta geure ekarpenak egingo ditugu», azpimarratu du.
Pradalesek PPri mezua
Alemaniako hauteskundeen emaitzen adibide bera erabili du Pradalesek ere bere proposamenaren beharra defendatzeko. Gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan lehendakariak esan du «zaila» dela joan den astean plazaratu zuen itunarekin interpelatuta ez sentitzea. Horregatik, «sorpresaz» hartu ditu hari egin dizkioten kritikak. Lehendakariari ulergaitza zaio bereziki PPk proposamenaren aurka «horren azkar» egin izana. Javier de Andres EAEko PPko idazkari nagusiari eskatu dio azal dezala dekalogoak jasotzen dituen zein punturekin ez dagoen ados, eta gogorarazi dio zerbaiten falta sumatuz gero proposatzeko: «Eduki dezagun eztabaida serio bat».
Lehendakariak esan du bere helburua dela «eredugarria» den jarduera politiko bat «nabarmentzea», alderdi politikoak eta, ondoren, beste erakunde publiko batzuk eta beste eragile batzuk konprometituko dituena. Baita komunikabideak ere. Horregatik, gogorarazi du proposamena ez dela «itxia», eta alderdien esku dagoela hura osatzea eta aberastea.
Aitortu du, halere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jardun politikoan ez dagoela beste leku batzuetan eta, bereziki, Madrilen dagoen «krispazio girorik». Baina uste du «eztabaida publikoa hobetu» daitekeela. «Saiatu behar dugu sare sozialek edo albiste faltsuek eragiten dizkiguten tentazioetan ez erortzen, iraina eztabaida publikoan jarduteko modu bat izan ez dadin. Uste dut ona dela hori blindatzea».