Tolosa, Donostia, Gasteiz eta Bilbo. Ertzaintzak lau udalerri horietan egindako esku hartzeek eta foam jaurtigaien erabileraren ondorioek eztabaidaren erdian kokatu zuten polizia eredua duela aste batzuk. Horri heldu dio Julen Arzuaga EH Bilduren Bizkaiko zerrendako hirugarren eta koalizioaren Askatasun Demokratikoen idazkariak, non eta Bilboko Kirruli tabernaren aurrean, Iñigo Cabacas athleticzalearen hilketaren hamabigarren urteurrenaren atarian —gaurko egunez eman zioten handik lau egunera hil zuen pilotakada—. Handik, segurtasun eredua aldatzeko beharra adierazi du: «Oinarrizkoa den zerbitzu publiko hori errotik aldatzeari ekin behar zaio, gardentasunez eta kontuak emanez».
Polizia ereduaren aldaketak xede izan behar ditu «segurtasuna eskubideekin batera bermatzea» eta «eskubideak segurtasunez egikaritzea», Arzuagaren esanetan, eta ondorioz beharrezkoa da «eraberritze politikoa» Ertzaintzaren eredura ere zabaltzea. Argudio gisa jarri ditu Cabacas beraren hilketa zein azken asteetako gertakariak. «Duela gutxi neurriz kanpoko polizia indarkeria kasuak ikusi ditugu berriro Tolosan, Gasteizen, San Mamesen, Anoetan eta Astigarragan, baina Segurtasun Sailaren erantzuna izan da gertakariak desitxuratzea, biktimak errudun gisa aurkeztea eta erantzuleak babestea».
Arzuagaren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren ohiko jarrera da hori, baina EH Bilduk ez du harekin bat egiten. Hala, egoera iraultzeko gogoeta baten alde egin du, hiru esparruri erreferentzia eginda: «delituak prebenitzeko eta, hori ezinezkoa denean, delituak jazartzeko modua», «eskubideak eta askatasunak bermatzeko modua» eta «zaintza komunitarioan sakontzeko modua». Azken horri dagokionez, zehaztu du koalizioaren xedea dela «harreman sozialak eta elkartasun kolektiboa indartzea».
Hala, EH Bilduk bere hauteskunde programan segurtasunaren inguruan txertatutako proposamenei egin die erreferentzia Bizkaiko zerrendako kideak. Denera, hemezortzi konpromiso aurkeztu ditu. Besteak beste, larrialdi premiei erantzuteko plan estrategiko bat sustatzea, mozal legea indargabetzeko lan egitea, Foruzaingoarekin lankidetza harremanak ezartzea eta Espainiako segurtasun indarran «eskumenak eta agenteen kopurua modu progresiboan gutxitzea». Era berean, «eraldaketa estrategiko bat gauzatuko duen Segurtasun Itun baterako» lan egitea eta «segurtasun zerbitzuak birdimentsionatu baterako trantsizioa» gauzatzea ere helburu gisa jarri dituzte.
Ertzaintzari dagokionez, Arzuagak azaldu du zenbaait aldaketa egin beharko liratekeela. Horrek zenbait alorretan espezializazioa indartzea suposatuko luke, azaldu duenez; hala nola ingurumen, ustelkeria eta zibersegurtasun alorretan. Era berean, gatazkei aurre egiteko esku hartzeen inguruko eztabaida bat ere sustatu nahi du EH Bilduk, eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen funtzioen banaketa «koherentea» egin.
«Desmilitarizatu»
EH Bilduk poliziaren «desmilitarizazioaren» aldeko apustua egin du programan, eta su armarik gabeko patruilentzako programa bat sustatu asmo du. Kolokan jarri du foam jaurtigaien eta taser pistolen erabilera ere, eta «‘hilgarriak ez diren’ armak deitutakoen benetako efektuari buruzko azterketa» egitea proposatu du, arriskutsuenak kentzeko eta gainerakoen erabilerarako «muga zorrotzak» ezartzeko.
Horrek bat egiten du Arzuagak proposatutako hausnarketarekin: «Hausnarketa bat partekatu behar da sentsibilitate politiko ezberdinen artean, Katalunian egin zuten bezala, segurtasun zerbitzu publikoari buruzko akordio berriak bilatzeko». Herrialde hartan, besteak beste, istiluen aurkako polizien esku hartzeen inguruko eztabaida sustatu zen, eta zenbait foam jaurtigai debekatzearen alde egin zuten.
Bide horretatik, EH Bilduk gardentasun beharra nabarmendu du bere programan, bai «herritarrekin izan beharreko komunikazioan», bai «barne ikuskapeneko eta kontuak emateko sisteman», bai «egungo Kontrol eta Gardentasun Batzordearen konfigurazioa eta lan metodoetan».