EH Bilduk salatu duenez, Jaurlaritzak «uko egin dio arazoak konpontzeko bideak bilatzeari»

Jaurlaritzak erabaki du aurrekontuen tramitazioa «eztabaidarik gabe ixtea», Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramaileak salatu duenez. Pedro Azpiazu sailburuak dio jarrerak «urrunegi» daudela, eta «zintzoagoa» dela aurrekontuen negoziazioa ixtea.

IÑIGO URKULLU
Kortajarena, Eusko Legebiltzarrean, Iñigo Urkullu entzuten. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2023ko azaroaren 16a
18:15
Entzun

Aurreikus zitekeen Eusko Jaurlaritzako aurrekontuen negoziazioak ez zuela bide luzerik egingo aurten. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak hilabete gutxi barru izango dira, eta Iñigo Urkullu lehendakariak aurki egingo duen deialdi horren itzalpean ari dira alderdiak aspaldi honetan. Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk kartak mahai gainera ateratzea erabaki du azken orduetan, eta aitortu du «ia ezinezkoa» dela oposizioarekin balizko adostasunak lortzea. «Zintzoagoa» da, haren esanetan, negoziazioa bukatzea, gobernuaren eta oposizioko alderdien proposamenak «urrunegi» baitaude.

EH Bilduk «harrigarritzat eta kezkagarritzat» jo du Jaurlaritzak erabaki izana 2024ko aurrekontuen tramitazioa «eztabaidarik gabe ixtea». Haren ustez, oposizioko alderdiekin «kontaktuak hasi gabe ere amaitutzat» eman ditu Azpiazu sailburuak, eta erabaki horrekin Iñigo Urkulluren gobernuak erakutsi du «ez dela garaia ondo irakurtzen ari». Koalizioaren ustez, «ezinbestekoa» da orain «elkarrizketa, bestea aintzat hartzea eta baldintzak sortzea». Hala esan du Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak: «Argi dago Jaurlaritzaren aldetik ez dela akordiorako borondaterik izan».

Kortajarenak dio «arlo estrategikotan egiturazko arazoak» metatzen ari direla, eta EAJren eta PSE-EEren exekutiboak erabaki duela ez dela «egokia» horretaz eztabaidatzea. «Gauzak bakarrik bere modura egin daitezkeela sinetsarazi nahi digute, horrekin konformatu behar dugula, baina guk argi dugu beste modu batean egin daitezkeela, egin behar direla», ziurtatu du koalizioko bozeramaileak.

Kortajarenak azpimarratu duenez, EH Bilduk «zentzuzko proposamenak» egin ditu alor batzuetan, besteak beste hauetan: Osakidetzan, etxebizitzan, hezkuntza publikoan, ingurumenean eta zaintza sisteman. Halere, adierazi du Jaurlaritzak bidea itxi diola eztabaidari.

Azpiazuren iragarpena

Azpiazu sailburuaren ustez, berriz, «ez du merezi» aurrekontuen negoziazioekin jarraitzea, sinetsita baitago «gerturatzeko borondaterik ez» dagoela EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PPren aldetik. Negoziazioekin jarraituz gero, «ez ziren beteko espektatibak»; are gehiago, Ogasun sailburuak uste du egoera hori «normaltasunez onartu» dutela EH Bilduk eta EP-IUk.

Azpiazuk ez du ezkutatu Legebiltzarrerako bozek eragin handia izan ez dutenik negoziazio horiek porrot egitekoan. Aurrekontuak soilik Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien —EAJ eta PSE-EE—gehiengoarekin onartuko direla «aurreikus zitekeen», Ogasun sailburuaren arabera, «hauteskundeen urtea» baita. «Oso zaila da oposizioko taldeek gobernua babestea bozen urtean».

Eta, hala ere, erantsi du Jaurlaritzak bazuela negoziatzeko borondatea, «ikusteko ea posible ote zen akordioren bat lortzea, betiere kopuru ekonomiko arrazoizkoen inguruan hitz eginda, eta soilik aurrekontuei buruz hitz eginda».

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuen lege proposamenak 15.000 milioi euroren langa gainditu du. Lehen bilera sorta egin zuen joan den astean oposizioko alderdiekin. EH Bilduk proposatu du 350 milioiren diru sailak negoziatzea, eta Elkarrekin Podemos-IUk 372 milioi euro bitarteko diru sailak leku batetik bestera aldatzea. Aldeen azken esanei jarraituz, ordea, ez da espero bilera gehiagorik izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.