EH Bildu Gasteizko San Frantzisko Asiskoaren eliza izandakora joan da gaur. Martxoaren 3ko biktimen oroimenezkoa hartuko duen eraikinean, hark jasaten duen «narriadura larria» salatu du. Rocio Vitero zinegotziak eta Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak erakutsi dutenez, «kanpotik erraz ikusten da» zer arazo dauzkan eraikinak. «Gero eta teila gehiago erortzen ari dira, itoginak daude, hezetasun arrastoak antzematen dira, eta zikinkeria pilatzen da inguruan». Gotzaindegiak «erortzear dagoen eraikin bat emango dio» fundazioari, esan du Viterok.
Erakundeei Martxoaren 3ko Fundazioa sortzeko izapideak azkartzeko eskatu diete koalizioko ordezkariek, eta, bitartean, Gotzaindegia eraikin horren «gutxieneko mantentze lanak egitera» behartzeko eskatu die. «Martxoaren 3ko biktimen memoriak ez du merezi egoera tamalgarri honetan dagoen eraikin bat», adierazi du EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak, Viterok.
Ruiz de Pinedok, berriz, gogorarazi du ez dela berria eraikin horrek egiturazko «arazo larriak» dituela. Horrela jaso da Eusko Jaurlaritzak eskatutako txosten arkitektoniko batean. Txosten horren arabera, memoria gunea sortu aurretik 1,2 eta 1,5 milioi euro arteko inbertsioa egin behar zen. «Horregatik, Espainiako Gobernuaren aurrekontuen negoziazioetan, EH Bilduk 600.000 euroko aurrekontu sail bat sartu zuen, lan horien zati bat finantzatzeko eta memoria zentroaren sorrera bizkortzeko». Baina fundazioa ez da sortu, eta, beraz, lan horiek geldirik daude gaur egun. «Lan horiek azkartu egin behar dira, eta eraikinaren egiturazko kalte horiei berehala heldu», esan du Ruiz de Pinedok.
Apezpikutza falta da
Gainera, EH Bilduko eledunak gogorarazi du inplikatutako erakunde guztiek —Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak—, izendatu dituztela patronatuko ordezkariak, baita Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek ere. «Apezpikutza bakarrik falta da. Ez ditu bere ordezkariak izendatu, erakundeei xantaia egiten die, eta, bitartean, erabateko utzikeria dela-eta, eraikin horrek gero eta itxura txarragoa du», nabarmendu dute koalizioko ordezkari biek.