Pradales: «Ez dugu onartuko EH Bilduk eskua sartzea herri honetako langile klasearen diru zorroan»

ETB1eko debatearen biharamunean eta gabarraren egunean, alderdiek gazteak eta energia izan dituzte hizpide.

Imanol Pradales gaur, Gasteizen. EAJ
Imanol Pradales gaur, Gasteizen. EAJ
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 11
13:20
Entzun

Imanol Pradalesek Errenterian (Gipuzkoa) zuen arratsaldean hauteskunde kanpainako ekitaldia, baina aurrez gabarraren alboan arraunean aritu da Soterako arraunlariekin batera. «Bederatzi urterekin aitarekin lagundu ahal izan nion gabarrari. Berrogei urte geroago, Soterako traineru maitearekin gertakari historiko hau jarraitzeko ohorea izan dut berriro», adierazi du EAJko lehendakarigaiak.

Errenterian, aldiz, etxebizitzaren auzia eta enplegua izan ditu hizpide. EAJren lehendakarigaiak adierazi du «zintzotasun osoz» egin duela kanpaina orain arte, jendeari entzunez eta proposamenak aurkeztuz, baina nabarmendu du jendea «konbentzitzea» falta zaiela orain. «Gipuzkoan partida dago», ohartarazi du Pradalesek, eta gogorarazi zalantzan daudenak %30 direla herrialde horretan, inkesten arabera. «Benetako kanpaina orain hasten da».

Pradalesek gogorarazi du gazteen emantzipazioa errazteko hainbat neurri proposatu dituela EAJk hauteskunde programan. Horien artean daude, besteak beste, 200 milioi euroko abal publikoen lerro bat eratzea, alokairurako laguntzak jasotzeko diru sarreren muga 30.000 euroraino handitzea edo kenkari fiskalei eustea. Azken neurri horri begira, jarrera indartu nahi izan du, hain zuzen ere. «Jendearen patrikak defendatuko ditugu», ohartarazi du Pradalesek, eta zera erantsi: «Ez dugu onartuko EH Bilduk eskua sartzea herri honetako langile klasearen diru zorroan».

Enpleguaz ere hitz egin du EAJren lehendakarigaiak, eta adierazi du jeltzaleen lehentasuna dela kalitatezko enplegua sustatzea, batez ere gazteei begira. Ildo horretan, azpimarratu du inoiz baino gutxiago direla atzerrira lan egitera joan behar duten gazteen kopurua. Haren hitzetan, hamar urtean hamar puntu egin du behera, eta hori jeltzaleei esker izan da, haren hitzetan. Baina ezinbestekotzat jo du, halaber, «talentua erakartzea». Horretarako, iragarri du agentzia bat sortuko duela, euskal enpresek dituzten hutsuneak betetzeko.

EH Bildu ziur da «itxaropenaren eta ilusioaren blokea» nabarmen handituko direla bozen ostean

EH Bilduren ekitaldia Irunen. EH BILDU
(ID_17128654515405) (/EZEZAGUNA) EH Bilduren ekitaldia Irunen

Arnaldo Otegik baikor begiratzen die datorren apirilaren 21eko bozei, eta gertu ikusten du garaipena: «Orain sei urte esan izan banu hiru herrialde hauetan irabaziko genuela, inork ez zuen sinistuko». EH Bilduko koordinatzaile nagusiak bilkideei dei egin die «konfort eremuetatik atera» eta kanpaina amaitzeko geratzen diren egunetan lan egin dezaten «ilusioaren bozkak indartzeko».

Nerea Kortajerena Gipuzkoako zerrendaburuarekin Irunen egindako ekitaldian, Otegik gogorarazi du duela lau urte EH Bilduk «oso emaitza onak» lortu zituela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. «Baina 2.000 boto eskasengatik ez genituen hiru eserleku gehiago lortu», zehaztu du. Itxaropenari eusten dio, dena den, eta ziurtatu du, «orain ere» aldaketa politikoa eragitea EH Bilduren esku egongo dela.

EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan «beldurrak ez du geldituko aldaketa politikoak eragin nahi dituzten herritarren itxaropena eta ilusioa», eta ziur da «itxaropenaren eta ilusioaren blokea» nabarmen indartuko dela datorren legealdian, Eusko Legebiltzarrean. 

Ilusioa hartu du ahotan Nerea Kortajarenak ere. «Ilusio berri bat zabaltzen ari da Euskal Herri luze zabalean», nabarmendu du, eta zehaztu ilusio hori «aniztasuna oinarri duten hiri eta herrietatik» ari dela hedatzen. Kortajarenaren arabera, hori ez da «kasualitatea»; aitzitik, EH Bildu Gipuzkoako 51 udaletan egiten ari diren lanaren «ondorioa» baizik.

Testuinguru horretan, nabarmendu du osasuna «lehentasuna» dela EH Bildurentzat, eta, horregatik, Osakidetza «zutik jartzeko» lan egingo dutela. «Bide horretan argi geratu da zein garrantzitsua den lankidetza, herritarren eta gizarte eragileen zeregina osasun publikoaren defentsan».

Anduezak dio beren etxebizitza politikek gazteen emantzipazioa «erraztuko» dutela

Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaiak ere gazteak izan ditu mintzagai, eta haien emantzipazioa «erraztu» eginen dutela erran du. Zehaztu du ezen, etxebizitza politikak sozialisten esku baldin badaude, gazteak izanen direla neurri horien helburu nagusia: «Gizarte moderno batek aukerak eman behar dizkie gazteei, beren potentzial guztia aprobetxatu ahal izateko».

Eneko Andueza gaurko ekitaldian. AMAYA DIAZ EMPARANZA
Eneko Andueza gaurko ekitaldian. AMAYA DIAZ EMPARANZA

Zumarragan (Gipuzkoa) egin du gaurko agerraldia, eta programan bildu dituzten bertze hainbat neurri ere aipatu ditu Anduezak: alokairu sozialeko 5.000 etxebizitza berri jartzea, 1.500 etxebizitza parke publikora sartzeko 200 milioi euroko inbertsioa egitea eta alokairu babestuko etxebizitza publikorako lurzoru erreserba bat sortzea. Gehitu du sozialistek arlo horretarako neurriak aurkezten jarraituko dutela, etxea «eskubide bat» delako.

Denis Itxaso Gipuzkoako zerrendaburua eta Mikel Serrano bertako alkatea ere ekitaldian izan dira. Itxasok nabarmendu du nolako garrantzia duten udalek etxebizitza politikak egiteko orduan, tentsio handiko eremuak ezartzean, adibidez. Ezkerra batzeko eskatu du etxebizitza politikak babeste aldera, eskuinak «merkantzia» bat balitz bezala tratatzen duelako.

EH Bilduk salatu du gazteendako «ezinezkoa» dela beren «bizitza proiektuak modu independentean garatzea»

Eraitz Saez de Egilaz, EH Bilduko Gipuzkoako hautagaia, gaurko ekitalidan. EH BILDU
Eraitz Saez de Egilaz, EH Bilduko Gipuzkoako hautagaia, gaurko ekitalidan. EH BILDU

Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko Gipuzkoako hautagaiak salatu du gazteendako «ezinezkoa» dela gaur egun beren «bizitza proiektuak modu independentean garatzea». Zehaztu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez bertze, gazteak 29,7 urterekin emantzipatzen direla: «Azken hamarkadan gazteok pairatzen ditugun arazoak areagotzen eta azkartzen ari dira, eta horren erakusgarri dira etxe duina eskuratzeko ditugun arazo larriak eta enplegu duin egonkorrak lortzeko ezintasun sistematikoak».

Erran du erakundeek bermatu beharko luketela emantzipazioa, baina Eusko Jaurlaritzak kontrakoa egin duela, erakundeek  hartutako erabakien emaitza delako egungo egoera. «Etxe eskubidea bermatu eta etxebizitza politika ausartak egin beharrean, etxebizitza negozio iturri bilakatu da azken hamarkadan, eta ez da erabaki ausartik hartu horren inguruan. Adibide nagusia alokairuko etxebizitzen prezioen gorakada da, eta, gainera, gazteen batez besteko soldata 150 euro murriztu da 2011tik 2021erako tartean. Etxebizitza prezio altuen eta diru sarrera baxuen ondorioz, gazteentzat ezinezkoa da egunerokoa moldatzea, eta horrek emantzipazioa oztopatu eta nabarmen atzeratzen du», salatu du.

Saez de Egilazendako emantzipazioak esan nahi du «independentzia ekonomiko eta soziala eskuratzea», eta, hori bermatzeko, EH Bilduk etxebizitza eta enplegu arloetan eraginen duela. Batetik, «muga» jarriko diete alokairu pribatuei, eta parke publikoa hazteko neurriak hartuko dituzte. Bertzetik, «kalitatezko enpleguaren aldeko apustu irmoa» eginen dute, gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izan dadin, erraterako. «Ezinbestekoa da politika publiko zehatzak aplikatzea etxe eskubidea negozio iturri bilakatu nahi dutenen aurrean, baita, gazteen miseriazko soldatak ikusirik, gutxieneko soldata gure errealitate sozioekonomikora egokitzea ere», gehitu du.

Trantsizio energetikoa «industriaren eskutik» egitea proposatu du Pradalesek

Trantsizio energetikoa beharrezkoa dela erran du Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiak, baina «ongi» egin behar dela: «Industriaren eskutik, industria arloko enplegua mantenduz eta antsietaterik gabe; pausoz pauso, anbizioarekin eta errealismoarekin». Bide horretatik, erran du Mercedes Benz enpresak jakinarazi duela 1.000 milioi euro inbertituko dituela Gasteizko plantan, furgoneta elektrikoak ekoizteko. Horrek bertan lan egiten duten 5.000 pertsonen lanpostuak ziurtatuko ditu. Gogoratu du «EAJk zuzendutako instituzioen elkarlanari esker» lortu dela hori.

Imanol Pradales gaur, Gasteizen. EAJ
Imanol Pradales gaur, Gasteizen. EAJ

Deskarbonizazioari lotutako neurri gehiago badituztela adierazi du, baina horren oinarria «energia mix bat» izan behar dela: energia berriztagarrien, hidrogeno berdearen, bioerregaien eta elektrifikazioaren arteko nahasketa bat. Gehitu du arlo horretan aurrera egiteko beharrezkoa dela «kluster berri bat martxan jartzea, herrialde honetako erreferentziazko industria handiekin eta energia kontsumitzaileekin batera, deskarbonizazio horretan aurrera egiteko».

PSE-EEk eta EAJk etorkizuna «energia enpresen esku» utzi izana kritikatu du Larreak

Andeka Larrea Arrigorriagan egin duen ekitaldian, gaur. SUMAR
Andeka Larrea Arrigorriagan egin duen ekitaldian, gaur. SUMAR

Trantsizio Energetikorako Legearen «anbizio falta» kritikatu du Andeka Larreak, Sumarreko Gipuzkoako zerrendaburuak. «PSE-EEk eta EAJk energia enpresen esku utzi dute Euskadiren etorkizuna, herritarren interesak lehenetsi ordez». Koalizioak Petronor eta Iberdrola bezalako enpresen «interesen mende ez dagoen» politika bat proposatu du. «Irtenbide teknologikoek energia komunitateen, autokontsumoaren eta emisioen kontsumoa eta inpaktuak murrizteko irtenbideen aldeko apustua egiteko aukera ematen diguten honetan, PSE-EAJ koalizioko hautagaiek nahiago dute energia enpresa handien irabazien kontua elikatzen jarraitu, guztiona dena oparituz: kudeaketa eta subiranotasun energetikoa».

Koalizioak Arrigorriagan (Bizkaia) egin du agerraldia. Larreak gogoratu du trantsizio energetikoak «bidezkoa» izan behar duela, ezin dela emisioen murrizketan bakarrik jarri arreta, arlo sozial eta ekonomikoak ere aztertu behar direla. «Trantsizio energetikoak justizia sozialarekin eta enplegua sorrerarekin batera joan behar du», borobildu du.

Elkarrekin Podemosek «tren sozial publikoaren» alde egin du, abiadura handiko trenaren aurrean

«Tren sozial publikoa» ezartzeko proposatu du Elkarrekin Podemosek. Juantxo Lopez de Uralde koalizioaren Arabako zerrendaburuak egin ditu adierazpen horiek, gehituta hori dela «aukera onena lurraldea egituratzeko, eta eragin gutxien duena». Gainera, salatu du abiadura handiko trenaren azpiegituran inbertitu dela funts publiko gehien azken urteetan, eta inbertsio horrek ez diela «herritarren interesei erantzuten», eta ingurumenean «eragin handia» duela.

Lopez de Uraldek azaldu du beren proposamena «jasangarriagoa» dela, «jada existitzen den azpiegitura aprobetxatzeko aukera» ematen duelako. Bide horretatik, gaurko agerraldia Ribabellosan (Araba) egin dute, salatzeko bertan bidezubi bat eraikiko dela, udalerriaren erdia zeharkatuko duena abiadura handiko trena ibil dadin.

Arabako Errioxako ardoa bereiztearen alde agertu da Andueza, baina Errioxa sor-markaren barruan betiere

Eneko Andueza Bastidako ekitaldian. BERRIA
Eneko Andueza Bastidako ekitaldian. BERRIA

Lehen sektorea «estrategikoa» dela eta «protagonismo handiagoa» behar duela uste du Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaiak. Hala adierazi du arratsaldean, lehen sektoreari buruzko proposamenak aurkezteko ekitaldian. Anduezak azaldu du nekazarien eta gizartearen artean «aliantza bat» eratzea duela helburu, «ingurunea kontserbatzeko, kalitatezko eta hurbileko elikagaiak ekoizteko eta landa eremuan biztanleria ainguratzeko» egiten duten lana aitor dadin. 

Bastidan, Arabako Errioxan, egin dute ekitaldia sozialistek; eta, nola ez, ardoa ere izan du hizpide Anduezak. «Izena eta abizena duen ardoa behar dugu: Arabako Errioxa», esan du lehendakarigaiak, baina ziurtatu du PSEk ez duela Arabako Mahastiak sor-marka babestuko. Anduezak esan du nahiago duela Errioxa deituraren babespean legokeen marka bereizi bat sortzea: «Alderdi Sozialistak uste dute ezinbestekoa dela kontsumitzaileak nahastuko dituen mezurik ez ematea».

Aroa Jilete Arabako zerrendaburuak ere parte hartu du ekitaldian, eta hitzeman du Arabako nekazariek ekoitzitako produktuak «errentagarriak» izan daitezen eta emakumea lehen sektorean duten presentzia areagotzeko lan egingo dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.