Ostegun arratsaldean, Iruñeko Udalaren osoko bilkuran aztertuko dute EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik aurkeztutako adierazpena. Bertan, Erorien Monumentuaren gainean azaroaren 20an aurkeztu zuten akordioa aurrera eramateko konpromisoa adierazten da. Eraispenaren aldeko plataformak uste du «mespretxuz» erantzun diotela urtarrilaren 18an egindako manifestazioari, «modu harroputz eta negazionistan». Berriro ere haien iritzia kontuan hartu ez izana gaitzetsi dute, eta elkarretaratzera deitu dute ostegunerako, Iruñeko Udaletxe plazan 18:30ean, adierazpena bozkatzen denean.
Plataformak ohar bat kaleratu du, hiru alderdien jarrera gaitzesteko. Salatu dute EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik aurrerantzean ere «orain arte bezala» jarraitzeko asmoa adierazi dutela. «Egintzat ematen dute erabakiak hartuta egotea, bestelako alternatibarik izan gabe. Eraispenaren aukera aipatzea distrakzio hutsa izan da gu isilik gera gintezen, eta, alkateak esan zigun bezala, zarata gutxiago atera genezan».
Ikusi gehiago
Alderdiek aurkeztutako adierazpenak lau puntu ditu, eta aurrera begirako urratsak aipatzen ditu. Haien artean dago aditu talde bat sortzea eta proiektu lehiaketa bat egitea, herritarren parte-hartze prozesu bat izango duena.
Plataformaren irudiko, aditu talde horrek «gauza harrigarriak» planteatuko ditu etorkizuneko interpretazio zentro horren inguruan. Alta, plataformakoek uste dute eraikin hori ez dagoela eraldatzerik. «Nafarroako gizarte osoak, aho batez, badaki haren edukia, hau da, eraikin osoa faxismoaren eta frankismoaren gorazarrerako dela». Gogora ekarri dute Nafarroan 3.700 pertsona erail zituztela frankistek, 30.000 herritar errepresaliatu, emakumeak bortxatu, ilea moztu, familia osoei «dena lapurtu» eta etxetik bota.
Lehiaketari buruz
Ez dute ulertzen nolatan egingo den berriz lehiaketa bat. «Ez al zen 2015-2019 agintaldian nazioarteko lehiaketa bat egin, eta ez al zen hura zakarretara bota? Gastu gehiago, ezertarako ere ez», azaldu dute, eta zera gaineratu: «Ez al diete balio aurreko lehiaketan aurkeztutako 40tik gorako proposamenek? Edo orain haien akordio lotsagarrira egokitzeko egin behar ote da lehiaketa?».
Eraispenaren aldeko plataformak argudiatu du eskuinak ez duela erreparorik izaten memoria guneak eraisteko bestelako interesak gurutzatzen direnean. «Nafarroan, badira eraisten adituak diren eraikuntza enpresak, eta ez dute atzerrira joan beharrik bilatzeko». Gogora ekarri dute 36ko gerran falangisten atxilotu zentroa izan zena, salestarren ikastetxea, bota egin zutela, eta hamarkadetan Iruñeko kartzela izandakoa ere eraitsi zutela. «Haiek bai, haiek baziren memoria guneak, eta ez Karlos III.aren etorbide amaieran dagoen eraikintzar hori. Azkar ibili ziren orduan, hainbesteko itzulingururik eman gabe».
Haien komunikatuaren arabera, Hego Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak duela bi hilabete egindako batzarrean ebatzi zuen eraikinak «balio arkitektoniko eskasa» duela.
Plataformak «uzkur» izatea egotzi die hiru alderdiei, eta zalantzan jarri du faxismoaren aurkako jarrera izatea. Azal dute eskuineko alderdiak «isil eta oso kontent» egongo direla orain. «Atzera egitea erraza izango dute, eta, aukera izanez gero, interpretazio zentro horrek ordu laurden iraungo du».
Ez dute sinesten herritarren parte-hartze prozesuak balioko duenik. «Urtebete baino gehiago daramate horrekin, eta emaitzak ikusi ditugu. Memoria elkarteekin ez dira bildu gai hau aztertzeko. Alderdietako egiturek aho batez onartu dute zuzendaritzek proposatutakoa, baina ez da gauza bera gertatzen herritarren eta oinarrien artean».
Azkenik, amaitu dute esanez ez dutela ulertzen «zergatik jarraitzen duten tematuta zentroari Maravillas Lamberto izena jartzeko». Nabarmendu dute egoera horrek guztiak «mina eta sufrimendua» eragiten diela Lambertoren sendiari eta oro har 36ko gerraren biktimen senideen kolektiboari.