EH Bilduren Mahai Politiko berritua 31 lagunek osatuko dute, emakume gehiago izango dira gizonak baino, eta esperientzia eta gaztetasuna «harmonizatuko» dituzte. Hori aztertu eta erabaki du EH Bilduren egungo Mahai Politikoak gaur egin duten bileran, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak jakinarazi duenez.
Zuzendaritza berritu hori izango da egungo mahai politikoaren proposamena, eta igandetik aurrera ezagutaraziko dute, militantziak proposamen hori berretsi dezan.
Mahai politiko berritu horren ardura izango da estatus politiko berriko prozesua kudeatzea eta «politika publiko antineoliberalak» bultzatzea. EH Bilduren III. Kongresurako landu eta onartu duten txosten politikoan zehaztu dituzte bi lehentasun horiek.
Otegik adierazi du autonomia estatutik eratorritako harreman eredua aldatu egin behar dela, eta zuzendaritza berriak beste eragile batzuekin batera kudeatu beharko duela estatusaren auzia.
Ez du jakinarazi nortzuk diren 31 pertsona horiek, baina esan du adina, herrialdea, generoa eta esperientzia izan dituztela batez ere aintzat. Gaur egun hogei pertsonak osatzen dute Mahai Politikoa.
Mahai Politikorako proposatu duten zerrenda horretako partaideen batez besteko adina 46 urtekoa da, eta, irriz gehitu duenez, «kontuan hartu» behar da «batzuek batezbestekoa igotzen» dutela. Otegik 66 ditu.
Esan du EH Bildurena «arrakasta politikoaren emaitza» dela, baina horrek zergati batzuk dituela atzean. Gehitu du fronte zabalaren ideian sakonduko dutela aurrerantzean ere: «Uruguaiko ereduari segitzen diogu, eta uneotan bereziki hunkitzen gaitu horrek, jakinda Pepe [Mugica] nola dagoen». Beraz, esan du fronte zabalaren ideia garatzen segituko dutela, «gutxieneko proposamenekin ados jartzen saiatuz, lan asko eginez eta fribolitate gutxi izanda».
Irailean hasi zuten III. Kongresurako bidea, txosten politikoak landuz. Otsailaren 8an amaituko dute prozesua, Iruñean.
Bizikidetza egonkortzea
Ez du aipatu gabe utzi iragan larunbateko Bilboko manifestazioa. Milaka pertsonak egindako eskaera defendatu du: hain zuzen, euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzea. «Ez dugu inpunitaterik eskatzen, legea aplikatzea baizik». Uste du horrek bizikidetza sustatuko duela, eta egonkortu ere bai.
«Badaude errelatoaren gudan geratu nahi dutenak. Ez diogu uko egiten iraganaz hitz egiteari, eta gogoeta autokritikoak egin ditugu, baina auzi honek etorkizunera begiratu behar du», gehitu du. Gogoratu du III. Kongresurako txosten politikoan ere jasoa dutela «herri honek preso, iheslari eta erbesteraturik gabeko etorkizun bat izatea», eta asmo horrekin lotu du larunbateko manifestazioko eskaera ere.
Halere, Ahetzera begira hasi du agerraldia (Lapurdi). Bozak izan berri dira han, eta EH Baik irabazi ditu. «Badakit urteetako lan militantearen emaitza dela, eta, beraz, zorionak», gaineratu du.