Imanol Pradalesek Eusko Jaurlaritzaren lema hartu zuenetik sei hilabete igarota, EH Bilduk uste du ez direla aski gobernu berriak osasun sistema publikoaren kudeaketa eredua aldatzeko egin dituen urratsak. Ezkerreko koalizioak «hitzetatik eta asmoetatik harago» jotzeko ekimen eskasa sumatzen dio Jaurlaritzari, batez ere planifikazio eta kudeaketa aldatzeko, eta, horregatik, Osakidetza «eraldatzeko» lau ekinbide erregistratu ditu Eusko Legebiltzarrean. EAG etengabeko arretako guneen funtzionamendua hobetzea, herri txikietako osasun profesionalen lanpostuak «erakargarri» egitea, lehen arretan «egiturazko» neurriak hartzea eta Osakidetzako langileei «balioa ematea» helburu dute EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamenek.
Pradalesen gobernuaren lehen sei hilabeteko balantzea egin dute gaur Rebeka Uberak eta Nerea Kortajarenak prentsaurreko batean, eta Osakidetza «hobetzeko» proposamenak aurkeztu. Azpimarratu dute EH Bildu prest dagoela politika publikoetan aldaketa «sakonak» bilatzen dituzten akordioak adosteko, baina «ausardiaz» jokatzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Besteak beste, premiazkotzat jo dute osasun politiken kudeaketa eredu «agortua» aldatzea. «Pausoak eman behar dira lehenbailehen», ohartarazi du Uberak.
Neurri sorta
Bide horretan doaz legebiltzarrean erregistratu dituzten legez besteko lau proposamenak, Uberak azpimarratu duenez. Etengabeko arretako guneen ereduarekin eta funtzionamenduarekin lotuta dago ekinbideetako bat. EH Bilduren ustez, herritarrek ez dute dakite ongi zein den zerbitzu horien funtzioa, eta Osakidetzak ez du «ahaleginik egin» herritarrak informatzeko eta formatzeko. Horregatik, ekinbidean eskatu dute Osasun Batzordeak gune horien funtzioa eta eredua definitzeko txostena egitea, eta, horretarako, proposatu dute talde txostengile bat eratzea, aditu eta eremuko langileen ordezkariekin elkarlanean. Txosten hori hiru hilabete barru prest egotea nahi du EH Bilduk.
Herri txiki eta landa eremuko kontsultategietako osasun profesionalen lanpostuak «erakargarri» egitea eskatu dute beste ekinbide batean. Uberak azpimarratu du gero eta «zailagoa» dela osasun profesionalak herri txikietara eta landa guneetan sakabanatutako herrietara erakartzea, eta proposatu du hori aldatzeko hainbat neurri hartzea Osasun Sailak.
Batetik, legez besteko proposamenaren bitartez, herri txikietako osasun etxeetako guneak egokitzeko eskatu dio EH Bilduk Osasun Sailari, herriko edota kuadrillako gizarte zerbitzuetako parte izan daitezkeen langileak kokatzeko gunea ahalbidetzeko. Halaber, biztanleriaren zaharkitzeari egokitu eta mediku bakoitzeko bi erizainen ratioa ezartzea galdegin dio, bai eta formazio unitateak akreditatzea, sakabanaketa geografiko handiko herri txikietako medikuek aukera izan dezaten egoiliarrak formatzeko.
Era berean, Osakidetzako langileen egonkortze prozesuaz kezka azaldu du EH Bilduk. «Lan eskaintza bat bukatu aurretik, beste bat kateatzen dute osasun langileek. Sistemak etengabe zamatzen ditu langileak zein Osakidetzako administrazioko langileak, eta ez da jasangarria», salatu du Uberak. Hori dela eta, Osakidetzako langileak «aintzat hartzeko» hainbat neurri hartzea eskatu du EH Bilduk: besteak beste, Osakidetzako azken enplegu publikoaren eskaintza antolatzen denean, hala nahi duten Osakidetzako langileek aukera izatea euren azken eskaintza publikoko notarekin aurkezteko, eta ordezkapenak egiten ari diren langileentzako egutegi propioa diseinatzea, «ahalik eta lan egonkorrena» izan dezaten.
Lehen arretan «egiturazko neurriak» hartzea ere proposatu du EH Bilduk. Eta, hala, Osasun Sailari eskatuko dio, besteak beste, lehen arretako osasun zentroetako langileek ahalmena izatea euren agendak eta jardunaldiak antolatzeko, aurrekontuetan garbi azaltzea zeintzuk diren lehen arretara bideratzen diren baliabideak, eta osasun zentroetako mediku bakoitzeko 1,5 erizain ezartzea.