EH Bilduk neurriak eskatu ditu San Frantzisko eliza eraberritu eta oroimen zentro bihurtzeko

Koalizioak salatu du eraikina egoera «kaskarrean» dagoela, nahiz eta hura oroimen zentro bilakatzeko helburua ezarria dagoen. Jaurlaritzari azalpenak eskatuko dizkio.

Martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko ekitaldia, iaz. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko ekitaldia, iaz. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko otsailaren 11
15:30
Entzun

Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrenerako egitasmo sorta luzea iragarri zuen Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek urte hasieran, eta horien artean da Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza memoria gune izendatzea. Han biktimen oroimenezko zentro bat eraikitzekoak dira instituzioak, elkarte memorialistekin elkarlanean, baina EH Bilduk salatu duenez, eraikina «egoera kaskar eta larrian» dago, Gasteizko Gotzaindegiaren eta erakundeen «utzikeriaren» ondorioz. Neurriak eskatu ditu horri aurre egiteko.

Koalizio subiranistak Eusko Legebiltzarrera eramango du gaia datorren astean. Zehazki, kontrol saioa baliatuko du Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari aferaz galdetzeko: «Sailburuak azaldu behar du zer-nolako pausoak emango dituen Jaurlaritzak, auzi honetan ardurak dituzten gainerako instituzioekin batera, eraikinak premiaz behar dituen egiturazko konponketak egiteko». Amancay Villalba legebiltzarkideak azaldu duenez, tamaina handiko piezak erori dira eraikinetik, eta itogin eta ur putzu ugari ditu. Hala, adierazi du badela garaia zentroa eraikitzeko lana «serio» hartzeko.

EH Bilduk lan horiek egiteko baliatu beharreko diru iturriez ere galdetuko dio San Joseri. Izan ere, Espainiako Gobernuaren 2023ko aurrekontuen inguruko negoziazioetan, koalizio subiranistak eta PSOEk akordio bat egin zuten Madrilen aurrekontuetatik 600.000 euroko diru sail bat lan horietarako baliatzeko, «memoriala ahalik eta lasterren» ezartzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak beste hiru milioi jarriko dituzte, sinatu zuten akordioaren arabera.

Hiru erakunde horiek eta Gasteizko Gotzaindegiak 2021ean sinatu zuten San Frantzisko eliza oroimenezko zentro bihurtzeko akordioa, baina bidean eztabaida ugari piztu ditu auziak. Besteak beste, elkarte memorialisten rolaren inguruan. Azkenean, aipatutako lau erakundeekin batera, Memoria Gara eta Martxoak 3 elkarteak ere zentroa kudeatuko duen fundazioaren patronatuan egongo dira. Hain zuzen, Gogora institutuaren eta Martxoak 3 elkartearen arteko akordio bat dela medio, azken hori ikerketa eta dokumentazio lanak egiten ari da, eta biktimen ondare materialaren inbentario bat osatzen. 

Martxoaren 3an 49 urte beteko dira Espainiako Polizia San Frantzisko elizan bilduta zeuden beharginen kontra oldartu zenetik. Bost lagun hil zituzten, eta dozenaka zauritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.