EH Bilduk eskatu du lantalde bat era dadila Araban aldiriko trena martxan jartzeko

Miranda eta Altsasu arteko aldiriko trena «lehenbailehen» martxan jartzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

Tren geltoki bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Tren geltoki bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
edurne begiristain
2025eko apirilaren 24a
12:37
Entzun 00:00:0000:00:00

Urtarrilaren 1ean geratu zen Eusko Jaurlaritzaren esku aldiriko tren zerbitzuen eskumena, eta udaberrirako martxan egongo zela agindu zuen Imanol Pradalesen gobernuak. Eskumen hori eskuratzeak modua emango luke Miranda (Espainia) eta Altsasu (Nafarroa) arteko aldiriko tren zerbitzua martxan jartzeko. Alabaina, Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaile Eva Lopez de Arroiabek gaur salatu duenez, tren hori ez dago oraindik martxan, eta Susana Garcia Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak ez du, oraingoz, martxan jartzeko datarik zehaztu. Horiek horrela, zera eskatu dio Jaurlaritzari: prozesua azkartzeko eta Miranda eta Altsasu arteko zerbitzua «lehenbailehen» abiatzeko.

Halaber, 2024ko ekainean Arabako Batzar Nagusietan mozio bat onartu zuten gai beraren inguruan, baina oraindik ez da hura bete, Lopez de Arroiabek gogorarazi duenez. Mozioak proposatzen zuen lantalde bat eratzea erakunde eskudunekin eta tren hori eskatu duten Arabako udalerriekin, eta sei hilabeteko epea ezarri zen indarrean jartzeko. Sei hilabete baino gehiago igaro dira, baina ez da sortu lantaldea. Mozioan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zitzaion Arabako geltoki eta geraleku guztien inbentarioa egiteko, eta, udalerriekin batera, zerbitzu berriaren araberako geltokien beharren azterketa egiteko.

«Ia urtebete igaro da, eta kezkaz ikusten dugu erreklamazio horiek ez direla bete. Gure ustez, aldiriko trena funtsezkoa da lurraldearen kohesioa eta mugikortasuna bermatzeko», salatu du Lopez de Arroiabek. Neurriak lehenbailehen martxan jar daitezela eskatzeko, EH Bilduk ekinaldi bat aurkeztuko du Arabako Batzar Nagusietan eta beste bat Gasteizko Udalean lantaldea martxan jar dadila eskatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.