EH Bilduk egungo testuinguru ekonomiko globalaren barruan kokatu du datorren astelehenean Pello Otxandianok eta Imanol Pradalesek egingo duten bilera. Eta koalizio subiranistakoen ustez, munduan gauzak errotik aldatzen ari diren garai honetan, arnasa luzeko erantzunak behar dira, «epe motzera begirakoak» ez direnak.
Gauzak horrela, EH Bilduk aurreratu du Otxandianok proposamen zehatz bat egingo diola etzi Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Proposamenak zera hartuko luke «lehentasun estrategikotzat», erakundeen eskura dauden gaitasun propioak indartzea, eta ez hainbeste AEBek mundu osoko herrialdeei ezarri dizkien muga zergei erantzutea.
Izan ere, EH Bilduk uste du Donald Trump agintera heldu izana «huts egin duen eredu ekonomiko globalaren sintoma argia» dela, eta horri ezin zaiola «irtenbide sinpleen bidez» aurre egin. Bada, azpimarratu du premiazkoa dela «zenbait tradizio politikoren arteko topagune bat eraikitzea», aurrera egiteko behar diren eraldaketa handiei buruzko «akordio zabalak eta egonkorrak» lortu ahal izateko.
«Datozen 25 urteetarako oinarrizko adostasunak lortzea izango da beharbada herrialdeak krisi demokratiko bati eman diezaiokeen erantzunik onena; krisi horrek ia Europari eta mundu osoari eragiten dio», adierazi du.
EH Bilduk uste du Donald Trump agintera heldu izana «huts egin duen eredu ekonomiko globalaren sintoma argia» dela, eta horri ezin zaiola «irtenbide sinpleen bidez» aurre egin
EH Bilduk adierazi duenez, ziurgabetasun garaiei ziurtasunez aurre egin behar zaie, eta, haien iritziz, «horretarako modu bakarra zera da, lankidetzan, elkarrizketan eta anbizio eraldatzailean oinarritutako politika egitea». Bada, EH Bilduk berretsi du koalizioa prest dagoela erantzukizuna partekatzeko, hala egungo testuinguruari dagokionez, nola Euskal Herriaren etorkizunari dagokionez.
Imanol Pradalesek astelehenetik aurrera bilera sorta bat abiatuko du Eusko Legebiltzarreko talde politikoekin, Voxekin izan ezik. Ordezkaritza txikienetik handienera, talde bakoitzeko bozeramaileekin batzartuko da banan-banan Ajuriaenean, AEBek abiarazitako merkataritza gerraren kalteak arintze aldera Eusko Jaurlaritzak esku artean duen asmoen berri emateko.
EH Bilduk gogorarazi du, dena den, eredu sozial eta ekonomikoari buruzko osoko bilkura monografikoa egiteko eskaera egina duela Eusko Legebiltzarrean. Hari lotu dio, hain zuzen ere, asteleheneko bilkura, ikuspegi zabalagoa behar dela iritzita. Koalizioak ildo horretan kokatu ditu, halaber, eragile ekonomiko, enpresarial, sindikal eta sozialekin berriki egin dituen bilerak.