EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Gogora-k Sorzabal babestu dezan

Koalizio subiranistaren xedea da Gogora institutuak «beharrezko diren baliabide juridiko guztiak» baliatzea Sorzabalen eskubideak babesteko eta torturatzaileen kontra egiteko.

Maria Jesus San Jose, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maria Jesus San Jose, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko maiatzaren 28a
11:50
Entzun 00:00:0000:00:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Gogora institutuari eskatzeko «beharrezko diren baliabide juridiko guztiak» balia ditzala Iratxe Sorzabalen eskubideak babesteko eta haren kontrako torturen egileen ardura penalak ikertzeko. Era berean, eskaera baliatu nahi dute exijitzeko neurriak har ditzatela «tortura pairatu duten euskal herritar guztiak» egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea bermatzeko.

EH Bilduk «historikotzat» jo du Espainiako Auzitegi Nazionalak Sorzabalen kontrako azken epaiketan emandako ebazpena. Hartan, frogatutzat jo zen Guardia Zibilak euskal presoa torturatu egin zuela inkomunikazio aldian; «tratu gizagabe» hitzak erabili zituen epaimahaiak.

Lehen aldiz kaleratu zuen halako ebazpen bat auzitegi hark, eta horrek izan ditzakeen ondorioei erreparatu die koalizio subiranistak: «Lehen aldia izateagatik eta tratu gizagabe terminoa erabiltzeagatik, epai honen ondorio juridiko eta politikoek garrantzia handia dute, bai Sorzabalentzat, baina baita euskal gizartearentzat ere». Zehazki, EH Bilduk uste du «torturaren errealitatearen aitortzan eta erreparazioan egin beharreko urratsak ikusarazteko» baliagarria izan daitekeela.

Sorzabalen kasuaren ezaugarrietako bat zera da, hark pairatutako torturen ondorio fisikoen irudiak badirela. Haren bizkarraldean eragindako markak ezagun egin ziren, eta Benito Morentin Kriminologiaren Euskal Institutuko auzitegi medikuaren txostenak agerian utzi zuen horiek elektrodoak aplikatzearen ondorio zirela. Hala berretsi zuen Morentinek epaiketan ere, eta horrek auzian izandako garrantzia nabarmendu izan du Aiert Larrarte abokatuak.

Sorzabalen kontrako auzien ibilbide juridikoa ez da amaitu, ordea, EH Bilduk bere eskaeran gogoratu duenez. Azken ebazpenari dagokionez, fiskalak helegite bat aurkeztuko du, eta Auzitegi Gorenak ebatzi beharko du haren inguruan. Bestalde, Larrartek jakinarazi zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegira joko dutela Sorzabalen kontrako zigor bati erantzunez.

Izan ere, Sorzabal hiru aldiz epaitu dute froga berberak erabilita. Bi aldiz absolbitu dute, nahiz eta torturei soilik behin egin zaien erreferentzia, eta beste epaiketa batean —egindako lehena— 24 urteko espetxe zigorra ezarri zioten; zigor hori betetzen ari da egun, Zaballako kartzelan (Araba). Gorenean eta Konstituzionalean helegiteak aurkeztu zituen euskal presoaren defentsak, baina auzitegi horiek ez zieten men egin eskaerei, eta Estrasburgok izango du azken hitza.

Prozesu horiek kontuan izanik, EH Bilduk uste du auziak duen «garrantzi juridiko eta politikoaren» neurriko erantzuna eman behar dela. Aurreko astean, Eraitz Saez de Egilaz legebiltzarkideak gaiaz galdetu zion Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari. Zehazki, ea Sorzabalen auzian «neurri zehatzik» hartzeko asmorik ba ote zuten. Hark, baina, erantzun zion orain arteko bidean lanean segitzea dutela xede: «Nire borondatea eta nire sailarena da orain arteko bidean lanean segitzea, orain arteko oinarrien gainean, demokraten jarduteko markoa zuzenbide estatua baita; hortik kanpo gaizkileak baino ez dihardute, gure demokraziaren oinarriak urratu nahi dituzten gaizkileak».

Orain, zehaztasun gehiagoz heldu dio gaiari koalizio subiranistak, eta ezinbestekotzat jo ditu erakundeen babesa eta akonpainamendu juridikoa: «Torturaren biktimen erreparazioan pauso bat aurrera egin eta kasu honek duen garrantzi politikoa aitortzeko». Horregatik eskatu nahi dio Gogora-ri auzian esku hartzeko. Hain zuzen, ebazpenaz galdetuta, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunak adierazi zuen Sorzabalen auzia Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutuak jorratu beharrekoa zela.

Haratago ere iritsi nahi du EH Bilduk. Hala, Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi dio «beharrezko mekanismo juridiko eta lege aldaketak» sustatu ditzala torturatu guztien egia, justizia eta erreparaziorako eskubideak bermatzeko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.