EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio larrialdietako ESI erakunde sanitario integratuko anbulantziak publiko egiteko —ESI bat osatzen dute larrialdi zerbitzuek—. Rebeka Ubera legebiltzarkideak salatu du osasun garraio horren kudeaketak «gabeziak» dituela aspalditik, eta eredu bikoitzekoa izatea, publikoa eta pribatua aldi berean, ez dela onuragarria.
Gaur egungo larrialdietako zerbitzuaren egoera azaldu du jarraian. Gaur-gaurkoz bizi euskarri aurreratuak —medikua duten anbulantziak— publikoak dira. Osakidetzak kudeatzen ditu zuzenean, bertako medikuekin. Baina salbuespenak daude Gipuzkoako hiru herri eta hiritan: Tolosa, Elgoibar eta Donostia. Kasu horietan zerbitzua Osasun Sailak kontratatutako enpresa batek ematen du, nahiz eta sailak jada iragarri duen anbulantzia horiek publiko egingo dituela 2026an, egungo kontratua amaitzen denean. Uberak iritzi du Osasun Saila onartzen hasi dela anbulantziak pribatizatzeak «arazoak» sortzen dituela; erabakia txalotu du, nahiz eta bide horretan gehiago sakontzeko eskatu dion Jaurlaritzari.
Bestalde, bizi euskarri aurreratu batzuetan, mediku bat joan beharrean, erizain bat joaten da; horiek guztiak pribatizaturik daude. Uberak gaineratu du oinarrizko bizi euskarriak ere —medikurik edo erizainik ez daramatenak— pribatuak direla: La Pau enpresak kudeatzen ditu Araban eta Bizkaian, eta Ambulancias Gipuzkoak Gipuzkoan. La Pauk Eusko Jaurlaritzari jakinarazi dio zerbitzua bertan behera utziko duela azaroaren 30etik aurrera, eta Eusko Jaurlaritza ordezko enpresak bilatzen ari da zerbitzua eskaintzeko.
Ikusi gehiago
Anbulantzien kudeaketak, beraz, eredu bikoitza du, publikoa eta pribatua, eta horrek ondorioak dituela azaldu du Uberak: «Zatiketa horrek arazoak sortzen ditu egunerokoan: langile faltan, artatze denboran, pazienteen segurtasun klinikoan, langileen prestakuntzan eta lan baldintzetan, besteak beste». Iragarri du Eusko Legebiltzarreko etziko osoko bilkuran egingo dutela proposamena, Osasun Sailak larrialdietako ESIaren anbulantzia guztiak publiko egiteko, egutegi eta proiektu baten barruan. Proposamen hori bat dator OPA Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformek atzo egin zuten eskariarekin. Erantsi du etziko osoko bilkuran kontrako adierazpenik entzutea «ulergaitza» izango litzatekeela.
Larrialdietako ESIaren anbulantzia guztiak publiko egiteak onurak ekarriko lituzkeela adierazi du Uberak. Koordinazioa eta protokoloak abiatzea erraztuko lukeela uste du eta, beraz, ondorio horiek alderantzikatzea: artatze denbora laburtzea, langileen prestakuntza hobetzea, pazienteen segurtasun klinikoa ziurtatzea... Izan ere, Uberaren arabera, kontuan izan behar da larrialdiei erantzutea «bermatu beharreko funtsezko zerbitzua» dela, «gertakari larriak tratatzen dituelako, hil ala bizikoak, askotan».
Nafarroa eredu
Uberak Nafarroako Gobernuak egin duen bidea jarri du adibide: Nafarroako Gobernuak iragarri du datorren urtetik aurrera osasun garraioa, hots, anbulantzia guztiak, publikoak izango direla. «Nafarroan ona eta egingarria baldin bada, ona eta egingarria izan behar du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere». Balearretan eta Errioxan (Espainia) neurri bera hartu dutela gaineratu du, eta emaitzak onak direla.