Eusko Jaurlaritzako ordezkariek joan zen hilean aurkeztu zuten Euskorpus, euskara adimen artifizialaren «iraultzara» eramango duen proiektua, arlo digitalean hizkuntzaren presentzia «bermatuko» duena. «Lankidetza publiko-pribatuaren» emaitza zela adierazi zuten; alabaina, gaur Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk salatu duenez, «kanpoan» utzi dituzte sektorean urteetan lanean aritu diren zenbait eragile: besteak beste, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hitz zentroa eta Elhuyar aipatu dituzte. Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari gaiaren inguruan galdetu dio Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak gaur Eusko Legebiltzarrean, eta hark erantzun dio EHU bertan egotera gonbidatu zutela, baina ez ziela erantzun; aipatu du, halaber, berrikuntza proiektuetarako deialdiak egiten direnean «zenbait erakundek» parte hartzeko parada izango dutela. Hain zuzen, azaldu du «ateak zabal-zabalik» daudela aipaturiko eragile horiek ere «parte hartu» ahal izateko.
Euskarak urteetan urratu du bidea teknologia digitalen arloan, eta, azkenaldian, baita adimen artifizialean ere. «Euskal eskalan» gaia «garaiz eta ondo» landu da, Aztiriaren irudiko. Horretan lanean aritu diren erakundeak, ordea —besteak beste, Hitz zentroa eta Elhuyar aipatu ditu—, orain ez dira Euskorpusen parte. «Oso zaila egin zitzaigun ulertzea Euskorpusen berariaz baztertu dituztela», salatu du Aztiriak. Hauek dira partaideak: Vicomtech, Ereil Technologies, Trebe Language Technologies, Euskaltzaindia, Eusko Jaurlaritza, Baleuko, Mixer, EITB, CAF, MCC, Petronor, Euskaltel fundazioa, Kutxabank, PWC eta Logikaline.
Perez Iglesiasek erantzun dio Aztiriaren kritikari. Haren esanetan, Vicomtech da Euskorporaren —Euskorpus sustatzeko sortutako elkartea— buru, eta Industria Sailaren mende dago Vicomtech, baina Euskorporan sartu dira Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila ere. Aztiriak aipatutako eragileak ez egotea «kritikagarria» izan daitekeela aitortu du, baina beraiek «beste modu batera» ikusten dituztela gauzak. Ziurtatu du, esaterako, EHUri eskaini ziotela parte izatea: «EHU ez da kanpoan utzi, gonbidatuta baitzegoen parte hartzera, eta ez zuen erantzun, hauteskunde garaia zelako».
«Ateak zabalik»
Kontuak kontu, Perez Iglesiasek elkarlanerako deia egin du, egongo baita horretarako paradarik, haren irudiko: «Garrantzitsuena da berrikuntza proiektuetarako deialdiak egiten direnean zenbait erakundek parte hartu ahal izango dutela». Aztiriari mintzatu zaio: «Ateak zabal-zabalik daude zuk aipatu dituzuen eragile horiek parte hartu ahal izateko». Sailburuak badu horretarako esperantza: «Beste eragile askok hartuko dute parte, zalantzarik gabe».