EH Bilduk Jaurlaritzako Osasun sailburuaren agerraldia eskatu du, «udan jazotakoa ikusita»

Koalizio subiranistak dio «Osakidetzako arazo larria bere horretan» dagoela, «Laudioko azken heriotzak agertzen duen moduan».

EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Ubera, Osasun Batzordean, artxiboko argazki batean. E. PORTILLO / FOKU
EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Ubera, Osasun Batzordean, artxiboko argazki batean. E. PORTILLO / FOKU
xabier martin
2024ko abuztuaren 27a
15:45
Entzun

Osakidetzaren zerbitzuekin lotutako azken albisteen harira, EH Bilduk gogoratu du azken urteetan mahai gainean jarri izan duela «larrialdi zerbitzuen egoera kaxkarra», eta aurreikusi zuela horrek ekarriko zituen ondorioak. «Zoritxarrez, herritarrak pairatzen ari dira ondorioak. Orain arte, EAJk eta PSE-EEk uko egin diote kudeaketa eredu hori aldatzeari», esan du Rebeka Ubera legebiltzarkideak.

Koalizio subiranistak zerrendatu egin ditu udan gertatu diren askotariko arazoak, Laudioko herritar baten heriotzaren auzira iritsi arte, eta Uberak azaldu du balantze horrek Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren agerraldia eskatzera eraman dituela: «Gertakariak gero eta larriagoak dira, eta udara hau bereziki larria izan da, aurreikusten zen bezala, ESIetako larrialdietako langileentzat eta zerbitzuaren beharra izan duten herritarrentzat».

Medikurik ez egotea, «normalizaturik»

EH Bilduk aipatu ditu gertakari «larri» horietako batzuk: «Arabako koordinazio zentroan medikurik gabe egon dira hainbat egunetan: ekainean, zortzi gautan, eta, egunez, lau egunetan. Uztailean, bederatzi gautan; eta, abuztuan, hamazazpi gautan». Bihotzekoak jota hildako Laudioko emakumearen pasartea ere azaldu du koalizioak, nabarmenduz «40 minutu baino gehiago» igaro zirela anbulantzia gaixoarengana iristeko, «zerbitzuen arteko liskarrak» eta «mediku gabezien arazoak» tarteko, eta, azkenean, hura hil egin zela.

Ondarroako eta Lekeitioko gertaerak ere zerrendara sartu ditu EH Bilduk, eta salatu du «normalizatu» egin dela Oñati-Arrasateko anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egotea. Zerbitzuaren gainbehera islatzen duten jazoera gehiago aipatu ditu koalizioak, eta horiek guztiek erakusten dute, Ubera legebiltzarkidearen arabera, «Larrialdietako zerbitzuko kudeaketan dauden zuloak» ez direla estali; «osasun langileek egoera horiei aurre egin behar diete, baina ez dituzte zuzendaritzaren aldetik protokolo egokirik jasotzen, ezta inolako segurtasun juridiko ezta klinikorik ere».

Horrek guztiak bultzatuta, «sailburuaren agerraldia» eskatu du Uberak, «tartean bai baitaude aintzat hartu beharreko neurriak; besteak beste, orain arteko kudeaketa eredua nabarmen aldatzea, kudeatzaileak barne».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.