EH Bilduk irailaren 21ean hasiko du koalizioaren kongresura iristeko bidea

Koalizioak Konferentzia Politiko bat egingo du irailaren 21ean, eta prozesua gauzatzeko araudia onartuko du. Otegik adierazi du proiektua «berritzen» jarraitzea dela helburua.

Otegi, gaur eguerdiko agerraldian, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Otegi, gaur eguerdiko agerraldian, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko irailaren 9a
13:35
Entzun

EH Bilduk irailaren 21ean ekingo dio koalizioaren kongresu prozesuari, Konferentzia Politiko batean. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak azaldu du hartan zehaztuko dutela kongresuaren data, eta prozesuari ekiteko araudia ere onartuko dutela: «Araudia onartzeak martxan jarriko du prozesua». Konferentzia Politikoa Donostiako Tabakaleran egingo dute, eta xede izango du koalizioaren «analisi eta proposamenak konpartitzea, eta jendea entzutea», Otegiren esanetan: «EH Bildu egokitu behar da fase berri batetara».

Otegik adierazi du konferentzia zein kongresua giro «lasai» batean egiteko asmoa dutela. Izan ere, uste du azken urteetan koalizioak hauteskundez hauteskunde izandako gorakadak eta erabakietan eragiteko «gaitasuna handitu» izanak horretarako aukera ematen diela: «EH Bilduren historia politikoa arrakasta baten historia da. Horrek lasaitasuna eta sosegua ematen dizkigu etorkizunera begiratzeko».

Otegik «setakerietatik aldendu» izana eta testuinguru politikoaren azterketan asmatu izana jo ditu azken urteetako emaitzen oinarri gisa. Besteak beste, «fronte zabalen estrategiaren» eraginkortasuna horren erakusle dela zehaztu du: «Formula on bat da».

Halere, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi du ez dela «autokonplazentziarako» garaia, eta azaldu du Kongresuaren xedeak izango direla koalizioaren proiektua «berritzen» jarraitzea, eta «Euskal Herria bere osotasunean» eta bertan «bizi eta lan egiten duen jendea» erdigunean jartzea: «Ez gatoz siglez hitz egitera, proiektuaz baizik; ez gutaz hitz egitera, herriaz baizik; eta ez gure interesez hitz egitera, jendearen interesez baizik».

«Berritze prozesuari» dagokionez, berriz, azaldu du hura «etengabea» dela: «Hori exijentzia bat da EH Bilduk egon nahi badu jendearen interesak eta beharrak asetzeko». Eta bide horretan, nabarmendu du «belaunaldi berri batek» pisua hartu duela koalizioaren gidaritzan: «Ardura gehiago dituzte, eta uste dut hori ere egonkortu egingo dela kongresu honetan». Hala, ikusteko dago zer presentzia izango duen belaunaldi berri horrek kongresutik aterako den Mahai Politiko berrian, Otegik ez baitu zehaztu zein izango diren aldaketak: «Kidegoari tokatzen zaio erabakitzea nor egongo den edo ez zuzendaritza horretan». Aurrez, baina, bai jakinarazi zuen koordinatzaile nagusi karguari eusteko asmoa duela.

Konferentzia Politika egin aurretik, baina, EH Bilduk agerraldi bat egingo du EH Baiko ordezkariekin batera; ostegun honetan, Donostian. Hura izango da urte politikoari behin betiko hasiera emateko agerraldia, Otegiren esanetan. Izan ere, zehaztu du EH Bilduk, «nazio izaera duen antolakundea» den heinean, Euskal Herriko zazpi lurraldeetara zuzendutako mezu bat helaraztea duela xede.

«Mailaz igo»

Agerraldian, kazetarien galderei erantzunez, Otegik hizpide izan ditu EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek EH Bilduren inguruan esanak ere. Ortuzarrek koalizio subiranistari egotzi dio Eusko Jaurlaritzaren aurka «erasokor» aritzea, Eusko Legebiltzarrean gobernuari zuzendutako 200 eskaera baino gehiago aurkeztu ostean. Otegik, ordea, uste du oposizioaren lana betetzea besterik ez dela koalizioak egindakoa: «Deigarria da norbaitek ulertzea oposizioak galdera parlamentarioak egitea eraso bat dela».

EH Bilduko buruak adierazi du herritarrek «lan egiteko» babestu zutela EH Bildu hauteskundetan, eta horixe egiten ari dela. Hala, galdetu du ea zer egin beharko lukeen koalizioak Laudiokoa bezalako gertaera bati aurre egiteko: «Zer egin behar dugu, txanda-pasa? Oposizioak lan egin behar du, eta guk udan ere lan egin dugu». Beraz, oposizioko indar gisa, gobernuaren kontrolerako «bokazioari, beharrari eta betebeharrari» eutsiko diotela azaldu du.

Otegiren esanetan, jarduera politikoan «gizalegez» aritzeaz hitz egitean, kultura politikoa «mailaz igotzeaz» aritu beharra dago. Eta herritarren intereseko gaiak erdigunean jartzeko asmoa azaldu du: «Osakidetza, estatus politikoa, zaintza, etxebizitza, turistifikazioa, demografia... Horretaz hitz egin nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.