Badago aldarri bat bizi-bizi Iruñeko euskalgintzan: behin eta berriro eskatu izan dute auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezartzea. Oraingoz, eskari hori ez dute bete, baina Iruñeko Udaleko EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak akordio bat erdietsi dute, hiriko haur eskoletan euskarazko beste 101 postu eskaintzeko. Geroa Baik zehaztu duenez, ez dira euskara hutsezkoak izango: «formula mistoa» izango dute.
EH Bilduk xehatu ditu itunaren nondik norakoak: Arrosadia auzoko Printzearen Harresi zentroan, hamasei postu gehiago eskainiko dituzte euskaraz —egun, 43 daude—, eta 46 postu sortuko dituzte Mendebaldea haur eskolan. Orain arte, gaztelerazko eskaintza baino ez zegoen zentro horretan. EH Bilduk nabarmendu du lortu dutela euskarazko eskaintza beste auzo batera zabaltzea, Ermitagaña auzora: «Lehen, eredu horretan matrikulatzeko aukerarik ez zegoen». Donibane auzoan ere haur eskola bat irekitzekoak dira, eta 43 postu izango ditu euskaraz —PSNren arabera, gaztelerazko beste horrenbeste ere eskainiko ditu—. Ez EH Bilduk, ez PSNk ez dute zehaztu euskarazko postu berri horiek euskara hutsezkoak izango diren edo ingelesezko ekintzak ere egin beharko dituzten.
Postu gehiago eskainita, EH Bilduren irudiko, euskarazko eskaintza «auzo gehiagotara zabaltzea eta orekatzea» adostu dute, «herritarren eskaera historikoari erantzunez». Eta horretan jarraituko dutela nabarmendu dute: «Lanean jarraituko dugu akordioak lortzeko hizkuntza murgiltzea bermatuko duen haur eskola eredu baten alde eta haurren garapena eta langileen lan baldintzak lehenetsiko dituen proiektu pedagogiko bideragarri baten alde».
Jakina da PSNk ez duela begi onez ikusi izan haur eskoletan euskara eskaintzea. Esaterako, 2015ean, Joseba Asironek aginte makila eskuratu zuenean, euskarazko murgiltzea ezarri zuen lau haur eskolatan. UPNk eta PSNk segituan esan zuten «euskararen inposizioa» zela, eta auzitara ere jo zuten. Gaur, baina, PSNk prentsaurrekoa eman du, eta ados jartzea lortu izana defendatu du. Marina Curiel bozeramaileak adierazi du familien eskariaren ondorio dela igoera: «Badakigu gero eta familia gehiagok eskatzen dutela beren seme-alabek euskaraz ikastea». Beraz: «Aztertu eta teknikoki ikertu ostean, uste dugu errealitate soziolinguistikoa Iruñeko eskaerara egokitu behar dugula». Nabarmendu du horrela «bizikidetza linguistikoari» bidea zabaldu nahi diotela eta familiei «aukeratzeko eskubidea» bermatu behar zaiela, «denbora askoan euskara konfrontaziorako tresna gisa erabili izan baita»: «Bukatu da euskararen jabe egitea, bukatu da euskara kriminalizatzea. Aski da! Euskara denona da».
«Bukatu da euskararen jabe egitea, bukatu da euskara kriminalizatzea. Aski da! Euskara denona da»
MARINA CURIELPSNren bozeramailea Iruñeko Udalean
Mikel Armendariz Geroa Baiko udaleko bozeramaileak nabarmendu du «pozik» hartu dutela erabakia: «Poza agertu nahi dugu Iruñeko haur eskoletan euskarazko postu gehiago egongo direlako; hezkuntza etapa goiztiarrenean gure hizkuntza finkatzeko eta normalizatzeko aurrerapausoa dakarren neurria da». Halere, Armendarizen arabera, ezarriko duten eredua ez da «hoberena» izango, «formula mistoa» izango baita: «Euskarazko postu kopurua handitzeko erabakia aurrerapausoa dela deritzogu, baina orain ere esaten dugu aukerarik hoberena zera dela, benetako murgiltzea bermatzen duen ereduko zentroak ezartzea».
«Aurrerapausoa dela deritzogu, baina orain ere esaten dugu aukerarik hoberena zera dela, benetako murgiltzea bermatzen duen ereduko zentroak ezartzea»
MIKEL ARMENDARIZGeroa Bairen bozeramailea Iruñeko Udalean
Eskaintza eskasa
Gaur egun, euskarazko eskaintza apala da Nafarroako hiriburuko haur eskoletan. Hain zuzen, Iruñeko Euskalgintza plataformak orain urtebete emandako datuen arabera, euskarazko murgiltze eredua eskaintzen duen zentro bakarra dago hiriburuan —Izartegi haur eskola, Txantrean—, eta beste auzo batzuetan eredu «misto» bat ezarria dute —gaztelaniazkoa, euskarazko jarduera batzuekin, edo euskarazkoa, ingelesezko edukiekin—. Hain zuzen, Iruñeko Udalaren webgunean jasota dagoenez, hirian 82 postu baino ez dituzte eskaintzen euskara hutsean, Izartegi haur eskolan. Horietaz gainera, euskarazko eredua ingelesezko jarduerekin eskaintzen dute Hello Buztintxuri, Lezkairu eta Printzearen Harresi haur eskoletan.
Iruñeko Euskalgintza Taldeak modu «kritikoan» hartu du akordioa
Arratsaldean plazaratu du Iruñeko Euskalgintza Taldeak akordioari buruzko balorazioa. Ez ditu guztiz ase. «Aurrerapausoa» laburregia dela uste dute, eta modu «kritikoan» baizik ezin dela hartu. Izan ere, iruditzen zaie, egun gertatzen den moduan, ataka aski zailean jarraituko dutela haurtxoak euskaraz hezi nahi dituzten Iruñeko sendi askok. «Familiek auzoko eskaintzarekin konformatu beharko dute, eta euskarazko eredurik izan ezean, kilometroak egiten segituko dute seme-alabak euskaraz matrikulatu ahal izateko».
«Eskaintza eta merkatu arauetan» oinarritutako akordio bat dela pentsatzen dute. «Oker handia, izan ere, administrazio publikoen egitekoa da parametro horietatik aldentzea», ohartarazi dute. Aurrez hainbatetan egin duten eran, euskarazko eskaintzak Iruñeko auzo «guztietan» egon behar duela gogoratu dute, eta horren alde borrokan jarraituko dutela.
Akordioak beren aldarriak aintzat hartzen ez dituela nabarmentze aldera adierazi dute, behin ezarrita ere, «euskarazko benetako eredua» duen haur eskola bakar bat egongo dela Iruñea osoan. «Euskara Mendebalde eta Donibane auzoetara zabalduko da. Baina murgiltze eredurik ez». Nahigabetuta daude Donibanen sortzear den haur eskolan ez delako eredu hori eskainiko.