EH Bilduk indarkeria matxistaren biktimen «erreparazio eskubideari» heldu nahi dio

EH Bilduk hamahiru legez besteko proposamen erregistratu ditu Eusko Legebiltzarrean. Besteak beste, Osakidetzaren, energia berriztagarrien eta indarkeria matxistaren inguruan aritu nahi du koalizio subiranistak, irailetik aurrera.

EH Bilduko eledun Nerea Kortajarena, Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
EH Bilduko eledun Nerea Kortajarena, Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
xabier martin
2024ko uztailaren 8a
12:00
Entzun

EH Bilduk hamahiru legez besteko proposamen erroldatu ditu Eusko Legebiltzarrean, irailean irekiko den jardun parlamentarioan eztabaidatu eta lantzeko, «egoeraren eta erronkaren neurriko ekimen parlamentarioa», Nerea Kortajarena koalizio subiranistako eledunak esan duenez. Abiatu den legealdian aurkeztu dituen lehen ekinbide horiek «EH Bilduko talde parlamentarioak hasiera-hasieratik izandako jardunaren emaitza» direla esan du Kortajarenak: «Ostiralean erroldatu genituen, tramitazioaren epeak kontuan hartuta, osoko bilkura irailean biltzen denerako eztabaidatzeko moduan egon daitezen».

Ezker subiranistek erroldatu duten beste legez besteko proposamen bat indarkeria matxistaren ingurukoa da. Kortajarenak helarazi duenez, «2003tik hona indarkeria matxistak 70 emakume eta sei seme-alaba erail ditu». Hala, biktima horien «senide eta lagunen erreparazio eskubideari» heldu behar zaiola esan du EH Bilduko bozeramailea. «Horren inguruko diagnostiko bat egitea proposatzen dugu, erreparazio eskubidea gauzatzeko plan bat egin dadin».

Edonola ere, energia berriztagarriak «modu ordenatuan» hedatzeko beharrari buruzkoa da koalizioak erroldatu duen lehen legez besteko proposamena. Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak 2021az geroztik onartuta egon behar zuen, eta, beraz, hiru urteko atzerapena pilatu da. Kortajarenak gogoratu du bitarte horretan proiektu energetikoak «pilatzen» ari direla «modu desordenatuan», eta «behar-beharrezkoa» dela planifikazioa. «Jaurlaritzari eskatzen diogu Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala urtea amaitu aurretik behin betiko onar dezala».

Osakidetza eta albiste faltsuak

Halaber, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurretik eta kanpainan ere gai gailena dena jorratu nahi du lehenbailehen EH Bilduk, legez besteko proposamenen bidetik ere: Osakidetzaren egoera. «Azken urteotako gainbehera iraultzea premiazkoa eta lehentasunezkoa da», ziurtatu du Kortajarenak. Batetik, pertsonal arloko politika «eraldatzea» proposatu du koliazioak, «egiturazkoak izanda ere egiturazko lantaldean ez dauden lanpostuak azaleratzeko». EH Bilduren helburua da «behin-behinekotasuna murriztu eta plantilla indartzea», eta, horretarako, «kontratu egonkorrak eta erakargarriak» eskaini behar direla uste du. Bestetik, Larrialdiak publifikatzea proposatu du, zerbitzu hori pribatizatzeak «arazoak baino ematen ez dituelako».

«Informazio objektiboa jasotzeko eskubidea bermatu behar da, eta horrek gezurretan oinarritutako informazioei aurre egitea eskatzen du»

NEREA KORTAJARENAEH Bilduko bozeramailea

Haren taldeak erregistratu dituen beste bi legez besteko proposamenen berri eman du Kortajarenak. Lehenak albiste faltsuen arazoa jorratzen du. «Informazio objektiboa jasotzeko eskubidea zaindu eta bermatu behar da, eta horrek manipulazioan eta gezurretan oinarritutako informazioen erabilerari aurre egitea eskatzen du», adierazi du Kortajarenak. Albiste faltsuen gorakada «benetan kezkagarritzat» jo du koaliozioko eledunak, eta jakinarazi du EH Bilduren ustez legebiltzarrak batzorde berezi bat sortu behar duela auzi hori aztertu eta «neurri zehatzak» hartzeko.

Kortajarenak aipatu duen beste legez besteko proposamena Arabako aldiriko trenaren ingurukoa da. Arabako Batzar Nagusiek Altsasu-Gasteiz-Miranda korridorea martxan jartzeko eskatu diote Jaurlaritzari, eta esan du «garrantzitsua» dela legebiltzarrak ere eskakizun horrekin «bat egitea».

«Herritarren kezka nagusiekin lotzen diren gaien inguruan aritu nahi dugu legebiltzarrean», adierazi du, eta legebiltzarrari «daukan garrantzia» emango diola EH Bilduk. Bukatu aurretik ohartarazi du badela «botere legegilea azpiratzeko saiakerarik», eta koalizioak uste du parlamentuetan egin behar direla «herri eztabaida garrantzitsuak».

Sumarren eredua

Bestalde, ostegunean abiatuko da Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek ganberako talde politikoekin —Voxekin salbu— egingo duen bilera erronda, eta Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezek gaur bertan esan du «hitz egiteko prest» dagoela, baina Sumarrek «beste eredu bat» defendatzen duela Osakidetzarako. Ezkerreko legebiltzarkideak azaldu du Pradalesi helaraziko diola «herri akordioez» hitz egin aurretik «herri ereduez» hitz egin behar dela.

Pradalesek Osakidetza «alderdien arteko lehiatik» atera nahi du

Asteon, Eusko Legebiltzarreko taldeekin —VOXekin salbu— eta gizarte eragileekin abiatuko duen bilera errondari begira, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek esan du «elkarrizketarako eta akordiorako prest» dagoela, eta «itxaropentsu» dagoela. Bilera horietan mahairatuko duen «lehen helburua» Osasunaren paktua da. Pradalesek eskatu du Osakidetzaren auzia «alderdien ardeko lehiatik» ateratzeko; uste du horretarako «oinarriak» badaudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.