EH Bilduk ofizialki ekin dio bere III. Kongresuari, Iruñeko Baluarte jauregian. Asteburu honetako hitzorduarekin, amaiera emango dio sei hilabete iraun duen barne prozesuari. Ekitaldia hasi aurretik, Miren Zabaleta Nafarroako koordinatzaileak adierazi du prozesu «arrakastatsua» izan dela, eta hura burututa ziurtasunak eskaintzeko helburua duela EH Bilduk, ziurgabetasunezko egoera politiko honetan. Kongresutik «indarberrituta» ateratzea espero du.
Zutunik, utopian gara aske da kongresu honetarako aukeratutako leloa. «Asteburu honetan EH Bilduko eta ezker independentista eta subiranistako kide asko zutitu egingo gara erronka berriak bistaratzeko eta errealitatea aldatzen jarraitzeko», nabarmendu du Zabaletak, leloaren edukiari aipamen eginez. Haren esanetan, gero eta pertsona gehiagok egiten dute bat proiektuarekin, euskal herritarrei «tresna eraginkorrena eta baliagarriena askatasun eta berdintasun ortzimuga berriak eskaintzeko».
Ikusi gehiago
Zabaletak kazetariei egindako adierazpenen ondotik, Arnaldo Otegik ongietorria egin die parte hartzaile guztiei eta nazioartetik etorritako 43 mugimendu eta alderdietako ordezkaritzei. Harreraren ondoren, Mundu bat noraezean, askapen mugimenduen begirada bat esperantzari solasaldian parte hartu dute Otegik berak, Declan Kearney Irlandako Sinn Feineko idazkari nazionalak, Andile Lungisa Hego Afrikako ANCko zuzendaritzako kideak eta Alina Duarte Mexikoko Morena alderdiaren Formakuntza Politikoko Institutuko buruak.
Nazioarteko solasaldia
Solasaldiaren hasieran, Kearneyri galdetu diote ea nola ikusten duten irlandarrek gaur egungo munduaren egoera eta zeintzuk diren nazio demokrazia eraikitzeko gaur egungo erronkak. Kearneyk, besteak beste, azaldu du gaur egungo gatazka nagusia nazioen aitortzaren eta ukazioaren artekoa dela, eta horren adibide nagusi gisa jarri du Palestinaren adibidea. Garrantzi berezia eman dio Hego Afrikak Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegian Israelen genozidioa salatzeko egin duen urratsari.
Hain zuzen ere, ekinaldi horri erreparatu dio solasaldiko gidariak, eta Andile Lungisari horri buruz eta gaur egungo nazioarteko egoeraz ere galdetu. Bere mintzaldian gogora ekarri du, besteak beste, Sahararen eta Marokoren arteko gatazkan «elkarrizketak» ez duela baliorik izan. Palestinako egoerari buruz, Donald Trumpek asteon egindako adierazpenen ondotik palestinarren alboan egoteko garaia dela aldarrikatu du. Gaineratu du ezker mugimenduak «jokabide morala» izan behar duela, eta elkartasunez jokatu.
Alina Duarteri Latinoamerikako ikuspegiaz galdetu diote, eta gobernu autoritarioen aurrean nola jokatu. Duarteren arabera, ezkerrak utzi egin dio klase eta herrien borroka egiteari, eta bakarrik hauteskundeak ditu jomugan. Haren ustez, 2008ko krisiaren ondorioak ez dira gainditu, eta haren ondotik dator faxismoa. Latinoamerikan, krisiari erantzun zioten ezkerreko gobernuak jada ez daude. «Ezkerrak ez du jakin erantzuten jendearen beharrei», esan du.
Bihar eguerdian ezagutaraziko dituzte bozketen emaitzak, bai hurrengo Mahai Politikoko hautagaien ingurukoa, bai eta estatutuen ingurukoa ere. Datozen urteetan Otegik jarraituko du koalizioaren gidari, baina haren alboan izango diren zuzendaritzako kide berrien inguruko proposamena egin du egungo Mahai Politikoak, eta horri buruz bozkatzen ari dira bilkideak. Bozketa atzo hasi zen, eta bihar amaituko da.
Azken emaitza eta Otegiren itxiera diskurtsoa entzun aurretik, beste hiru mahai inguru egingo dira: bata, euskal nazioari buruzkoa; bestea, euskal esparru komunikatiboari buruzkoa, eta azkena, Askatasun haizeak izenburupekoa.