EH Bilduk gutxiengoan aginduko du Laudion, Omniak Laudioko udal gobernua utzi ostean

Herri plataforma oposiziora pasatuko da, baina ziurtatu du adostutako gaietan elkarlanean jarraituko dutela bi taldeek.

Ainize Gastaka Laudioko alkatea, eta, haren alboan, Ander Añibarro oposizioko burua. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ainize Gastaka Laudioko alkatea, eta, haren alboan, Ander Añibarro oposizioko burua. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko ekainaren 20a
10:35
Entzun

Laudioko udal gobernuan haustura egon da, eta aurrerantzean EH Bilduk gutxiengoan jarraituko du alkatetzan. Orain arte, Omnia herri plataformarekin ziharduen gobernuan, baina haren hiru zinegotziek gobernua uztea erabaki dute. Dena dela, aurreratu dute adostutako gaietan elkarlanean jarraituko dutela bi taldeek. Besteak beste, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) eta Antzokian, udal kiroldegia handitzeko egitasmoan, eta San Roke nagusien egoitzan eta hiltegian aurreikusitako inbertsioetan.

EH Bildu gutxiengoan geratuko da aurrerantzean, zazpi zinegotzirekin. Laudioko udalbatza EAJko sei zinegotzik, Omniako hiruk eta PSE-EEko batek osatzen dute

Ainize Gastaka alkatea buru duen udal gobernua gutxiengoan geratuko da aurrerantzean, zazpi zinegotzirekin. Udalbatza EAJko sei zinegotzik, Omniako hiruk eta PSE-EEko batek osatzen dute. EH Bilduk eta Omniak atzo eman zuten erabakiaren berri, adierazpen bateratu batean. Oharra ez da luzea, eta bi alderdiek azalpen zabalagoak emango dituzte hurrengo egunetan. Hori bai, liberazioak nola geldituko diren argitu dute: udal gobernuak lau liberatu mantenduko ditu; EAJk liberazio osoa izango du, orain arte bezala; Omniak, berriz, erdia; eta PSE-EEk, lanaldi baten %17.

Laudioko Udaleko oposizioa kritiko agertu da bi alderdien jarrerarekin. Ander Añibarro Laudioko EAJko bozeramaileak —legebiltzarkidea ere bada— Aiaraldea agerkariari esan dionez, Omniaren erabakia «ez da ekintza arduratsua», eta, haren ustez, agerian gelditu da EH Bilduk ez duela «gobernu akordio iraunkorrak osatzeko gaitasunik». Loli Muriel PSEko zinegotzia ere antzera mintzatu da. Harentzat, baina, ez da ezustekoa izan, «naturaren kontrako koalizioa» sortu baitzuten udala gobernatzeko.

Laudioko udal gobernua osatzeko akordioak urtebete iraun du. Iazko ekainean, Omniak oso argi adierazi zuen udal gobernuan parte hartzeko asmoa zuela eta azkeneraino negoziatzen ibili zen EH Bildurekin eta EAJrekin. Aurrerantzean, EH Bilduko alkatetzak gai bakoitzaren araberako akordioak bilatu beharko ditu udalean eguneroko erabakiak hartu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.