EH Bilduk berretsi du prest dagoela Gasteizko aurrekontuak babesteko

Rocio Vitero bozeramaileak eskua luzatu dio PSE-EEren eta EAJren udal gobernuari. «EH Bilduk akordioan parte hartzen badu, herritarrek irabaziko dute», esan du. Hartu emanean direla zehaztu du.

Rocio Vitero, gaurko agerraldian, kazetarien aurrean adierazpenak ematen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Rocio Vitero, gaurko agerraldian, kazetarien aurrean adierazpenak ematen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko urtarrilaren 9a
13:50
Entzun

Gasteizko EH Bildu prest dago udal gobernuko alderdiekin, PSE-EErekin eta EAJrekin, iaz egindako aurrekontu akordioa berritzeko. Rocio Vitero eledunak udaletxean egindako agerraldian kontatu du hainbat bider elkartu direla aldeak eta koalizio subiranistak gardentasun osoz jokatu duela horietan. «Sinetsita gaude EH Bildu akordioan badago herritarrek irabaziko dutela», azpimarratu du. «Oposizioko lehen indar gisa dagokigun erantzukizunarekin, hiriak dituen arazoak lehenetsiko ditugu, interes partidisten gainetik», gaineratu du.

Udal gobernuak aurkeztutako proposamena motz gelditzen da EH Bilduren ustez. Horregatik, bost ataletan egin dituzte proposamenak: gizarte babesa, alokairua eta babestutako etxebizitzak, jarduera ekonomikoen sustapena, trantsizio ekosoziala eta Gasteiz bizigarriago egiteko neurri multzo bat; besteak beste, espazio publikoan, aisialdian, kultur eskaintzan eta kirol arloan «hobekuntzak» egiteko. Ez du diru kopuruetan sartu nahi izan. «Diru sailak zehaztu ditugu eta udal gobernuari helarazi dizkiogu, baina eztabaida ez dugu zenbatekoetan zentratu nahi», arrazoitu du.

«Eztabaida ez dugu zenbatekotan zentratu nahi» 

ROCIO VITEROEH Bilduko bozeramailea Gasteizko Udalean

Bozeramaileak gogoratu du negoziaketa ez dutela hutsetik hasi, iaz ere aurrekontuen inguruan ados jartzea lortu zutelako, eta aurtengorako ordenantza fiskala ere elkarrekin onartu dutelako.

Hain zuzen, ordenantza fiskal berria goraipatu du. 2025. urtean Gasteizek aurrekontu handiagoa badu, horri esker izango dela esan du: tasak eta zergak %4 handitzea adostu zuten urrian. Hau da, ia 17 milioi euro gehiago jasoko ditu udalak. «Gasteiztarrek esfortzu bat egin dute. Orain guri dagokigu esfortzua itzultzea eta aurrekontuetan gasteiztarren onurarako izango diren neurriak jasotzea».

2024. urteko aurrekontu akordioa «ia %100ean» bete dela esan du: «Oso pozik gaude». Eta gehitu du emaitzak begi bistakoak direla, eta herritarren bizi kalitatea hobetu dela. Hala, 2025. urtean akordio hori berritu eta hasitako bidean sakontzeko nahia adierazi du.

Elkarrekin ere, hizketan

Elkarrekin koalizioa ere atzo elkartu zen udal gobernuko ordezkariekin aurrekontuen inguruan hitz egiteko. Lau arlotan eskatu zituzten aldaketak euren babesaren truke: gizarte politiketan, etxebizitzan, mugikortasunean eta birziklapen arloan. «Ez dugu intentzio hutsalik onartuko. Ez badute lau lerro hauetan sakontzeko bermerik aurkezten, zaila izango da adostasuna lortzea», abisatu zuen Garbiñe Ruiz bozeramaileak, bi aldeen arteko bigarren bileraren ostean.

PSE-EEren eta EAJren arteko udal gobernua gutxiengoan ari da. Horregatik, oposizioko alderdiren baten babesa behar du derrigor aurrekontuak onartzeko. Maider Etxeberria alkateak «baikor» dagoela esan zuen duela egun batzuk. Asteartean bukatuko da zuzenketak aurkezteko epea, eta lehen eztabaida hilaren 21ean egingo dute. Urtarrilaren 24ean egingo dute bozketa.

Gasteiz da 2025. urterako aurrekonturik onartu ez duen Hegoaldeko hiriburu bakarra. Iruñea izan zen goiztiarrena, azaroan onartu baitzituzten; Donostiak eta Bilbok abenduaren amaieran onartu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.