EH Bilduk adierazi du Gasteizko aurrekontuak aurrera ateratzeko «borondatea» duela

Zaintzaren, etxebizitzaren, trantsizio energetikoaren eta gizarte zerbitzuen arloan egingo ditu zuzenketak EH Bilduk.

Rocio Vitero Gasteizko udaletxeko batzar aretoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Rocio Vitero Gasteizko udaletxeko batzar aretoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko abenduaren 10a
14:55
Entzun 00:00:0000:00:00

EAJk eta PSE-EEk gidatzen dute gobernua Arabako Foru Aldundian, EAJren lemapean. Gasteizko Udalean ere alderdi berak dira agintean, baina PSE-EE da buru. Gutxiengoan ari dira gobernatzen bi erakunde horietan, eta babesa behar dute aurrekontuak aurrera ateratzeko. Aldundiko aurrekontuetarako EH Bildurekin akordioa egin dutela jakin ostean, EH Bilduk adierazi du prest dagoela Gasteizen ere akordioa egiteko.

Gasteizko udal taldeak oposizioarekin egindako bileren ostean, PPk eta Elkarrekin-ek uko egin diote negoziatzen segitzeari. PPren ustez, «jarraipeneko» aurrekontuak dira. Elkarrekin-en ustez, berriz, «hiriak behar duen eraldaketarako lidergoa falta da».

EH Bildu baino ez da prest agertu hitz egiteko, eta azaldu du ados jartzeko borondatea duela. Zaintzan, babes sozialean, erronka energetikoaren arloan, etxebizitzan, garraioan eta kulturako eta hezkuntza publikorako eskaintzetan proposatuko ditu zuzenketak koalizioak.

Rocio Vitero Gasteizko Udaleko EH Bilduko eledunak esan duenez, «aurrekontuak tresna bat dira, eta norabide bat eman behar dute eskubide eta zerbitzu eraldatzaile eta aurrerakoiak indarrean jartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.