Urteroko ohitura da. Iruñean sanferminei hasiera ematen dien suziria udal talde batek jaurtitzen du, eta ordena ordezkaritza handieneko taldetik txikienera zehazten da. Hala, legealdi honetan, alkate izendatu eta berehala Enrique Maiak bota zuen 2011ko suziria. Hurrengo bi urteetan, Geroa Baiko Uxue Barkosek eta PSNko Maite Esporrinek bota zuten, hurrenez hurren. Hala, aurten Bilduko udal taldeari botatzea zegokion, baina Enrique Maiak proposatu du erabaki horri aurre hartu eta Gurutze Gorriak botatzea. Elkarte horrek aurten uztailaren 5ean 150 urte beteko ditu. 19.670 bazkide eta 3.140 boluntario ditu elkarteak.
Erabakiak arrabots politikoa sortu du. Izan ere, alkateak Gurutze Gorria saritu baino gehiago Bildu zigortu nahi izan du, eta susmoa Guillermo Txaberrik UPNko kontseilu politikoko kideak berretsi du. Haren hitzetan, alkateak berariaz hartutako erabakia izan da: «Maia alkateak oso ondo egin du Bilduk sanferminetako txupinazoa eragotzita. Ez dute merezi ohore hori».
Festa batetako suziria nork botatzen duen hirugarren mailako kontua izan arren, erabakiak badu bere esanahi politikoa. Horregatik, EH Bilduk ere erabakia kritikatu du erakusten duelako UPNk Iruñea «bere etxaldea bailitzan» erabiltzen duela. «Akats larria da edozein talde edo gizarte erakunde helburu alderdikoietarako erabiltzea». Eva Aranguren zinegotziaren ustez, hori gertatu da orain. «Zentzugabea da sanferminen inguruko lehen erabakia baztertzailea eta sektarioa izatea». Arangurenen ustez, bere udal taldeak zilegitasuna du txupinazoa botatzeko, eta, gainera, azpimarratu du herritar guztiek dutela eskubidea bizitza politikoan parte hartzeko.
Ez da lehen aldia
Barcina alkatetzara iritsi zenetik, ez da lehen aldia udal taldea ez den erakunde batek botatzen duela suziria. 2000n Osasunako kapitain Cesar Palaciosek bota zuen, taldeak lehen mailara igotzea lortu berri zuelako. Urte hartan, HBri zegokion botatzea. Erabakia urtebete atzeratu zen, baina 2001ean Barcinak deliberatu zuen suziria Fermin Tajadura Portland San Antonioko presidenteak botako zuen. Hurrengo urteetan ohitura itzuli zen, eta udal taldeek jaurtitzen jarraitu zuten, 2010era arte. Urte hartan, ANVri zegokion suziria botatzea eta 150 urte betetzen zituelako Buruhandi eta Erraldoien Konpartsari egokitu zitzaion.
Gurutze Gorriko Mikel Martinezek, berriz, «emozioz» hartu du albistea, elkartearen lana aitortu duelako udalak. «Ez da soilik aitortza bat anbulantzietarako boluntarioen lanari, baita ikusten ez den eta baloratzen ez den lanari ere. Ezin da diruarekin ordezkatu egiten duten lana», esan du.
Bilduk ez, Gurutze Gorriak botako du txupinazoa aurten
Urtero sanferminetako suziria jaurtitzea udal talde bati dagokio, baina Maiak Gurutze Gorria proposatu du aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu