EH Bildu ez dago prest babesteko EAJk eta PSE-EEk —haiek daude agintean— Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietan aurkeztu duten zerga erreforma. Hiru aldundiak koalizioan gobernatzen dituzten bi alderdiek proposatutakoa ez da, indar subiranistaren ustez, benetako zerga erreforma bat, «baizik eta kenkari efektisten zerrenda bat, zerga bilketarako ahalmena murrizten duena», esan du gaur, prentsaurrekoan, Nerea Kortajarenak. EH Bilduren Programa idazkaria da Kortajarena, eta koalizioaren bozeramailea Eusko Legebiltzarrean.
EAJ eta PSE gobernatzen ari dira hiru aldundietan, eta, harmonizazio fiskalaren izenean, zerga erreforma foru erakunde guztietan onartu nahi dute. Bizkaian gehiengo osoa dute bi alderdiek, baina Gipuzkoan eta Araban, ez. Ondorioz, beste alderdi baten babesa behar dute erreforma onartzeko.
EH Bilduk erreforma horretarako ekarpenak plazaratu zituen 2024ko urrian, baina, Nerea Kortajarenak azaldu duenez, EAJk eta PSE-EEk ez diete jaramonik egin. «Erreforma sakon bat egin beharrean, azaleko doikuntza bat aurkeztu dute, ukitu fiskal soil bat, egiturazko arazoei heldu beharrean egoera makillatzen duten kenkariak eskaintzera mugatzen dena». EH Bildu ez dago prest hori babesteko. «Arau proposamen hau oso urrun dago egungo egoera ekonomikoak eskatzen duen erreformatik».
«Erreforma sakon bat egin beharrean, azaleko doikuntza bat aurkeztu dute, ukitu fiskal soil bat, egiturazko arazoei heldu beharrean egoera makillatzen duten kenkariak eskaintzera mugatzen dena»
NEREA KORTAJARENAEH Bilduren Programa idazkaria
Kortajarenak argudiatu du EAJren eta PSE-EEren proposamenak «ziurgabetasuna handitzea eta diru bilketa murriztea» ekarriko duela. Haren aburuz, «kezkagarria da, herritarren ongizaterako funtsezkoak diren zerbitzu publikoen kalitatean eragin zuzena izango baitu». Atzo bertan, EH Bilduko zenbait alkatek adierazi zuten foru funtsetik jasoko duten diru kopurua murriztuko dela, eta horrek bereziki eragingo duela zerbitzu sozialetan.
Zuzenketa partzialak
Kortajarenak iragarri du osoko zuzenketaz gain zuzenketa partzialak ere aurkeztuko dituztela. EH Bilduk, keinu horrekin, atea ireki dio elkarrizketari, «benetako zerga erreforma batean landu behar diren funtsezko gaiei buruz eztabaidatzeko».
Kortajarenak esan duenez, «azken zerga erreformak PPrekin adostu dira», eta horren ondorioa izan da, EH Bilduren ustez, bilketaren zama langileen gain eta enpresa txikien gain jarri dela. Egoera hori konpontzeko, EH Bilduk hiru Batzar Nagusietan proposatuko du «PFEZen kapital errentei ematen zaien tratu pribilegiatua ezabatzea eta lan errenten tributaziora hurbiltzeko» zenbait neurri ezartzea.
Horrekin lotuta, beste zuzenketa bat ere aurkeztuko du koalizioak. «Kapital errentetarako eskala berri bat sartzea, Nafarroakoa bezalakoa, egungoa baino progresiboagoa eta euskal lurraldeen arteko dumping fiskala eragotziko lukeena». Nafarroako eredua hartuta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskalan bi tarte gehitu nahi ditu «progresibitatea handituz joateko».
Kenkariak aplikatzeko eredua aldatzeko beharraz ere mintzatu da Kortajarena, eta Europako beste herrialde batzuen antzeko sistema bat ezartzea proposatu du. «Gaur egun, laguntza asko (etxebizitza, desgaitasuna, familia) errenta aitorpeneko kenkari gisa ematen dira, eta horrek kanpoan uzten ditu errenta baxuenak. Kenkari horiek itzulgarriak izatea proposatzen dugu, urtean 20.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenei ere onurak ekarriko dizkietela bermatzeko», azaldu du.
Enpresa handiei dagokienez, EH Bilduk zera proposatzen du, enpresek mozkinen gaineko zerga oinarri eraginkorra ordaintzen dutela bermatzeko, «gutxieneko kuota erreal bat ezartzea, kenkariek eta salbuespenek beren ekarpen fiskala nabarmen murriztu ez dezaten». Hori funtsezkoa da, haren ustez, Talgon egin den bezala, industria sarean inbertsio publikoari eusteko.
Ondarearen gaineko zerga erreformatzea ere nahitaezko irizten dio EH Bilduk, eta horrekin lotuta, «urtea amaitu baino lehen ondarearen gaineko zergaren erreforma aurkeztea proposatu dute, «gutxienez egungo ondarearen gaineko zergaren eta fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zergaren inposaketa bateratuari eusteko».
Beste zuzenketa bat honen ingurukoa izango da: adingabeak zaintzeagatiko kenkaria gizonen eta emakumeen artean berdintzen dela bermatzeari buruzkoa. Eta, etxebizitzen alokairua sustatzeko jabeei ematen zaizkien hobariek benetan prezioak jaistea ekar dezaten, EH Bilduk proposatuko du hobari horiek lotuta egotea alokairua Bizigune programa publikoaren barnean sartzearekin edo erreferentzia indizeak ezarritako gehienezko prezioak errespetatzearekin.
EH Bilduren esanetan, bere proposamenak onartuko balira, «899 milioi gehiago bilduko lirateke». Eta EAJri eta PSEri galdera egin die: «Nola finantzatuko ditugu gure zerbitzu publikoak zergak murrizten badituzue?».
«Heldutasun falta»
EAJren Euzkadi Buru Batzarrak, berriz, «akordio errealista, arduratsu eta garrantzitsuak lortzeko heldutasun falta» egotzi dio EH Bilduri: «Nagusiki, etxebizitza bat erosi edo alokairu sozialera sarbidea nahi duten milaka euskal gaztek ordainduko dute heldutasun falta hori».
Jeltzaleek Europa Pressi adierazi diotenez, koalizio subiranistak negoziazioak hautsi zituen zuzenketen inguruko eztabaidari erreparatzeko asmoz. Halere, gehitu dute akordio bat eskuratzeko eskua luzatuta izango dutela «azken minutura arte». Hala, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesen esanak bere eginda, EBBko iturriek «edukietan zentratzeko» eskatu diote EH Bilduri, jada «luzapenean» daudelako zerga erreformaren aferarekin. Era berean, «osasun hesirik» ez jartzeko eskatu dute, Elkarrekin-ekin eta PPrekin negoziatzeko atea ere irekita utzita.