EH Bilduk ez die osoko zuzenketa aurkeztuko Eusko Jaurlaritzaren 2025erako aurrekontuei. Hala iragarri du koalizioaren eledun Pello Otxandianok, eta azaldu du negoziatzen jarraitzeko asmoa dutela: «Honetara ezkero, uste dugu merezi duela aurrera jarraitzea». Noel D' Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak erantzun dio negoziazioa «beste fase batean» sartu dela. Hain zuzen, gaur da osoko zuzenketak aurkezteko azken eguna Eusko Legebiltzarrean, eta PPk, Sumarrek eta Voxek eurenak aurkeztuko dituzte.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Otxandianok adierazi du «elkarrizketari eta negoziazioari» bide eman nahi diotela, eta horregatik ez dutela osoko zuzenketarik aurkeztuko; bai, ordea, zuzenketa partzialak. Azaldu du oraindik badagoela akordio batera iristeko denbora, eta aukera baliatzeko asmoa dutela: «Aste batzuk baditugu, eta aukerak probestu egin behar dira».
Haren esanetan, orain arteko bidea ez da erraza izan. Kontrara, «gorabeheratsua» eta «kontraesanez betea» izan dela azaldu du, eta azken asteetan Eusko Jaurlaritzak «inprobisatu» egin duela salatu du. Halere, honaino ailegatuta, hitz egiten jarraitu nahi du: «Bide bat egin dugu orain arte. Esparru batzuetan, posizioak hurbildu egin dira, eta gai batzuek, berriz, distantzia dezentekoa markatzen dute». Zehazki, Otxandianok azaldu du gutxieneko soldataren inguruan egindako proposamenari dagokionez «aurrerapauso bat» eman dela, baina etxebizitza publikoak ugaritzeko neurriei dagokienez urrun daudela bi aldeak: «Uste dugu etxebizitza politikek sakoneko aldaketa bat behar dutela».
Orain arte, koalizio subiranistak hiru proposamen egin dizkio Jaurlaritzari. Lehena Jaurlaritzarako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietarako proposamen bateratua izan zen, eta beste biak, Jaurlaritzarako bakarrik. Horien artean lehenak etxebizitza, lanbide arteko gutxieneko soldata, zaintza eta fiskalitatea jorratu zituen, baina bigarren proposamenak kanpoan utzi zituen azken bi arloak. «Akordiorako aukerak esploratze aldera», Otxandianoren esanetan.
Hala, Noel D'Anjou Ogasun sailburuak esanei erantzun die Otxandianok. Sailburuak adierazi zuen EH Bilduren azken proposamenarekin «atzerapauso» bat eman dela, fiskalitatearen gaia jorratu delako. EH Bilduk, baina, ukatu egin du, eta egindakoa arrazoitu: «Guk konpromisoa hartu genuen Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu negoziazioa eta erreforma fiskalaren negoziazioa bereizteko. Eta hori bete dugu».
Proposamenetako batek eztabaida piztu du; izan ere, etxebizitzari lotutako neurrietako bat da etxea erreferentziazko indizetik behera alokatzen dutenei hobari fiskalak ezartzea eta haren gainetik alokatzen dutenei penalizazioak ezartzea. Otxandianok esan du neurri hori hasieratik zegoela arlo horri lotutako neurrien artean. Halere, aurreratu du hura kanpoan uzteko prest daudela, «akordioa errazte aldera». Gaineratu du Jaurlaritzak egin dien proposamena ez dela nahikoa, 2022ko aurrekontu akordioan hitzartutako diruaren «erdia baino gutxiago» jarri duelako mahai gainean.
D'Anjou: «Oposizioaren ahots kritikoa jaso dugu»
Osoko zuzenketak aurkezteko epea amaituta, azken asteetan EH Bildurekin, PPrekin eta Sumarrekin izandako elkarrizketen berri eman du Noel D'Anjou Ogasun sailburuak. Oro har, eskertu egin du talde guztien «zintzotasun tonua eta giro ona». Sumarrekin hiru aldiz bildu dira, eta, haren esanetan, «ez da posible izan gobernuarengandik politikoki urrun dagoelako». Sumarrek osoko zuzenketa aurkeztu du, baita 700 milioi euroren zuzenketa partzialak ere.
PPrekin, berriz, lau aldiz bildu da Jaurlaritza. D'Anjouren arabera, «mugiezin» azaldu da, Jaurlaritzaren proposamenei erantzunik eman gabe, bi esparrutara mugatuz bere ikuspegia. EH Bilduk ez duenez azkenean osoko zuzenketarik aurkeztuko, D'Anjouk nabarmendu du «legebiltzarraren %10k bakarrik» egingo duela gobernuaren proposamenaren kontra.
Koalizio subiranistarekin bost aldiz bildu dira, eta, haren hitzetan, «gobernuaren planteamenduetara eta politiketara gerturatu da». Negoziazioaren hurrengo fasera begira, diskrezioa eskatu du. «Inprobisazioari eta koherentzia ezari buruzko kritikek ez dute laguntzen, eta ez diegu erantzungo», aipatu du, Otxandianok egindako aipuei erreferentzia eginez.
Aurreratu du EAJk eta PSE-EEk 34 zuzenketa partzial aurkeztu dituztela, 15,5 milioi eurorenak, arlo hauetan: osasungintza, etxebizitza, euskara, lehen sektorea, enplegua eta segurtasuna. «Oposizioaren ahots kritikoa jaso dugu, trukean ezer espero gabe, gure gobernatzeko eta politika egiteko modua delako». Zehaztu du zuzenketa horien balio ekonomikoa ez dela garrantzitsuena: alde batetik, negoziazioan «trukatzeko aukera» egongo delako, eta, bestetik, orotara 120 milioi eurora iristeko prest direlako—urte bakar bat ez, legealdiari begirako konpromisoa litzateke—. «Negoziazioan guztia emateko prest gaude».
Hautesleei «huts»
Goizean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresek ere hizpide izan du bi aldeen arteko negoziazioa, eta adierazi du litekeena dela akordioa «gertu» egotea. Onda Vascan egindako elkarrizketan, Torresek esan du «seinale ona» dela oraindik ere negoziatzen aritzea, eta EH Bilduren gain jarri du haustura posible baten zama.
Torresen esanetan, Eusko Jaurlaritzak akordiorako borondate sendoa izan du hasiera-hasieratik, nahiz eta EAJk eta PSE-EEk baduten horiek aurrera ateratzeko gehiengo osoa. Hala, haren iritziz, akordiorik ezean EH Bilduk «huts» egingo lieke hautesleei: «Espero dugu aurrekontuetan ere erakustea oposizioko lehen alderdi gisa duen ardura».