EH Bilduk txarretsi egin du Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa esparruei uko egin izana

Kortajarenak adierazi du beste «bulkada politiko» bat behar dela. Ubarretxenak erantzun du ateak zabalik dituztela, baina «konpromisoa» eskatu du.

Nerea Kortajarena, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Nerea Kortajarena, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko otsailaren 21a
12:10
Entzun

EH Bilduk eta Eusko Jaurlaritzak bat egin dute egungo testuinguru gorabeheratsuaz aritzean, baita akordioen beharra adieraztean ere, baina ez dira iritzi berekoak gobernua horiek ixteko egiten ari den urratsen inguruan. Hain zuzen, EH Bilduko eledun Nerea Kortajarenak txarretsi egin du Jaurlaritzari elkarrizketa esparruei muzin egin eta funtsezko eragileak baztertu izana. Maria Ubarretxena Jaurlaritzako eledunaren esanetan, baina, euren ateak zabalik daude.

«Ziurgabetasun garaia» dela esan du Kortajarenak, eta Ubarretxenak «polarizazioari, desinformazioari eta desafekzioari» eta «giro geopolitiko nahasiari» erreparatu die. Biek ere horri erantzuteko neurriak hartzeko beharra nabarmendu dute. EH Bilduko eledunak adierazi du «anbizioa eta ausardia» behar direla egoera horri aurre egingo dion «bulkada politikoa» bermatzeko. Jaurlaritzako bozeramaileak, berriz, «kultura demokratikoaren eraldaketa» sustatu behar dela esan du. 

Hortik aurrera, baina, desadostasunak azaldu dituzte. Izan ere, Kortajarenak ez du argi zer gobernantza eredu garatu nahi duen Jaurlaritzak. Salatu du oposizioak eskainitako elkarrizketarako esparruei uko egin dietela, eta, Euskorpusen aurkezpenari erreferentzia eginez, gehitu du gai estrategikoetan «funtsezko eragileak bazter batean uzten» dituela. Horregatik, hala zuzendu zaio sailburuari: «Ez dago gobernurik gai izango denik esku artean ditugun erronkei berak bakarrik erantzuteko». Hitz horiekin, Kortajarenak adierazi du EH Bildu dagokion erantzukizuna hartzeko prest dagoela, eta Jaurlaritzari eskatu dio hori baliatzeko: «Zuen esku dago».

«Ika-miketan tematu gabe»

«Akordioak pilatzearen artea da politika», erantzun du Ubarretxenak, eta adierazi Eusko Jaurlaritzak ateak zabalik dituela horretarako: «Ika-miketan eta desberdintasunetan tematu gabe, zergatik ez gara kokatzen akordioetan eta politika publiko potenteetan?». 

Halere, Gobernantza sailburuaren esanetan, egungo «arazo konplexuei» erantzuteko ez dira nahikoa «soluzio sinpleak», ezta akordio hutsak ere. Ez, behintzat, horien atzean «benetako konpromisorik» ez badago: «Kultura demokratikoaren benetako eraldaketa sustatu nahi badugu, egiteko modu berriak eta tresna berriak behar ditugu». Eta horretarako «kultura demokratikoa indartzeko marko estrategiko bat» erabiliko dutela azaldu du, eta «desinformazioaren aurka» egingo dutela.

Ubarretxenak lau erronka handi identifikatu ditu: etxebizitza, osasuna, ekonomia eta enplegua. Kortajarenak horietako bat baliatu du Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien arteko tirabirei erreparatzeko. Gogoratu duenez, Eusko Jaurlaritzak helegite bat aurkeztu zuen Espainiako Etxebizitza Legearen aurka, baina PSE-EEko sailburuek haren erabilgarritasuna defendatzen dute. Hala, adierazi du EAJk eta PSE-EEk gai estrategikoetan dituzten iritzi kontrajarriek eragin kaltegarriak dituztela politika publikoetan eta herritarrek politikarekiko duten ikuspegian: «Desafekzioa sortzen dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.