EH Bilduk «etxebizitza politika publiko proaktibo bat» nahi du, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, eta, Eusko Jaurlaritzaren 2025eko aurrekontuen negoziazioaren esparruan, hainbat neurri zerrendatu ditu gobernuari helarazi dion proposamenean, besteak beste, «alokairuen prezioak arautzen dituen Estatuko Etxebizitza Legea aplikatzea hiru hilabeteko epean». Gogoratu behar da Jaurlaritza lege hori aplikatzearen oso aurkakoa dela, bere eskumenak urratzen dituelakoan. Horrez gain, koalizioak nahi du Jaurlaritzak, foru aldundiekin lankidetzan, «erreferentzia prezioen indizeen sistema propio bat garatzea», eta tentsio handiko eremuei buruzko azterketak amaitzea, «baldintzak betetzen dituzten eremuak izendatzeko».
Halaber, koalizio subiranistak etxebizitza politikan sartu du zerga neurriak abian jartzea. Proposatu du «hobariak eta penalizazioak ezartzea jabe errentariei, erreferentzia prezioen indizeen sistema propio baten arabera». Horrekin batera, gobernuak lehentasunez erosteko eskubidea balia dezala nahi du, «2025ean merkatu librera pasatuko diren babes ofizialeko etxebizitza guztiak erosteko, alokairu sozialean eskaintzeko». Kalkulatzen dute 2.342 etxebizitza izango direla horiek, eta guztiak erosteko 350 milioi euroko aurrekontua beharko dela.
Era berean, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea beharrezkotzat jotzen du EH Bilduk, eta «jabe handien eta inbertsio funtsen etxebizitza hutsei zerga autonomo eta finalista bat aplikatzea» ere bai, etxebizitza horiek alokairu babestu gisa erabiltzeko.
Gutxieneko soldata ezarri
Eusko Jaurlaritzako bazkide biek, EAJk eta PSE-EEk, gehiengo absolutua dute Eusko Legebiltzarrean gobernuaren aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko, baina oposizioaren babesak gehitzen duen indarra lortu nahian, negoziazio aro bat martxan da, eta EH Bilduk eskaera jakin batzuk egin zituen aurreko asteartean, Nerea Kortajarena eta Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak Jaurlaritzako Ogasun sailburu Noel d'Anjourekin elkartu zirenean.
Etxebizitza politikaren esparruan kokatuko litzateke koalizioaren eskaera ekonomikorik handiena, proiektuak jasotzen dituen 15.728 milioi euroren %2,2 aldatzeak eskatzen baitu 2.300 etxebizitza baino gehiago erostea babes ofizial gisa eskaintzeko, hau da, 350 milioi inguru.
«Errealitate sozioekonomikoaren arabera» ezarritako gutxieneko soldata hori administrazio publikoetan aplikatzea nahi du EH Bilduk, bai eta «azpikontratatutako enpresetan eta diru laguntza publikoak jasotzen dituzten kontratazioetan» ere
Ezkutu soziala indartzea da koalizioaren bigarren eskaera, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «ezaugarri sozioekonomikoen araberako lanbide arteko gutxieneko soldata bat» ezartzeko asmoz. Jaurlaritzari jarri dio mahai gainean bide orri bat ere, Espainiako gutxieneko soldata erreferentzia gisa baztertu eta gutxieneko propioa sortzeko: 2025eko lehenengo bi hilabeteetan, negoziazio kolektiborako mahai baten deialdia eskatu du koalizioak, «lanbide arteko akordio bat sinatzeko asmoz legezko zilegitasuna duten enpresarien elkarteak eta sindikatuak elkartzeko» . Hala, «euskal errealitate sozioekonomikoaren arabera» ezarritako gutxieneko soldata hori administrazio publikoetan aplikatzea nahi du EH Bilduk, bai eta «enpresa azpikontratatuetan eta diru laguntza publikoak jasotzen dituzten kontratazioetan» ere.
Zaintza eta zerga erreforma
Zaintzak dira koalizioaren hirugarren zutabea 2025eko aurrekontuen negoziazioari begira egindako proposamen sakonean. Alor horretan, «irabazi asmoa desagerraraztea» nahi dute. «Guztiok nahi dugun Zaintzen Sistema Publiko Komunitarioa eraikitzeko bidean, premiazkoa da zaintzen eremuan irabazi asmoa desagerrarazteko konpromiso politiko argia hartzea»; hala idatzia utzi du EH Bilduk Gasteizko gobernuari igorritako proposamenean.
Eta fiskalitatea da eserlekuaren laugarren hanka. «Neoliberalismoaren osteko fiskalitate baten oinarriak» jartzeko eskaera egiten du EH Bilduren proposamenak, zerga erreforma baten bitartez: «Kapitalaren fiskalitatea lanaren fiskalitatera modu esanguratsuan hurbiltzea» litzateke erreforma horren helburu bat. «Progresibitate handiagoa» eskatzen dute errenta aitorpenean; sozietate zerga «osorik berrikustea»; «fortuna handien gaineko zerga» ezartzea; eta «iruzur fiskalaren behatokia» sortzea.
Sumar, 300 milioiren aldaketak
Sumar koalizioa ere aurrekontuen negoziazioan dabil Jaurlaritzarekin, haren legebiltzarkide bakarraren babesa posible ote den argitzeko. Jon Hernandez da ordezkari hori, eta gaur esan du «aukera gutxi» daudela akordio baterako. Ez du ezkutatu Sumarrek «aldaketa mardulak» eskatzen dituela aurrekontuetan. Osasun alorrean 200 milioi euroko inbertsioak proposatu ditu eta 100 milioi eurokoak etxebizitzarenean. Hernandezek uste du Gasteizko gobernuak ez duela asmorik «ezertxo ere aldatzeko», eta uste horrekin daude loturik akordioari eman dizkion «aukera txikiak».