EH Bilduk eta Sumarrek azalpenak eskatu dizkiote Jaurlaritzari, Anoetan Ertzaintzak zauritutako andrearen auzia dela eta

EH Bilduren arabera, bideoak argi erakusten du agente baten «bortizkeria funsgabea». Sumarrek galdetu du ea Jaurlaritzak Ertzaintzaren bertsioari eusten dion.

Ertzaintza, Realaren eta PSGren arteko partidaren aurretik. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Ertzaintza, Realaren eta PSGren arteko partidaren aurretik. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 27a
18:20
Entzun

EH Bilduk eta Sumarrek Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskatu diote ikertzeko zer gertatu zen Realaren eta PSGren arteko norgehiagokaren aurretik, eta «erantzukizunak» hartzeko. Futbol partida haren atarikoan, Ertzaintza jarraitzaileei oldartu zitzaien, eta emakume bat ospitaleratu behar izan zuten buruan hartutako kolpe batengatik. Orain, gainera, Noticias de Gipuzkoa egunkariak une hartako bideo bat argitaratu du, non emakumea ikusten den lurrera erortzen eta altxatu nahian topoaren Anoetako estazioaren ondoan esertzen, buruan hartutako kolpe batez kexu dela. Jarraian, zaleen aurkako oldarraldian parte hartzen ari zen ertzain batek ostiko bat ematen dio.

Hasieratik, emakumeak eta haren ingurukoek adierazi zuten foam pilota batek jo zuela buruan, eta hura ez zela inongo istilutan parte hartzen ari. Kolpearen eraginez, baina, Donostiako Ospitaleko zainketa intentsiboen unitatean ospitaleratu zuten: buruan odol isuria izan zuen, eta larrialdietan egon zen bost egunez. Orduan, Josu Erkoreka Segurtasun sailburu ohiak adierazi zuen bazela drone batekin egindako grabaketa bat, eta indar egin zuen une hartako «mobilizazio handian». Donostiako Justizia Jauregiko epaile batek, baina, kereila artxibatu zuen behin-behinean, arrazoituta ez dela argitu nork tiro egin zuen.

Bideoaren berri izan ostean, baina, azalpen eskaerek indar hartu dute berriz. EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagaren esanetan, bideoak agerian uzten du Ertzaintzako agente baten «bortizkeria funsgabea», eta, ondorioz, baita polizien «ekintza biolento eta neurrigabeen aurkako neurri sendoagoak» hartzeko beharra ere. Hala, zehaztu du azkenaldian irekitako diziplina espedienteak aztertzeko baimena eskatu dutela, kasu horretakoa barne. Halere, uste du horiek «legez kontrako polizia ekintzen icebergaren punta» baino ez direla, eta irekitzen direnean ere sarri ez dutela ondoriorik izaten.

EH Bilduko kideak adierazi du herritarrak «kezkatzen» dituen gai bat dela, eta biktimek —Anoetakoa barne— «ordaina eta justizia» izateko moduaz eztabaidatu behar dela. Are gehiago, kasu honetan uste du afera auzitara ere eraman daitekeela: «Emakumeari lurrean zegoela eraso zitzaion, foam jaurtigai batekin tiro egin ostean. Ertzaintzaren beste ekintza biolento batzuekin bat egiten duen epe batean; Tolosa, Gasteiz, Bilbo eta Astigarraga».

Bost galdera

Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezen esanetan, berriz, Ertzaintzaren bertsioa «inkoherentziaz eta kontraesanez» betea dago, eta «gehiegizko polizia indarkeria» ikertzeko deia egin du. Hala, Sumarrek galdera sorta bat zuzendu dio Eusko Jaurlaritzari, gertatutakoa argitzea eta «istripu edo negligentzia» bat izan zen zehaztea xede: «Familiak salatu du traba judizial eta polizialak izan direla benetan gertatu zena ezbeharra edo negligentzia izan ote zen argitzerakoan».

Zehazki, Sumarrek Jaurlaritzari galdetu dio ea zer irizten dion gertatutakoari, baita Ertzaintzaren jarrerari ere, eta ea asmorik ba ote duen Segurtasun Sailak «benetan gertatutakoa» ikertzeko. Era berean, bideoa hizpide, Hernandezek galdetu du ea ikusia duten, eta ea hura argitaratu ostean ere Jaurlaritzak Ertzaintzaren bertsioari eusten dion: hau da, emakumeak jasandako lesioa ez zela izan foam jaurtigai baten ondorio. Azkenik, ostikoaren harira, galdetu dio ea neurririk hartuko duen agente horren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.