Egunotan Fitur turismo azoka egiten ari dira Madrilen. Besteak beste, Nafarroak jarri du postu bat, eta bisitan izan dira Laura Aznal, EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailea eta Unai Hualde, Geroa Baiko eledun eta Nafarroako Parlamentuko presidentea. Biek ala biek euskararen falta salatu dute.
Hain zuzen, zera gaitzetsi du Aznalek: euskararen presentzia ez dagoela bermatuta postu horretan. Errespetu falta begitandu zaio: «Navarra soilik ikusten dugu, ez Nafarroa, eta uste dut errespetu falta dela; are gehiago orain, turismoa Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuaren barruan dagoenean».
Halatsu mintzatu da Hualde ere. Haren esanetan, «benetan penagarria eta negargarria» da postuan euskara «behar bezala» ez egotea: «Bi hizkuntza propio dauzkagu, eta ez da onargarria».
Aznalek eta Hualdek esana agerian geratu da Nafarroako Gobernuak bere webgunean ipini dituen zenbait argazkitan. Esaterako, horietako batean, ordezkari politiko batzuk ageri dira handi-handian Navarra jartzen duen kartel baten pean; atzean, pantaila batean, cuida de nuestro secreto idazkia ageri da (zain ezazu gure sekretua). Beste zenbait argazkitan, eledunak hitzaldiak ematen ageri dira; horien aurkezpena gazteleraz dago lehenengo, eta, gero, euskaraz.
Aznalek nabarmendu du, halaber, EH Bilduk «apustu argia» egiten duela Nafarroaren garapen ekonomikoaren alde, eta, beraz, turismoaren alde: «Turismoa Nafarroako ekonomiaren zati garrantzitsu bat da». Alta, euskararen tokia ere aldarrikatu du: «Erriberatik Pirinioetara, gure turismoak tresna bat izan behar du, gure hizkuntza, kultura eta ohiturak ezagutarazteko». Horregatik, zehaztu dute zein turismo ereduren alde egiten duten: jasangarria; begirunetsua; soziala; nafarren hizkuntza, ohiturak eta ondarea ezagutaraztean oinarrituko dena; eta ingurumena eta ingurua errespetatuko dituena.
Gaur Fiturren izan dira Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea eta gainerako talde parlamentarioetako ordezkariak ere. Bisitariei dei egin die Txibitek: «Goza dezatela Nafarroako bizi kalitateaz, senti daitezela nafar bat bezala, ezagut dezatela gure bizimodua, goza dezatela gurekin».