EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ardurak eskatu dituzte Ertzaintzak Tolosan egindako oldarraldiarengatik

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak esan du Tolosan larri zauritu den gaztearen auzia «guztiz argituta geratzea» dela Jaurlaritzaren helburua. Ebakuntza egiteko esperoan dago gaztea, ospitalean.

Gaztea zauritu zen lekuan bildu dituzte irudiko foam jaurtigaiak. Ezkerrekoa erabilitakoa da, eskuinekoa, erabili gabea. BERRIA
Gaztea zauritu zen lekuan bildu dituzte irudiko foam jaurtigaiak. Ezkerrekoa erabilitakoa da; eskuinekoa, erabili gabea eta leku berean agertu dena. BERRIA
Aitor Biain - Mikel P. Ansa
2024ko otsailaren 13a
14:25
Entzun

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek argibideak eskatu dituzte Tolosako (Gipuzkoa) inauterietan Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz zauritutako gaztearen inguruan. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Ertzaintzaren barne espedientea eskatu du, «operatiboa argitzeko», eta «erabateko gardentasuna» galdegin du.

Astelehen goizaldean, inauterietan, liskarrak sortu ziren Tolosan, eta gazte bat larri zauritu zen; gazteak berak esandakoaren arabera, Ertzaintzaren foam jaurtigai batek eragin zion zauria. Ospitalera eraman zuten, begian zauri larria eragin ziolako jaurtigaiak, eta han dago oraindik, ebakuntzaren zain; handitua du begi ondoa, eta jaistera itxaron behar dute ebakuntza egiteko; ondo bidean, ostegunean egingo diote ebakuntza. Gazteak 16 urte ditu, eta Villabonakoa da; elkarretaratzea egin dute han, Bortizkeria polizialik ez lelopean. Larunbatean mobilizazioa egingo dute berriro, «ez garela seguru sentitzen argi plazaratzeko», 12:00etan, Tolosako Trianguloan. Gaur egon da beste martxa bat Tolosan, Kontseilu Sozialistak deitua.

Gaztearen senideek jakinarazio diote diagnostikoa BERRIAri: begi ondoa erabat handitua du gazteak, eta odolbildua jaistera itxaron behar dute. Zenbait puntu ere eman dizkiote, zauria ixteko. Malko hodia hautsia du, eta erretina askatua. Ikusi behar dute zer bilakaera duen zauriak, eta ikusmenean zer kalte eragingo dion. Familiak argi utzi nahi du gaztea festa giroan zebilela, ezustean topo egin zuela istiluekin, eta ez duela inolako zerikusirik liskar horiekin.

Auzia Eusko Legebiltzarrera iritsi da gaur. Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariak foam jaurtigaien arriskuaz ohartarazi du, eta gogorarazi du «Ertzaintzan indarrean dauden protokoloek zorrotz zehazten dutela noiz eta nola erabili horrelako materiala, hain justu, izan ditzakeen ondorio larriengatik». Hori horrela, ezinbestekotzat jo du «Segurtasun Sailak berehala argitzea zer gertatu den kasu honetan, protokoloak benetan bete diren ala ez jakiteko, eta, hala izan ez balitz, dagozkion ardurak eskatzeko».

Elkarrekin Podemosek ere ardurak eskatu ditu Ertzaintzak Tolosako inauterietan egindako oldarraldiarengatik. Miren Gorrotxategi ezkerreko koalizioko eledunak Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari eskatu dio azalpenak eman ditzala Eusko Legebiltzarrean, Poliziak izandako jarreraren nondik norakoak argitzeko.

Gorrotxategiren arabera, «onartezina» da halakorik gertatzea. Eusko Legebiltzarrean erregistratu du eskari bat, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ikerketa zehatza egiteko eta erantzukizunak argitzeko. «Behin baino gehiagotan agerian geratu da istiluen aurkako material horrek, hilgarria ez den arren, ez dituela errespetatzen giza eskubideen ikuspegitik indarra erabiltzeko oinarrizko printzipioak», adierazi du Gorrotxategik.

Hain zuzen ere, gogora ekarri du Iñigo Cabacasen kasua —«ezinezkoa da ez oroitzea»—; Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil baitzen Cabacas, 2012ko apirilean, Bilbon, Athleticen partida baten ostean. «Nola da posible halakorik gertatzea oraindik?», itaundu du.

Hain justu, Cabacas hil ondoren erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak gomazko pilotak uztea eta foam jaurtigaiak erabiltzen hastea. Baina foamezko jaurtigai horiek ere eragiten dituzte zauriak, eta arriskutsuak dira. 2019an, Bilbon, Voxen aurka elkarretaratze batean parte hartzen ari zen neska bati matelezurra puskatu zioten foamarekin; 2021ean, Donostian, beste gazte bati hautsi zioten matelezurra.

Ikerketa, abian

Ertzaintzak berak emandako azalpenen arabera, taberna batean hasi ziren istiluak astelehen goizaldean, eta Alde Zaharrean jarraitu zuten gero. Liskar horietan, agenteek istiluen kontrako materiala atera zuten, eta orduan zauritu zen gaztea. Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, Ertzaintzak barne ikerketa bat hasi du gertatutakoa ikertzeko. Halaber, dagokion epaitegiari eskatu dio auzitegiko mediku batek azter dezala ospitaleratutako gaztea, eragindako zaurien izaera zehaztu ahal izateko. Mediku forentsea izan da ospitalean, eta aztertu du zauritutako gaztea, BERRIAk jakin ahal izan duenez.

Ertzaintzako ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek, berriz, «kirurgia operazio profesional» bati buruz hitz egin dute. «Ertzaintzarengatik izan ez balitz, tragedia bat gertatuko zen beharbada». Erkorekari «ez isiltzeko» exijitu diote, eta Ertzaintza «defendatzeko».

Segurtasun Sailaren oharrarekin bat egin eta zera gehitu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak, gobernu bilera osteko agerraldian: «Jaurlaritzaren helburua da Tolosan gertatutakoa guztiz argitzea, ertzainen jardunaren gardentasun konpromisoari erantzuteko».

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak, berriz, gertatutakoa argitzeko eskatu zuen atzo. Inauteriak izaki, ingurua jendez gainezka zegoela oroitarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.