EH Bilduk eta EAJk bat egingo dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, erabakitzeko eskubidearen defentsan

Bi talde abertzaleek estatuarekiko harreman eredu berri baten alde egin dute, eta oinarrizkotzat jo dute hark «nazio aitortza» jasotzea eta harreman berrirako berme sistema bat ezartzea.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Gipuzkoako Batzar Nagusiak, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko irailaren 24a
16:15
Entzun

EH Bilduk eta EAJk «Euskadiren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman estatus politiko berriak» izan beharreko oinarrien inguruko bi erdibideko mozio adostu dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta bi talde abertzaleen aldeko botoak nahikoa izango dira biharko bilkuran gehiengo osoa aise gainditzeko. Mozioen bidez, erabakitzeko eskubidearen defentsa egin dute: «Euskal Herriaren eskubide historikoak erabat gauzatzea, autogobernuaren adierazpen instituzional gisa, demokratikoki adierazitako herritartasun askea erabakitzeko eskubidearen bidez azaleratzen da».

Adostutako erdibideko mozioetako batean, bi talde parlamentarioek bat egin dute Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman eredu berri baten alde, eta zehaztu dute hark «elementu berezi eta zentraltzat» hartu beharreko bost puntu daudela: «nazio aitortza», «aniztasuna errespetatzea», «erabakitzeko eskubidea», «aldebikotasuna» eta «egungo autogobernua gainditzea».

Testuaren arabera, Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko harremanek «aldebikoak» izan behar dute, eta oinarri izan behar dituzte elkarren aitortza eta «berezko gaien berezitasunak babesteko» eskumenak. Hain zuzen, biek bat egin dute hori betetzen dela ziurtatzeko «berme sistema bat» ezartzeko asmoan.

Era berean, autogobernuak euskal erakundeen eta estatuaren arteko esparrua ere gainditu behar duela adierazi dute, «Euskadiren ahotsa bermatzeko Europako erakundeetan, eskumen propiotzat aitortzen zaizkion gai guztietan».

Beste mozio batekin, bi talde parlamentarioek adierazi dute autogobernuaren eguneraketak barne hartu behar duela eskumenak berritzea eta «euskal gizartearen egungo eskaera eta beharretara egokitzea». Hala, bi taldeek eskumen oinarriak «birplanteatzearen» alde egin dute, Gernikako Estatutua «osorik egikaritzeko», «esperientzia autonomikoan murriztutako autogobernua berreskuratzeko» eta «eskumenen quantum-a areagotzeko». Hau da, Gernikako Estatutuan jada jasota dauden eskumenez gain, euskal erakundeek izan beharreko eskumenen artean nahi dituzte «euskal herritarren eskubide politiko, ekonomiko, sozial, linguistiko eta kulturalak bermatzeko beharrezko eskumen guztiak».

Ez da lehen aldia bi talde abertzaleek afera horretan bat egiten dutela, baina EAEko estatus berriaren inguruko eztabaida mahai gainean jarri denetik lehenengoz gertatu da hori. Gipuzkoako Batzar Nagusietan joan den astean hasi zuten politika orokorreko bilkura, eta, orduan, Eider Mendoza ahaldun nagusiak jada egin zuen erabakitzeko eskubidea «instituzionalizatzeko» eskaera: «Demokrazian sinesten badugu, herritarrek erabakitzeko gaitasuna eduki behar dute».

Bilkura hartan, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusi eta Jasangarritasun diputatuak erantzun zion Mendozari hark aipatutakoa ez dela bi alderdiek adostutako gobernu akordioan ageri, eta esan zituenak EAJko kide gisa esanak izan zirela.

Hain zuzen, EAEko sozialisten buru Eneko Anduezak argi adierazi du estatus berri baten inguruko negoziazio oro oztopatzeko asmoa, eta «obsesio subiranistak» baztertzeko eskaera egin dio EAJri. Aurreko astean, hala mintzatu zen BERRIAk egindako elkarrizketan, EAJk eta EH Bilduk estatusaren inguruko auzian izango dituzten asmoez ere aritu zen: «Haien helburu nagusia independentzia da; abertzaleek herrialde bat sortu nahi dute soilik beraientzat, eta hori ez da bidezkoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.