EH Bilduk eta EH Baik «herri gisa jokatzeko» dei eginez hasi dute urte politikoa, eta azaldu dute bi koalizioen asmoa dela estatus politikoen inguruko eztabaidan sakontzea datozen hilabeteetan, «Euskal Herriaren aitortza, burujabetza eta lurralde batasuna» xede: «Ondoko hilabeteetan, akordio zabalak eraiki behar direlakoan gaude, alderdi politikoen artean eta baita jendarte zibileko eragileekin ere». Hain zuzen, gai horiek jorratuko dituzte koalizioen barnean ere: EH Bilduk astelehenean iragarri zuen irailaren 21ean hasiko duela koalizioaren kongresu prozesua, eta EH Baik iragarri du azaroaren 23an Biltzar Nazionala egingo dutela, «estatus politikoaren proposamena eta programa politikoa» onartzeko asmoz.
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik nabarmendu du egungo abagunea «burujabetza eta eraldaketa sozialaren aldeko prozesuan» urratsak egiteko baliatu behar dela. Eta ezker independentistak izan beharreko rola nabarmendu du, hark azken hauteskundeetan izandako gorakadari erreparatuta: «Zazpi lurraldeetako emaitzak kontuan hartuz gero, ezker independentista da lehen indar politikoa». Gogoratu du EH Bilduk inoizko ordezkaritzarik handiena duela Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, eta ezker independentistak «ehunka alkate eta hautetsi» ere badituela; tartean, Iruñeko alkatetza. Era berean, Otegik indar egin du Espainiako Kongresuan eta Frantziako Asanblean duten rolean. «Madrilen paper erabakigarria jokatzen dugu, eta, historikoa dena, lehen aldiz Parisen diputatu bat izanen dugu ezkerreko independentistok».
Bide beretik jo du EH Baiko eledun Mathilde Haryk ere: «Inoiz baino gehiago, nazio proiektu, eraldaketa soziala eta gure komunitatearen egituraketa indartzeko garaia da». Horretarako, baina, maila instituzionalean aritzeaz gain, «mobilizazio eta bultzada sozial zabal bat» indartu behar dela azaldu du, «ahalik eta indar gehienak metatuz eta herritarrak aktibatuz». Hain zuzen, hori izango da ezker independentistak datozen hilabeteetan izango duen lehentasuna: «Naziotasunaren aldarrikapena».
«[Egungo estatus politikoek] Beren ezintasuna erakutsi dute Euskal Herriak dituen desafioei erantzun eraginkor bat emateko»
MATHILDE HARYEH Baiko eleduna
EH Bilduko eta EH Baiko kideek Euskal Herriaren banaketa administratiboa kontuan hartu dute, baina uste dute EAEn, Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian badirela egungo estatus politikoak aldatzeko «aukera errealak», martxan baitira afera horren inguruko eztabaidak. Are gehiago, Haryk uste du badela «burujabetza eta erabaki ahalmen handiagoa» aldarrikatzen duen gehiengo bat ere.
Izan ere, Haryren esanetan, egun indarrean dauden estatus politikoek ez dute Euskal Herria nazio gisa aitortzen, ezta euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea aitortzen ere: «Beren ezintasuna erakutsi dute Euskal Herriak dituen desafioei erantzun eraginkorrak emateko». Beraz, «gehiengo sozial eta politikoak artikulatzea» dute xede, «herri gisa Madril eta Parisen aurrean gure adostasunak defendatzeko».
Anduezari erantzuna
Martxan den eztabaidetako bat EAEren estatus politikoaren ingurukoa da. EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek aste hasieran iragarri zuen hilabetea amaitzerako ekin nahi diola gaia jorratzeko bilera sortari, baina Otegik azaldu du jeltzaleak oraindik ez direla EH Bildurekin harremanetan jarri. Zehaztu du, baina, «eraikitzaile» izan nahi dutela elkarrizketa horietan: «Behar dugu eztabaida sakon eta serio bat, erdiesteko akordio bat jasoko duena zer behar dugun nazio gisa eta jendarte gisa aurrera egiteko».
«Anduezaren logikari jarraikiz, gobernuak ere inkesten bidez osatuko ditugu. Gogokoena EAJ-EH Bildu da. Beraz, gobernu honek ez du herri sentimendua ordezkatzen?»
ARNALDO OTEGIEH Bilduko koordinatzaile nagusia
Otegiren esanetan, baina, urte politikoaren hasieran bestelako jarrera batzuk nagusitu dira. Batetik, txarretsi du Ortuzar berak «erasotzat» jo izana EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako galdera sorta. Bestetik, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak estatusaren inguruko eztabaidaz esandakoak txarretsi ditu. Hark esan zuen EAJk eta EH Bilduk legebiltzarrean gehiengoa izan arren, ez dutela gizartearen «pluraltasuna» ordezkatzen.
BERRIAren galderari erantzunez, Otegik zehaztu du Eusko Legebiltzarreko 75 legebiltzarkideetatik 56 Euskal Herriaren naziotasuna eta erabakitzeko eskubidea aitortzearen alde daudela, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietako eta udaletako gehiengoak zein gehiengo sindikala ere bai. Hala, Anduezari luzatu dio galdera: «Anduezak esaten digu horrek ez duela ordezkatzen herri hau. Nork ordezkatzen du ba? Berak? Hamabik [PSE-EEk legebiltzarrean dituen ordezkariek] ordezkatzen dute pluraltasuna?». Hala, PSE-EEko buruari egotzi dio errealitateari aurre egiteko «argudio xelebreak» baliatzea: «Haren logikari jarraikiz, gobernuak ere inkesten bidez osatuko ditugu. Gogokoena EAJ-EH Bildu da inkestetan. Beraz, gobernu honek ez du herri sentimendua ordezkatzen?».