Aberri Egunera begirako adierazpen bateratua plazaratu dute EH Bilduk eta EH Baik, nazioarteko testuinguru ezegonkorrari eta Euskal Herriaren estatus politikoaren inguruko eztabaidari begira: «Aberri Eguna burujabetzaren bidean hurrengo urratsa egiteko aukera izatea nahiko genuke».
Bi koalizioek gogoratu dute nazio aitortzaren eta estatus politikoaren inguruko eztabaida zabalik dagoela Euskal Herri osoan, «intentsitate eta erritmo ezberdinetan bada ere». Hala, burujabetzara bidean aurrera egiteko «akordio zabalak» ontzeko beharra plazaratu dute. Horretarako dei egin diete «Euskal Herrian eta bere burujabetzan, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidean, euskararen eta ongizatearen defentsan» sinesten duten indarrei.
Prozesu horretan, bi koalizioak «fronte zabalen» gisara irudikatu dituzte, eta beharrezkotzat jo dute abertzaleen artean «herri gisa aritzeko» konpromisoak zehaztea ere. Akordioak zabalagoak izan beharko direla jakitun, baina, «indar abertzale eta aurrerakoien arteko» akordioei ere erreparatu diete, baina baldintza gisa jarrita erabakitzeko eskubidea errespetatu beharra. Azkenik, herritarren arteko akordio baten beharra adierazi dute: «Konfiantza osoa dugu gure herriaren gaitasunetan, behin eta berriz erakutsi baitu eusteko eta berrasmatzeko gaitasuna izan baduela».
EH Baik eta EH Bilduk defendatu dute «burujabetza» aurrez aurre dauden erronka handiei aurre egiteko gako nagusietako bat dela: «Zerbait agerian badago garai korapilatsu honetan, hauxe da: burujabetzaren garrantzia eta ezinbestekotasuna».
Ordena berria
Hain zuzen, burujabetza behar hori nazioarteko testuinguruarekin lotu dute koalizio independentistek. Bost urte atzera eginda, adierazi dute COVID-19ak eragindako pandemiak azalarazitako elementuetako bat izan dela halako egoera bati aurre egiteko Euskal Herriak duen baliabide falta. Eta kezka bera planteatu dute «arriskuz beteriko» nazioarteko testuinguru aldakorrari erreparatuta: «Klima krisiak, gerra hotsak, aurreikusten den krisi ekonomiko larriak eta migrazio krisiek ezinbesteko egiten dute herri gisa aritzea».
Izan ere, Ukrainako gerrak eta Palestinako genozidioak orain arte indarrean zen nazioarteko ordena «hankaz gora» jarri dutela iritzi diote, eta horrekin batera harreman ereduak eta nazioarteko erakundeen rola ere aldatzen ari direla: «Munduko ordena zaharra hiltzen ari da, eta berria sortzen».
Azken hilabeteetan pertsona batek irudikatu du nabarmen aldaketa hori: AEBetako presidente Donald Trumpek. Hari erreferentzia eginda, EH Bilduk eta EH Baik gerra ekonomikoa eta eskuin muturraren gorakada aipatu dituzte, eta, kritikatu dutenez, eredu neoliberalak «porrot» egin badu ere, lehengo errezeta berak erabiliz erantzun nahi zaio egoerari.
Berriz ere ozeanoa zeharkatu, eta Europari erreparatu diote. «Noraeza» aipatu dute: «Proiektu propiorik gabe da, AEBen politikaren menpe; ekonomikoki, militarki eta politikoki. Bere izaera eta izana galtzeraino». Ataka horretan, bi koalizio independentistek Europa «neoliberal eta zentralista» atzean utzi eta «herrien eskubideak eta burujabetza aitortuko dituen» eta «giza eskubideak eta justizia soziala oinarri izango dituen» Europa baten alde egin dute: «Gerra hotsei aurre egiteko, bakearen alde egin eta diplomaziaren bidea jorratu behar dela esan genuen, eta horixe diogu orain ere».
Bide horretan, adierazi dute ezkerreko mugimenduek ere segurtasun eredu propio bat planteatu behar dutela, «modu integralean», eta defentsara mugatu gabe. Kalitatezko zerbitzu publikoak, lan baldintza duinak eta «erabaki guztiak hartzeko eskumena» izatea ere segurtasuna direla nabarmendu dute.
Hala, EH Baik eta EH Bilduk «autoritarismoari aurre egin» eta alternatiba bat bultzatzeko ardura ezarri diote euren buruei: «Konpromisoa hartzen dugu demokrazia eta berdintasun soziala oinarri izango duen beste eredu sozioekonomiko bat eraikitzeko». Konpromiso horrek balio du «herri gisa aitortzea» defendatzeko eta «euskararen normalizazio prozesuak behar duen jauzia» emateko ere.
Iruñea eta Donibane Garazi
Bi indar politiko horiek, baina, iraganari erreparatzeko ere baliatu nahi dituzte Aberri Egunak. Zehazki, duela bost hamarkada gertatutakoak gogoratzeko. Batetik, Juan Paredes Txiki-ren eta Angel Otaegiren fusilamenduak. Bestetik, Francisco Franco diktadorearen heriotza eta Juan Carlos I. erregearen agintaldiaren hasiera: «Azken hori Espainiako Estatuko Trantsizioa deiturikoaren lehen moldaketa izan zen, eta balio izan du frankismoak estatuko aparatu guztietan segitzeko edota nazioei autodeterminatzeko eskubidea ukatzeko».
EH Baik eta EH Bilduk Bidasoko mugaren bi aldeetan egin dituzte igandean mobilizatzeko deiak. Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak antolatuta, Donibane Garazin mobilizazio bat egingo dute, Elkarrekin, herria, burujabetza lelopean. EH Bilduk, berriz, Iruñean elkartzeko deia egin du. Han, manifestazio bat egingo dute 12:00etan, Golem zinemetatik hasita.