Kale istiluetan dabiltzanak «gizartean sobran» daudela esan du Pradalesek

Erkorekak atzo aditzera eman zuen EH Bilduren «dendaostean» dagoela kale istiluen jatorria, eta EH Bilduk salatu du ezin dela «kanpaina modu honetan lokaztu».

(ID_13617369) ESPAÑA ELECCIONES PNV
EAJko lehendakarigai Imanol Pradales. JESUS ZORRILLA / EFE
xabier martin
2024ko martxoaren 6a
11:30
Entzun

Azken asteetan, Tolosako inauterietan, futbolaren esparruan eta Gasteizko Martxoaren 3aren urteurrenean egondako kale istiluak eta horiei aurre egiteko Ertzaintzak izan dituen esku hartzeak, oldarraldiak barne, bete-betean sartu dira hauteskunde kanpaina aurrean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren eskutik.

Erkorekak esan zuen atzo, siglarik aipatu gabe, EH Bilduren «dendaostean» dagoela kale istilu horien jatorria, «sigla» batzuek «irudi zibilizatua» ematen dutela «erakusleihoan», baina haien dendaostean dagoela istiluen jatorria. Gaur, berriz, EAJko lehendakarigai Imanol Pradalesek ziurtatu du «gizartean sobran» daudela kale istiluak eragiten dituztenak. Pradalesek ziurtatu du ez duela «ez iturririk ez daturik» Erkoreka sailburuak aditzera emandakoaz aritzeko; alegia, kale istiluak eta EH Bilduren arteko ustezko loturaz aritzeko. Baina Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, hautagaiak galdetu du «zergatik jartzen den beti arreta Ertzaintzarengan eta ez istiluak eragiten dituztenengan».

Pradalesek ohartarazi du ezin direla «normalizatu» Bilbon izandako gertaera batzuk; «kaputxadun batzuek txikizio handia eragin zuten jatetxe batean, eta ez dut ezer entzun horri buruz». Arreta Ertzaintzari ez baizik istilu eragileei jarri behar zaielako eskaeraren adibide gisa baliatu du futbolarekin lotutako istilu jakin horiek.

«Nik behintzat istilu horiek guztiak gaitzesten ditut, eta ez dut nahi horrelako ezer. Horrelako jendea sobran dago gure gizartean».

IMANOL PRADALES EAJko lehendakarigaia

Eta jarraitu du «gizarteari» zuzenean hitz egiten, kale istiluak hauteskunde kanpainako eduki bihurtuta: «Gizarteak pertsona horiek nahi ditu gizartean? Nik behintzat istilu horiek guztiak gaitzesten ditut, eta ez dut nahi horrelako ezer. Horrelako jendea sobran dago gure gizartean». EH Bilduri erantzunez, adierazi du «sarritan» entzuten dituela polizia ereduari buruzkoak, «baina ez iskanbila sozialari buruzkoak». «Arreta» hor jarri behar dela errepikatu du; «eta gero hitz egingo dugu Ertzaintzaren jardueraz».

Jarduera hori azken asteetan neurritsua izan ote den galdetuta, EAJko lehendakarigaiak erantzun du ez dela «aditua segurtasunean», baina uste du «normalean Ertzaintzaren jarduera neurritsua» dela: «Agian, batzuetan egon daiteke neurrigabetasuna, baina batzuen eta besteen aldetik».

Kanpaina «lokaztua»

EH Bilduk, berriz, gogor salatu du berriro «kanpaina modu honetan lokaztea». Koalizioaren Kanpainako bozeramaile Oihana Etxebarrietak esan du «lerro artean egindako akusazio larriak» direla Erkorekarenak, eta EH Bilduk ez duela «zerikusirik» kale istilu horiekin. Segurtasun sailburu batek «datuak eta mezu zehatzak» eman behar dituela uste du bozeramaileak.

(ID_13634131) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-02-23, Donostia. EH Bilduko Oihana Etxebarrietaren agerraldia
EH Bilduren Kanpainako bozeramaile Oihana Etxebarrieta. JON URBE / FOJKU

«Ez da edozein ordezkari politiko: frogak baldin baditu, auzitara jo dezala», esan du Etxebarrietak Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, atzo bertan Arnaldo Otegi koaizioko buruak esan zuenaren moduan.

«Larria da kanpaina modu honetan lokaztea; ez da edozein ordezkari politiko [Erkoreka]: frogak baditu, auzitara jo dezala».

OIHANA ETXEBARRIETA EH Bilduko Kanpainako bozeramailea

Horrez gain, Etxebarrietak berretsi du EH Bilduk polizia ereduari buruzko eztabaida ireki nahi duela: «Zein herrialde demokratikok ez du eztabaidatzen bere segurtasun ereduari buruz?», galdetu du. «Sanoa da eztabaida hori egitea».

Gasteizen Martxoaren 3an gertatutako Ertzaintzaren oldarraldiaz esan du «Ertzaintzari ardurak» eskatu behar zaizkiola «bere esku hartzeen harira». Etxebarrietak «gardentasuna» eskatu du. Zehaztu du koalizio abertzaleak ez duela «epaitu» Gasteizko istiluetan jazotakoa, «informazio eskaera baizik» ez duela egin, «ikusi diren zenbait irudiren inguruan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.