Aurrekontuen negoziazioek aurrera jarraitzen dute, Bizkaian, EH Bilduk erretiratu egin du Foru Aldundiak aurkeztutako proiektuari jarri zion osoko zuzenketa, iruditzen baitzaio oraindik badela aukerarik hizketan jarraitzeko. Areago, uste dute badutela aukera ados jartzeko ere.
Gaur eztabaidatu dituzte bilkuran Bizkaiko Foru Aldundiak 2025erako ondutako aurrekontuei taldeek jarritako osoko zuzenketak. Hasieran, hiru osoko zuzenketa zeuden eztabaidagai, baina, azkenean, bi baino ez dira izango; EH Bildurena erretiratu egin dute. Iker Casanova bozeramaileak iragarri du erabakia. Berak azaldu du arrazoia ere: «Nahiz eta jarrerak oraindik urrun egon, bai alde ekonomikoari dagokionez, bai edukiari dagokionez, alde biak elkarrengandik hurbilago daude, eta merezi du, beraz, elkarrizketari aukera bat ematen jarraitzea, oraindik badugulako itxaropena herritarrentzat ona izango den akordio bat lortzeko».
Casanovak xehatu du EH Bildu kritiko dela «aurrekontuen esparru orokorrarekin». Alabaina, uste du foru aldundiak bere egin dituela koalizio abertzaleak proposatutako neurri batzuk; besteak beste, pertsonen zaintzari, trantsizio ekosozialari eta gazteen emantzipazioari lotutakoak. Hortaz: «Uste dugu pertsonen bizitza hobetzea ekarriko duten funtsezko aldaketak egin daitezkeela, eta horregatik, ahal den neurrian, uste dugu erantzukizun ariketa bat dela aukera horiek aztertzea eta lantzea».
Elkarrekin eta PPren zuzenketak, berriz, alboratu egin dira, eta, horrenbestez, aurrera jarraitzen du proiektuaren tramitazioak, azkenerako bilkideen babesa ere izango duten zain. Ez balute ere, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernuak aurrera aterako ditu aurrekontuak, bien artean gehiengo zabala baitute Batzar Nagusian. Foru Aldundiak 10.660 milioi euroko aurrekontua prestatu du 2025. urterako, iaz baino %3,4 gehiago.
Araban ere aurrera
Arabako Foru Aldundiaren proiektuak ere aurrera egin du, Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuraren ostean. Voxek osoko zuzenketa aurkeztu du, baina hark bakarrik babestu du, eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren gobernuak prestatu dituen kontuen tramitazioa aurrera doa.
EH Bilduk eta foru exekutiboak --EAJ eta PSE-EE-- akordioa iragarri dute asteon, aurrekontuen inguruan. Gonzalezen gobernuak gutxiengoan gobernatzen du Araban, baina PPren babesari esker iritsi zen agintera. Orain, berriz, EH Bildurekin egindako negoziazioak emaitzak eman ditu, eta, ondobidean, koalizio abertzaleak babestuko ditu foru gobernuaren aurrekontuak.
Etxebizitza, zaintza, trantsizio energetikoa eta tokiko erakundeen finantzaketa indartzeko neurriak adostu ditu Foru Aldundiak EH Bildurekin, eta, hala, 33 milioiren zuzenketak txertatu. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren ustez, foru gobernuak aurrekontuetarako EH Bildurekin egindako akordioak egonkortasuna emango dio Arabari, «arrazoizko politikak eransten baititu, EAJk eta PSEk daukaten legealdiko akordioarekin bateragarriak eta koherenteak». EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaile Eva Lopez de Arroiaberen arabera, EH Bilduk «politika publikoak birbideratzea» lortu du Araban.