EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea aldatzea proposatu du, «euskararen aurkako oldarraldiari» aurre egiteko

Koalizioak gaitzetsi egin du Donostiako auzitegi batek Gipuzkoako Aldundiaren lan deialdi bat hizkuntza eskakizunengatik baliogabetu izana. Hizkuntza eskubideak bermatze aldera, «urrats kualitatiboak» egitera deitu du.

Euskalgintzaren Kontseiluak «euskararen aurkako oldarraldi judiziala» salatzeko egindako manifestazioa Bilbon, 2023ko azaroan.
Euskalgintzaren Kontseiluak «euskararen aurkako oldarraldi judiziala» salatzeko egindako manifestazioa Bilbon, 2023ko azaroan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko martxoaren 15a
15:57
Entzun 00:00:0000:00:00

EH Bildu prest dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko, hizkuntza eskakizunen sistemari «segurtasun juridikoa» bermatze aldera. Euskal gizartean «egon badauden gehiengo sozial eta politikoak baliatuta» egin nahi du hori, eta dei egin die gainerako indar politikoei eta gizarte eragileei «euskararen biziberritzean urrats kualitatiboak egitera».

Donostiako auzitegi batek Gipuzkoako Diputazioaren lan deialdi baten aurkako ebazpen bat eman duela publiko egin eta biharamunean egin ditu adierazpen horiek koalizio subiranistak, ohar bidez. Euskara eskakizunak egokiak ez direla iritzita, epaileak baliogabetzat jo du aldundiaren ehun administrari postu egonkortzeko deialdia.

Langileen hainbat ordezkarik eta Euskalgintzaren Kontseiluak erabakia salatu zuten, eta jakinarazi erantzun bat prestatzen ari direla, kontra egiteko. Aurrez izan diren beste zenbait ebazpenekin lotu zuten ebazpen hori, eta esan euskararen aurkako «oldarraldiaren» ondorioetako bat dela.

Ildo horretan, EH Bilduk uste du euskararen aurkako oldarraldi judiziala areagotu egin dela Donostiako auzitegi horren erabakiaren eraginez. «Zoritxarrez, ez da lehen aldia; izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokionez ere gisa bereko erabaki baten berri izan dugu duela gutxi. Gauza bera gertatu da hainbat udaletan», gaitzetsi du.

Atzera, inola ere ez

Egoera horretan atzera egitea «onartezina» litzateke koalizioarentzat. «Ezkerreko independentismoaren iritziz, inolaz ere ezin dira hizkuntza eskakizunak apaldu. Inolaz ere ezin dira atzerapausoak eman. Ez dugu onartuko euskara desager dadin tematuta diruditen epai eta epaileei men egin eta amore ematea». Kontrara, koalizioaren ustez, bermatu egin behar dira euskararen biziberritzea eta ezein eremutan euskaraz aritzeko eskubidea, eta nabarmendu dute «modu erreaktiboan baino gehiago, modu proaktiboan aritzeko garaia» dela. Hori dela eta, EH Bilduk «konpromisoa erakutsi nahi du beharrezkoak diren lege aldaketak posible egiteko».

Bizkaiko Aldundiak hizkuntza eskakizunen kontrako ebazpenak jaso ondoren, hil honen hasieran jakin da erakundeak hizkuntza eskakizunak apaltzeko asmoa duela; sindikatuek azaldu dutenez, segurtasun juridikoen falta argudiatuta. Euskalgintzaren Kontseiluak kezka adierazi zuen erabaki hori dela-eta, eta administrazio publikoei eskatu die, hizkuntza eskakizunetan atzera egin beharrean, hizkuntza eskubideak bermatuko dituen lege aldaketa bat bultzatzeko. Iaz, langile publikoen sarbiderako «orokortutako hizkuntza eskakizunen eredu bat» proposatu zuten Euskalgintzaren Kontseiluak eta Txillardegi Gogoeta Guneak antolatutako saio batean, Iñigo Urrutia legelariak mahai gainean jarritako lanketa bat aintzat hartuta. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
eguzkilorea Duela 9 egun
"Gora Euskara hizkuntz herrikoia, modernoa, teknologikoa". Imanol Pradales lehendakariak adostasuna lortu nahi du Eusko Legebiltzarrean (EAJ, Bildu, PSE, PP...) hizkuntz ofizialen (Euskara/Español) legea eguneratzeko. "Gora Euskal Nazio elebiduna (Euskara/Español)!". "Gora Espainiar Erresuma eleanitza (Español/Català, Galego, Euskara). "Gora EAJren Hizkuntz Politika pragmatikoa!".
0
0
Erantzun Salaketa
eguzkilorea Duela 9 egun
Hekatonbe demografikoa Kataluniako Nazioan, Madrilgo Erkidegoan/Hiriburuan, Espainiako Erresuman, Andaluziako Erkidegoan, Galiziako Erkidegoan, Euskadiko Nazioan. Elebitasun ofizial (Euskara/Español) engainagarria euskal administrazio publikoan, onartezina da. EAJ, Bildu elebitasun ofizialaren (Euskara/Español) alde daude administrazio publikoan.
0
0
Erantzun Salaketa
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.