Otegi: «Borroka armatua ez desagertzeko atxilotu gintuzten»

‘Bateragune auziari’ buruzko epaiaren balorazio politikoa egin du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, eta azpimarratu du «porrot» egin dutela «ETAren indarkeria ekuaziotik ateratzea galarazi nahi zutenek».

(ID_13510787) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-01-18, Donostia. Bateraguneko auzipetuek (Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Raf...
Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Arnaldo Otegi, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
xabier martin
2024ko urtarrilaren 18a
11:45
Entzun

«Lawfare istorio baten aurrean gaude, eta porrot istorio baten aurrean ere bagaude». Argi mintzatu da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Bateraguneauziari buruz. Atzo, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak amaitutzat eman zuen, hamalau urte baino gehiago iraun duen atala itxiz. Gaur egin du alderdiak erabaki horren balorazioa, eta «ezohiko» mintzagaia izan dela nabarmendu du Otegik Bateragune auziko lau espetxeratuk osatutako agerraldia hasterako --Sonia Jacinto ez da egon Donostian, «garrantzirik gabeko istripu txiki bat» tarteko--. Ezohikoa «euskal herritar asko bezala» ezker independentismoan ez dutelako  «ohiturik arrazoia izatera» Espainiako justiziaren kasuetan.

Edonola ere, esan du Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Otegi bera espetxera eraman zituen auziak hamabost urte iraun duela eta «jazarpen politiko baten istorio» bat dela, «lawfare kasu argi bat». Hala, «gordin eta argi» azaldu du zein izan den haren irudiko operazio horren funtsa: «Gu atxilotuak izan ginen herri honetan ezker abertzaleak estrategiaz ez aldatzeko, eszenatoki berri bat ez sortzeko». Gogoratu du martxoaren 11ko atentatu jihadistaren kasuan ere «egia» esan zuela ezker abertzaleak, eta orain ere «egia» esaten ari dela.

«Gu atxilotuak izan ginen herri honetan ezker abertzaleak estrategiaz ez aldatzeko, eszenatoki berri bat ez sortzeko».

 ARNALDO OTEGI. EH Bilduko koordinatzaile nagusia

Horrez gain, auziak beste helburu bat ere bazuela adierazi du: «Ezker independentistaren askapenerako potentzialtasuna neutralizatzea». Bi helburu horietan «estatuak porrot» egin duela azaldu du, eta EH Bilduren «indarra» nabarmendu du, «esaterako, udal mailan». Horrez gain, «ETAren indarkeria armatua herri honen ekuazio politikotik desagertzea galarazi» nahi zutenen porrota ere nabarmendu du. Lawfare hitza zenbait aldiz erabili du, azaltzeko ezker independentisten aurka «dena» egin dela, eta erantsi du horri «estatu indarkeria» esaten zaiola: «Lawfare estrategiak porrot egin du, eta herrialde hau segurtasun gehiagorekin eta askatasun gehiagorekin bizi da orain».

Estatuak bere ardura aitortu

Horiek horrela, elkarbizitzaren aldeko deia egin du: «Guk urriaren 18an adierazpen bat egin genuen, eta aitortu genuen gure ardura sekula gertatu behar ez zuen sufrikarioan. Noiz onartuko duzue publikoki zuek ere sufrikarioaren parte baten ardura duzuela?». EH Bilduko buruak zehaztu du ez duela eskatzen aitorpen hori «alor penalean jazarpenik planteatzeko, baizik eta elkarbizitzaren alde egiteko».

Estatuari galdetu dio independentisten aurrean ez ote den «demokratikoagoa eta eraginkorragoa hitza ematea herriari», Espainiako Estatua «plurinazionala» dela jasotzeko.

Bestalde, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaiak Espainiako Estatuari kalte-ordainak eskatzeko atea ireki du, eta Otegik onartu du gaia aztertzen ari direla beren abokatuarekin. Iñigo Iruin da abokatu hori, eta hark berretsi du Bateragune auziko kondenatuak «zigor irregular» baten biktimak direla, eta prozesuan jasotako «tratu txar» horri loturik «kalte ordain ekonomikoak» eskatzeko aukera dutela. Radio Euskadin azaldu du Auzitegi Gorenak aurretik adierazi beharko lukeela akats judizial bat egin duela. Epaiak erakusten du, haren ustez, Gorenak birritan urratu dituela boskotearen eskubideak.

Auziak iraun duen hamabost urteetan jasotako babesa eta elkartasuna ere eskertu nahi izan du Otegik agerraldia bukatu aurretik, eta onartu aitortza hori «lehen-lehenik» egin behar zuela berez; «herritarrei, erakundeei eta gertu izandako guztiei» hitz egin die. «Bertakoak eta kanpokoak; batzuk ez daude gure artean dagoeneko, baina haien senideentzako ere gure eskerrak bihotz-bihotzez».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.