EH Bilduk bat egin du Sare Herritarrak larunbaterako deitutako mobilizazioarekin, eta parte hartzeko deia egin diete herritarrei, «Bilboko kaleak elkartasunez eta konpromisoz betetzeko». Izan ere, koalizio subiranistaren ustez, «oztopo handiak» daude oraindik ere «espetxe politika normalizatu bat» ezartzeko bidean.
Ikusi gehiago
Koalizioak azaldu du ez direla ukatu behar azken urteetako urratsak, baina gogoratu du indarrean daudela oraindik ere salbuespen politikak, «urruneko auzitegietako interpretazio murriztaileak» eta «estatu sakoneko aparatuen esku hartzeak». Gainera, adierazi du «jazarpen mediatiko eta judiziala» batu behar zaizkiola horri.
Jarrera horiek txarretsi ditu EH Bilduk: «Ekimen horiek kriminalizatzeak herri honetan jada gaindituta dauden garaietara garamatza». Izan ere, koalizioak azaldu du «bidezko aldarrikapena» dela euskal presoei aplikatutako salbuespen politikak amaitzeko eskatzea, helburua baita presoek «askatasunerako eta gizartera itzultzeko duten eskubidea betetzea».
Hala, koalizioak azaldu du «inoiz baino arrazoi gehiago» daudela Bilboko mobilizazioan parte hartzeko: «Konponbiderako giltza izan gaitezen, euskal presoak etxeratzeko atea ireki dezagun». EH Bilduri dagokionez, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, Miren Zabaleta Nafarroako koordinatzaileak eta Julen Arzuaga legebiltzarkideak osatuko dute ordezkaritza.
EAk ere atxikimendua adierazi dio mobilizazioari. Alderdiak argudiatu du salbuespen legediak iraun bitartean euskal presoen eskubideen «ateak itxita» daudela: «Gizarteak zenbat eta giltza gehiago izan, orduan eta gehiago itxiko dira zauri mingarriak». Horrek, era berean, bakea eta normalizazio eskuratzeko «aukera berriak» sortuko dituela uste du alderdiak.