Aberri Eguna

EH Bilduk dei egin du berdinen euskal errepublikaren alde «batuta» lan egitera

Koalizio subiranistaren arabera, 15.000 lagun elkartu dira Iruñean egin duten manifestazioan. Otegik adierazi du, nazioarteko «testuinguru nahasian», euskaldunak aukera baten aurrean daudela.

14882901
EH Bilduren manifestazioa, gaur, Iruñean. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko apirilaren 20a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriaren ezaugarriak nazioartetik datozen mehatxuei aurre egiteko antidoto direla defendatu du EH Bilduk Aberri Egunean. Askatasunaren nazioa gara lelopean, koalizio subiranistak milaka lagun elkartu ditu Iruñean —15.000, euren arabera—, eta Arnaldo Otegi idazkari nagusiak eskua luzatu die «Euskal Herria naziotzat duten guztiei» berdinen euskal errepublikaren alde lan egitera.

Manifestazioa Golem zinema aretoetan hasi da, eta Antoniutti parkean amaitu, euri ahul baten azpian. Han eman du hitzaldia Otegik. Adierazi duenez, nazioarteko «testuinguru nahasian», aukera baten aurrean dago Euskal Herria. «Gauza handiak egin dituen herri txiki bat gara, eta une honetan adimentsuak izan behar dugu gure nazioaren subiranotasuna eskuratzeko».

Arnaldo Otegiren hitzaldia, gaur, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE
Arnaldo Otegiren hitzaldia, gaur, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE

Metafora bat baliatuta, esan du gailurrera igotzeko, lehendabizi, kanpamentu nagusira iritsi behar dela, eta bide hori batasunetik egin nahi duela EH Bilduk. Horretarako gonbita egin die Euskal Herria naziotzat duten guztiei, ez alderdi politikoei soilik, baita sindikatuei eta gizarte eragileei ere. «Gaurkoa ez da abertzaleok elkarri kritikatzen ibiltzeko eguna, elkarrekin ospatzekoa baizik. Hori iraina euren praktiko politiko bihurtzen dutenei uzten diegu», azpimarratu du Otegik.

Bere hitzaldian, idazkari nagusiak eskerrak eman dizkie gazteei —asteon Ernairen topagunean izandakoek bat egin dute manifestazioarekin—, «ez baitago askapen prozesurik gazteak ez badira bide horretara gehitzen».

Iraganari ere egin dizkio erreferentziak, eta azpimarratu du gaur egun Euskal Herriak nazio izaera mantentzen duela memoria historikoa aldarrikatzen delako, eta hamarkadetan zehar milaka langilek herriaren alde lan egin dutelako. «Gaur aberria eraikitzeak esan nahi du langileen gehiengoaren interesak defendatzea».

Amaieran, gogoan izan ditu duela 50 urte fusilatutako Txiki eta Otaegi. «Batzuek pentsatu zuten erroak moztuz gero honek ez zuela fruiturik emango, baina oker zebiltzan. Pasta horrekin eginda gaude, eta berriz errepikatuko dugu: inork ez du herri hau geldituko, inork ez du geldituko berdinen errepublika bat sortzeko euskal herriaren borroka, inork ez du udaberria oztopatuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.