Bilduk salaketa jarri, epaileak hori artxibatu, eta EH Bilduk errekurtsoa aurkeztu. Ibilbide bera izan dute Bidegi auziko bi kereilek: Bilduk salaketa jarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundian zenean, 2014an, Bidegiko buru batzuen eta haiek kontratatutako enpresetako arduradunen kontra. Leporatu zien AP-1 autobideko lanetan diru publikoa bidegabe erabiltzea, eta guztira 13,7 milioi euroko iruzurra egitea. Bi kereila aurkeztu zituen: Arrasate-Eskoriatza zatiko lanengatik lehenbizikoa, eta Eskoriatza-Arbalan partekoengatik bigarrena. Lehenbizikoa da mintzagai oraingoan: otsailean Azpeitiko Instrukzioko 2. Epaitegiak artxibatu egin zuen, behin-behinean; gaur, berriz, EH Bilduk jakinarazi du errekurtsoa jarriko duela erabaki horren aurka: «Txosten independenterik gabe ezin da itxi».
Epaileak bi txosten kontrajarri aztertu ditu erabakia hartzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zituen biak: lehenbizikoa Bilduren gobernuak eskatuta egin zuen enpresa batek, eta bigarrena EAJ eta PSE-EE diputazioan zirenean aurkeztu zuten. «Epaian esaten denez, peritu txostenen artean dauden kontraesanek ez dute biderik ematen eginbide hauekin jarraitzeko, izapide laburtuen bidez», dio koalizio abertzalearen oharrak. Gehitu du hori gertatu dela «peritu txosten independente bat falta» delako. Hau da, txosten «inpartzial bat», hirugarrena.
Hortaz, EH Bilduk uste du «obren kostua gehiegizkoa izan ote zen ebatziko duen» txosten hori «beharrezkoa» dela. «Azken batean, gipuzkoarrek egia jakiteko duten eskubidea bermatzeko, txosten independenteak ezinbesteko ekarpena egingo luke», gehitu dute.
Lehenbiziko kereila hartan hiru lagun salatu zituzten: Agustin Zugasti Bidegiko zuzendari tekniko ohia, Eptisa-Cinsa ingeniaritzako arduradun bat, eta Laurena aldi baterako enpresa elkarteko bertze bat —enpresa elkarte horrek eraiki zuen autobidea—. Aldundiak salatu zuenenez, agiriek erakusten zuten Basagoitiko lur biltegia beteta zegoela, baina ez zen hala, eta, gainera, lur mugimenduei buruzko agiriak ere okerrak ziren. 3,4 milioi eurokoa da ustezko iruzurra. Salatu zuten zati horretako tuneletako lanak egin gabe 10,3 milioi ordaindu zituztela.
Bigarren kereila, zabalik
Bidegi auziko bigarren kereilan, bost lagun salatu zituen aldundiak, Eskoriatza eta Arlaban arteko zatian egindako lanengatik: Bidegiko hiru arduradun —tartean erakundeko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti— eta Eurostudios ingeniaritza enpresako buru bat, eta OHL eta Ferrovial enpresa eraikitzaileek lanotarako eratu zuten taldeko beste bat. Aldundiak adierazi zuenez, diru publikoko 17,1 milioi euro oker erabiltzeagatik eta tuneletako lanen ordainketetan dokumentuak faltsutzeagatik izan zen salaketa.
Kasu hori behin-behinean artxibatu zuen Azpeitiko Instrukzioko 2. Epaitegiak iazko irailean, eta uko egin zion fiskaltzak eta herri akusazioak eskatutako ikerketa independentea egiteari, garestiegia zelakoan; astebete beranduago, EH Bilduk errekurtsoa aurkeztu zuen erabakiaren aurka. Helegite hori partzialki onartu zuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, eta atzera bota zuen kasua artxibatu izana. Gainera, peritu ikerketa independente bat eskatu zuen.