EH Bilduren Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako idazkaritzak osatzeko zerrendek bilkideen babesa jaso dute, lauretan %93tik gorako babesa lortuta. Nafarroako Mahai Politikoko ordezkariak ere aukeratu dituzte; gainerako lurraldetan, baina, datozen asteetan egingo dituzte prozesu horiek.
Nafarroan, Idazkaritzarako hautagaitzak bilkideen %95,35en babesa jaso du. Hala, Miren Zabaleta arduradun politikoarekin eta Laura Aznal Nafarroako Parlamentuko eledunarekin batera, lurralde hartako batzorde eragileko kide izango dira Haritz Romeo (Eraketa), Tomas Azpiroz (Politika Instituzionala), Lola Eslaba (Udalgintza) eta Lohizune Amatria (Komunikazioa). Azken lekua erabakitzeke dago, arduradun politikoaren ondokoarena. Izendapen hori Zabaletaren esku dago.
Mahai Politiko berrirako hautagaitzaren inguruko bozketa ere egin dute. Idazkaritzako kideez gain, Mahai Politikoan izango dira Adolfo Araiz eta Arantxa Izurdiaga parlamentariak, Bel Pozueta diputatua, Garbiñe Bueno Iruñeko zinegotzia, Lur Albizu Sortuko ordezkaria eta Xebe Txoperena EAkoa.
Arabako Mahai Politikoaren proposamenak %95eko babesa jaso du. Xabier Goikuria (Politika Instituzionala), Andrea Ferrer (Eraketa), Unai Gotxi (Udalgintza) eta Rebeka Martinez de Compañon (Komunikazioa) hautatu dituzte Idazkaritza osatzeko. Aurretik, leku bana baieztatua zuten Ibon San Saturnino arduradun politikoak eta Eva Lopez de Arroiabe Arabako Batzar Nagusietako eledunak ere.
Gipuzkoan, berriz, botoa eman duten bilkideen %96,12ren babesa jaso du lurralde horretako Mahai Politikoak egindako proposamenak. Nekane Zinkunegi Gipuzkoako arduradun politikoaren eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako Batzar Nagusietako eledunaren alboan izango dira aurrerantzean Zelai Amenabarro (Politika Instituzionala), Lore Agirre (Eraketa), Jon Zulueta (Udalgintza) eta Saioa Rodriguez (Komunikazioa).
Bizkaiko proposamenak jaso du babesik txikiena: %93,5. Hauek izango dira Idazkaritzako kideak: Nahia Sanz arduradun politikoa, Iker Casanova Bizkaiko Batzar Nagusietako eleduna, Oskar Lorenzo (Udalgintza), Mikel Totorika (Eraketa), Izaskun Duque (Politika Instituzionala) eta Kepa Petralanda (Komunikazioa).
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere Mahai Politiko bana osatzearen alde egin dute bilkideek, eta datozen asteetan egingo dituzte kideak aukeratzeko prozesuak. Era berean, Hegoaldeko lau hiriburuetako arduradun politikoak hautatzeko bideari ere ekingo diote. Hain zuzen, arduradun horiek lurraldeetako idazkaritzetako kide izango dira, eta, ondorioz, baita mahai politikoetako kide ere.