Bizkaiko aurrekontua %3 handituko da datorren urtean

Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek datorren urterako aurrekontu proiektua onartu dute. Araban, EH Bilduk berretsi du «guztiz prest» dagoela aurrekontuak negoziatzeko; hogei neurri biltzen dituen proposamen bat igorri dio Ramiro Gonzalezi.

Elixabete Etxanobe eta Itxaso Berrojalbiz, gaurko agerraldian. BFA
Elixabete Etxanobe eta Itxaso Berrojalbiz, gaurko agerraldian. BFA
aitor biain
2024ko urriaren 31
16:10
Entzun

Bizkaian, babes nahikoa dute EAJk eta PSE-EEk 2025eko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Baina Elixabete Etxanobe diputatu nagusiak esan du oposizioko alderdiekin negoziatzeko prest dagoela, akordio «zabalena» lortzeko helburuarekin. Bizkaiko Aldundiak gaur aurkeztu du bere proiektua: 1.600 milioi euro baino gehiago gastatu nahi ditu datorren urtean. Hirugarren urtez marka berri bat ezarriko du hala. Aurtengo aurrekontua baino %3 handiagoa baita 2025ekoa.

Etxanobek adierazi du lurraldeko erakunde guztiei baliabideak bermatuko zaizkiela, eta lurralde kohesioa sustatzeaz gain behar gehien duten herritarrak ere babestuko dituela. Izan ere, aurrekontu osoaren ia erdia (%44,4) Gizarte Ekintzara bideratuko da, hots, ia 730 milioi euro, aurten baino %5,5 gehiago. Diru gehien jasoko duen beste sail nagusia Azpiegiturak eta Lurralde Garapena da; horrek 246,7 milioi jasoko ditu, aurten baino %1,5 gehiago.

Gainerako sail guztiek ere aurten baino diru gehiago izango dute gastatzeko, Garraio, Mugikortasun eta Turismo alorrak izan ezik; sail horrek 208 milioi euroko aurrekontua izango du guztira, %0,5 txikiagoa. Etxanok adierazi du, halere, diru banaketa «ondo orekatuta» dagoela arlo guztietan, eta azpimarratu du «gizartearen beharrizanei eta lurraldearen kohesioa mantentzeari begira» ondu dela.

Inbertsioei dagokienez, bi dira nabarmentzekoak: itsasadarraren azpian eraiki nahi den errepidearena eta Urdaibaiko Guggenheim eraiki aurretik egin beharreko lanena. Udalen finantzaketa ere %3,4 handituko da, 1.170,1 milioi euroraino. «Inoiz bideratu den kopururik handiena» dela gogorarazi du Itxaso Berrojalbiz Ogasun diputatuak. Espainiako Estatuari 630 milioi emango dizkio kupoarengatik, ia %2 gehiago. Eta zorra ordaintzeko, 250 milioi erabiliko ditu, %1 gehiago.

Gipuzkoan, aurten bai, oposizioko alderdiren batekin akordioa lortuko duela ziur da Eider Mendoza ahaldun nagusia. Baita zerga erreforma ere. EH Bildurekin hitzartu zuen zerga erreformaren testu nagusia, baina gogorarazi du gainerako taldeetako batek ere ez zuela aurka bozkatu. Beraz, «ate guztiak» zabalik daudela nabarmendu du Mendozak: «Ziur nago alderdi politiko baten konplizitatea topatuko dugula».

Gipuzkoan, «konplizitate» bila

Gipuzkoan, berriz, aldundiak gaur onartu du 2025eko aurrekontu proiektua: 1.218 milioi euro gastatzea espero dute datorren urtean, aurten baino ia %9 gehiago, hau da, ia 97 milioi gehiago. «Ongizatean hazten jarraitzeko» aurrekontu egokiak direla azpimarratu du diputatu nagusiak. Hiru ardatz nagusi izango dituzte aurrekontuek: pertsonen zaintza, trantsizio ekosoziala eta ekonomiaren lehiakortasuna.

Hala ere, gizarte politiketara «inoiz baino diru gehiago» bideratuko dela nabarmendu du Mendozak: 534 milioi euro, hots, aurrekontu osoaren ia erdia. Diru gehien jasoko duen beste saila Bide Azpiegiturena da: 128 milioi euro, aurreko urtean baino hamazazpi milioi gehiago. Mugikortasun Sailak, berriz, 93,7 milioi euroko aurrekontua izango du, 2024an baino 10 milioi gehiago.

«Ziur nago alderdi politiko baten konplizitatea topatuko dugula»

EIDER MENDOZAGipuzkoako diputatu nagusia

Aldundiak 256 milioi euro bideratu ditu inbertsioetara; horien artean daude, besteak beste, Mubil, Adinberri edo Ziur. Udalen finantzaketara 680 milioi bideratuko dira, eta Espainiako Estatuari 421 milioi euro emango dizkio kupoarengatik.

EH Bildu «guztiz prest» Araban

Arabako Aldundiak azaroaren 15a baino lehen lortu nahi du aurrekontuak babestuko dituen bazkidea, eta atzo Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak oposizioko alderdiei eskatu zien proposamen «zehatzak» aurkezteko. Bada, EH Bilduk igorri dio jada berea, eta negoziatzeko «guztiz prest» dagoela berretsi dio gaur ostera. Eva Lopez de Arroiabe koalizio subiranistak Batzar Nagusietan duen bozeramaileak adierazi du ez dutela «marra gorririk» jarriko, baina premiazkotzat jo du lurraldearen beharrei ahalik eta azkarren heltzea.

Hiru aldundien eta Jaurlaritzaren aurrekontuak modu bateratuan negoziatzeko EAJri eta PSEri egindako eskaintzari lotuta ondu du proposamena Arabako EH Bilduk. Lurraldearen beharretara egokitu du, halere, Xabi Valdor batzarkideak prentsaren aurrean adierazi duenez. Proposamenak hogei neurri biltzen ditu, eta ardatz gisa ditu etxebizitza politika, zaintza eta trantsizio ekosoziala. Horrez gain, tokiko erakundeen finantzaketari eta lehen sektoreari buruzko hainbat neurri ere proposatu ditu. Koalizioak, ordea, ez du kopuru zehatzik jarri nahi mahaiaren gainean oraingoz, eztabaidari aldez aurretik aterik ez ixteko.

Jeltzaleek eta sozialistek PPrekin hitzartu zuten ekainean 2024ko aurrekontuak osatzeko Foru Arauaren proiektua, baita azkeneko zerga erreforma ere, 2018an. Horrek eraginik izan dezakeen galdetuta, ezezkoan da Lopez de Arroiabe, eta ohartarazi du gizarteak ere ez lukeela ulertuko, gainera. EAJrekin eta PSErekin neurri asko partekatzen dituela adierazi du EH Bilduko eledunak, eta Gasteizko Udalean eta Nafarroako Gobernuan lortutako akordioak jarri ditu horren adibide gisa.

Aurreko astean izan zuten lehen hartu-emana aldundiarekin, eta datorren astean elkartuko dira berriz. Elkarrizketa horietan, dena den, zerga erreforma ere hizpide izan beharko dutela iritzi dio Lopez de Arroiabek, aurrekontuei lotuta doalako: «Zaila izango litzateke aurrekontuei buruz negoziatzea eta erreformaz ez hitz egitea. Hala ere, gu akordioetara heltzeko prest gaude», azpimarratu du.

«Zaila izango litzateke aurrekontuei buruz negoziatzea eta zerga erreformaz ez hitz egitea»

EVA LOPEZ DE ARROIABEEH Bilduren eleduna Arabako Batzar Nagusietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.